ZINEBIK AZAROAREN 14AN INAUGURATUKO DU BERE 56. EDIZIOA, CECILIA ROTH ANTZEZLEARI EMANGO ZAION OHOREZKO MIKELDIAREN BANAKETAREKIN ETA DUELA DENBORA GUTXI BERRIZTATU DEN 1965EKO FILM LABUR BATEN EMANALDIAREKIN. FILM HORREK, MILAKA UME BIZKAITARREK VILLARCAYOKO KOLONIETAN IGAROTAKOA DOKUMENTATZEN DU

Horrez gain, Zinemaldiaren Ohorezko bigarren Mikeldia jasoko duen, eta Canneseko Zinemaldiaren azken edizioan saria jaso zuen “De tal padre, tal hijo” (2013) filma aurkezteko ikus-entzuleekin topaketa izango duen Kore Eda zuzendari japoniar handia ere Bilbora etorriko da.

29 herrialdetako 65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, lehiaketan parte hartzen duten hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean Estatuko 18 ekoizpen lan daude, eta horietatik 7 euskal zinegileek egindakoak dira.

“Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioan, ZINEBI 56k azken denboretan egindako hamar euskal ekoizpen lani eskainiko die arreta, horien artean, hiru musika talde enblematikoren ibilbidea aztertzen duten hiru dokumental: AZAROAREN 20an Campos antzokian estreinatuko den El Consorcio taldeari buruzko “No soy yo, eres tú”, eta Doctor Deseo edo Eskorbuto taldeei buruzkoak.

Zinemaldiak, NAZIOARTEKO EPAIMAHAIKO kide diren zinegileen lan azpimarragarrienen erakusketa eskainiko du. Kideak hauek izango dira: Alberto García Ferrer (Argentina), Carlos Balagué (Espainia), Ingrid Mwangi (Kenia), Olga Pärn (Bielorrusia) eta Jon Sistiaga euskal kazetaria.

Euskadiko ikus-entzunezkoen alorrean garrantzia hartzen ari diren zinegileen lana aztertzera eta sustatzera bideratutako #Zinergentziak 14 zikloaren barruan, film-performance bat eta zinemaldiak berak ekoiztutako film kolektibo bat estreinatuko dira.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) azaroaren 14an –arratsaldeko 20:00etan– zabalduko ditu bere 56. edizioaren ateak Bilboko Arriaga Antzokian, Zinemaldiaren Ohorezko Mikeldietako bat jasoko duen Cecilia Roth antzezle argentinarrari eskainiko zaion omenaldiarekin, bere pertsonaiak aukeratzeko orduan intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsi dituelako.

Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia, nazioartean ospe handia eta sari asko lortu dituen Hirokazu Kore-Eda zinegile eta gidoilari japoniarrari emango zaio, bere filmografiaren originaltasuna, bere filmek inspiratzen duten konpromiso humanista eta egungo zine panoraman betetzen duen leku pertsonala eta garrantzitsua aitortuz. Kore-Edak AZAROAREN 19an jasoko du saria, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Guggenheim museoaren auditorioan, Canneseko Zinemaldian Epaimahaiaren Saria lortu zuen “De tal padre, tal hijo” (2013) film luzea proiektatu aurretik.

65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (30), dokumentala (17) eta animazioa (18). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean Estatuko 18 daude, eta horietako 7 euskal zinegileek egindakoak dira. Ohikoa denez, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira, Arriaga Antzokian. Hauek dira: “Soroa”, Asier Altunarena (fikzioa), “A serious comedy”, de Lander Camarero (fikzioa), “Anómalo”, de Aitor Gutiérrez (fikzioa), “Peter Hollywood”, de Ibon Antuñano (dokumentala), “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa”, María Elorza, Maider Fernández eta Aitor Gametxorena (dokumentala), “Hubert Le Blonen azken hegaldia”, Koldo Almandozena (animazioa), ta “Tempo inverso”, Gregorio Muro eta Mikel Murorena (animazioa).

AZAROAREN 21ean jakinaraziko den ZINEBIren palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak, Euskal Zinearen Sari Nagusiak, Espainiar Zinearen Sari Nagusiak, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusiak, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiek, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan. Horrez gain, jaialdiak sari ez ofizial hauek ere izango ditu: Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Film Hoberenarentzako ematen duen Saria, 1.200 euro dituena eta Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorean euskararen erabilera sustatu nahi duena; SGAEk eta Euskadiko Gidoilarien Elkarteak Euskadiko bi gidoi hoberenei ematen dieten Saria, 1.500 eurorekin; eta Ikus-entzuleen Saria (EITBk emandakoa), hori ere 1.500 eurorekin.

Sekzio Ofizialeko Sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Alberto García Ferrer ekoizle eta kritikari argentinarra, Asociación de Televisiones Educativas y Culturales Iberoamericanas izenekoaren Idazkari Nagusia; Carlos Balagué zinegile, kritikari eta saiakeragile espainiarra, Ingrid Mwangi multimedia artista keniarra, Olga Pärn zinegile bieloerrusiarra eta Jon Sistiaga euskal kazetaria. Jon Sistiagak “La Mara vida” bere azken dokumentala estreinatuko du jaialdiaren barruan, Hondurasen ari diren banda kriminalen indarkeriak eragindako egoera latzaren kronika gogorra. Lan hori Kale Nagusiko BBK Aretoan eskainiko da, AZAROAREN 17an, arratsaldeko 20:00etan.

SEKZIO PARALELOAK

Sekzio Ofizialeko film laburrez gain, ZINEBIk, lehiaketakoak ez diren zenbait erakusketa programatu ditu, InfoEuskadi, InfoSpain eta InfoWorld. Horiek ere Bilboko Golem Alondegiko zine aretoetan emango dira, eta horretarako Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko 70 film aukeratu dira.

Sekzio paraleloen barruan, edizio honetan, #Zinergentziak 14, Premiak eta larrialdiak euskal ikus-entzunezko garaikidean izenekoa azpimarratu behar da. UPV-EHU-ren laguntza duen ziklo hau, premia eta larrialdi kontzeptuetan oinarrituz, euskal ikus-entzunezko garaikidean ari diren zinegile gazteenen lanen azterketa proposatzen duten lau programak osatzen dute. Lan horien guztien helburua zinea egiteko, ikusteko eta zineari buruz berba egiteko moduen aurka agertzea eta goitik behera aldatzea da.

Erakusketak erabateko estreinaldi bi jasotzen ditu: Sra. Polaroiska Kolektiboak (María Ibarretxe eta Alaitz Arenzana) eta Víctor Iriartek sortutako “All about the Birds” film-performancea, eszenan jartzeari eta ikus-entzuleak betetzen duen lanari buruzko gogoeta bitxia; eta, zazpi zinegile gaztek egindako “Errautsak (Cenizas)” film kolektiboa ere ikusi ahal izango da, iragana, orainaldia eta etorkizuna uztartzen dituen lana, haustura, emantzipazioa eta garaiarekin konpromisoa erakusten duen diskurtso artistikoan.

“Delante de nuestros ojos, detrás de esa pared. El cine ‘povero’ de José Celestino Campusano” izenburuarekin, ZINEBI 56k zinegile argentinar horren lan harrigarria aurkeztuko du lehen aldiz gure herrialdean. Erakusketak zinegilearen hiru film esanguratsuenak ekarriko ditu. Bertan, Buenos Aires Handia probintziako zenbait komunitate txiroren oso erretratu bizia osatzen duten lanetan, modu bikainean islatzen den borondate etikoak eta estetikoak gidatutako zine idearioa duen zinegilea erakusten zaigu. José Celestino Campusanoren zine ‘povero’ (pobre) horren erakusgarri, Bilboko Alondegian lan hauek eskainiko dira: “Vil romance” (2008), “Fango” (2012) eta “Fantasmas de la ruta” (2013).

Jaialdiko sekzio paraleloen barruan, baita ere, “Gertuko irudiak. Fikzioaren, dokumentalaren, animazioaren eta eleberri grafikoaren arteko loturak” erakusketak, Animaziozko dokumentala izenekoari buruzko gogoeta proposatzen du. Genero hibrido horren barruan, ikuspegi komertzialetik eta kritikaren aldetik arrakasta azpimarragarria jaso duten zenbait film egin dira azken garaietan. Horrela, jaialdiak, film laburrez osatutako bi saio eta film luzeek osatutako beste bi programatu ditu. Ziklo honetarako aukeratu diren film luzeen artean hauek azpimarratuko ditugu: “Crulic, the Path to Beyond” (Errumania – Polonia, 2011. Ani-Dok. 73 min), 2012an Annecy Jaialdi ospetsuan Kristal Saria irabazi zuen Anca Damian zinegile errumaniarrarena, eta “Alois Nebel” (Txekiar Errepublika, 2011. Ani. 84 min.), izen bereko eleberri grafikoan oinarritutako Tomáš Luňáken lana.

BEAUTIFUL DOCS

Programazioaren barruan bere nortasun zeinu historikoetako bat, film luze dokumentala, izan denaren presentzia finkatzeko asmoz, jaialdiak, duela denbora gutxi egindako hamaika film aukeratu ditu “Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama”, izeneko ziklorako. 13 herrialdetatik etorritako lanak dira, oso gai eta lengoaia anitzak erabiltzen dituztenak, eta kasu batzuetan, genero horretako nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan sariak irabazitakoak.

Ukrainako Errusiarren aldeko gobernuaren kontra duela denbora gutxi egin den altxamendu zibila, modernitatearen tenplu berri bilakatu diren nazioarteko museo handietatik igaroz; erbestean dauden youtuber siriar gazteak eta amaierarik gabeko gerra zibila jasaten ari den euren herrialdeari buruz egin dituzten filmazioak; edo Israelen okupazioaren kontra borrokatzeko taktika gogorrez prestatzen diren Hamaseko gazte palestinarrak dira ziklo honetan ikusi ahal izango ditugun gaietako batzuk. Horrez gain, emigrazioa, futbol partidu bat mugimendu iraultzaile baten aurrekari gisa, barruan daraman nortasunarekin munduan izateko eta egoteko borrokatzen den transexual baten bizitza edo 2012an Asturiaseko meategi guneetan izandako protestak ere izango ditugu.

Horien guztien artean azpimarragarriak dira Frederick Wiseman zinegile frantses handiaren “National Gallery” (2014) lana, museo handiek egungo masa kulturan betetzen duten lekuari buruzko gogoeta, eta “Maidan” (2014), Kieveko Errusiaren aldeko erregimenaren kontra ukrainarrek izandako altxamenduaren kronika zirraragarria. Bi dokumental horiek Canneseko Zinemaldiaren azken edizioan hartu dute parte.

Beste alde batetik, aurreko edizioetan egin den bezala, ZINEBI 56k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Aurten 10 lan aurkeztuko dira, guztiak ere dokumentalak, eta horien artean aipamen berezia merezi du “No soy yo, eres tú” (Iban Gaztanbide. Euskadi, 2014. 90 min.) film luzearen estreinaldiak. Lan hori, El Consorcio taldeko kideek izan duten ibilbide pertsonal eta profesional luzera egiten den hurbilketa intimoa eta korala da. El Consorcio musika taldea, Mocedades eta Sergio y Estibaliz taldeetatik sortu zen. ZINEBIk Campos Antzokian estreinatuko du dokumentala, AZAROAREN 20an (20:00etan), zineak eta zuzeneko musikak eszenatokian bat egingo duten ikuskizunean.

Sekzio horren barruan, musika banda mitikoei eskainitako beste bi lan azpimarratu behar dira: “Las más macabras de las vidas” (Kikol Grau. Euskadi, 2014. 45 min.) 80ko hamarkadako filmetako eta albistegietako irudien bitartez, Eskorbuto taldea errebeldiaren enblema bilakatu zen garaia erakusten da; “Doctor Deseo: Busco en tus labios” (Carlos Iglesias / Xabier Aguirre. Euskadi, 2014. 58 min.) lanak, Bilboko pop-rock talde beteranoaren ibilbidea, musikaren inguruan dituen ideiak eta eszenan jartze bitxia jasotzen ditu. Doctor Deseo taldeak kontzertua eskainiko du AZAROAREN 15ean, Kale Nagusiko BBK Aretoan, filmaren amaieran.

NOSTALGIAZ BETETAKO BEGIRADAK

Euskaditik zuzendutako begirada horiei, nolabaiteko nostalgia ukitua duten beste bi gehituko zaizkie. Helburua, Euskadiko, eta batez ere Bilboko, ikus-entzunezko ondarean oso gutxi ezagutzen diren edo ahaztuta dauden lanak berreskuratzea eta ikus-entzuleen esku jartzea da, eta horretarako balio dokumental handiko bi film labur aurkeztuko dira, Euskal Filmotekaren eta Kataluniako Filmotekaren laguntzarekin.

Horrela, ZINEBI 56ko inaugurazio ekitaldian, José Luis Viloriak zuzendutako “Vivir un sueño” (1965) film laburra eskainiko da, Euskal Filmotekaren laguntzari esker berreskuratua. Bertan, Bilboko eta Bizkai osoko milaka umek Villarcayoko (Burgos) kolonietan igarotakoa erakusten da. Filmaren aurretik, garai hartako NO-DO-aren pieza laburra eskainiko da. Bertan, hiru urte lehenago Carmen Polok, Francisco Franco diktadorearen emazteak, udaleku horiek inauguratu zituela jakinarazten da.

ZINEBI 56ri amaiera emateko, Arriaga Antzokian, baita ere, Raúl Peña zinegile beteranoak 1961ean egindako “Más allá de Bilbao” lana eskainiko da. Zinegileak berak hartuko du parte Itsasadarrari eta garai hartako Bilboko hiriguneei buruzko koloretako lehenengo erretratutzat har daitekeen berreskuratutako lan honen aurkezpenean. Garai hartan egile zine izenez ezagutzen zen moduan egindako saiakera da, hiriaren zenbait alderdi azkartasunez eta estilo poetikoa erabiliz irudikatzeko: industria, portua, zeru itxia, itsasadarra, Abra, kaleak… guztia ere, bertako jendearen lanerako izpirituan oinarrituz. Film hori, egin zen urte berean estreinatu zen, garai hartan Festival Internacional de Cine Documental Iberoamericano y Filipino de Bilbao izena zuen jaialdian, egungo ZINEBIren aurrekari historikoan.

PRESTAKUNTZA ETA TRUKAKETA

Ikuspuntu didaktikoagotik eta esperientziak trukatzearekin erlazionatuta, jaialdiak, Madrilgo Goethe Institutuarekin eta Simone de Beauvoir talde feministarekin elkarlanean, gure artean oso gutxi ezagutzen den zinegile baten bisita antolatu du. Ulrike Ottinger (Constanza, 1942) dokumentalgile alemana da, eta “Under Schnee” (2011) bere azken lana aurkeztuko du, Bokushi Suzukiren XIX. mendeko Japoniako “Elurraren herrialdeko ipuinak” lan klasikoaren eszenan jartze bisual eder eta poetikoa. Ulrike Ottingerren lanek hainbat sari jaso dituzte nazioarteko zinemaldietan, eta haiei buruzko hainbat erretrospektiba egin da. Horrez gain eszena zuzendari gisa ere aritu da antzerkian eta operan, eta margolari eta argazkilari ere bada. Hainbat erakusketa egin ditu, bakarka eta taldean.

Beste alde batetik, ZINEBI 56k lekua utziko dio bere programazioan, berriro ere, Euskadiko ikus-entzunezko produkzio alorreko ikasleei, zinegile gazteei, enpresei eta adituei zuzendutako prestakuntzako ZINEBILAB mintegi-tailerrari. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Eder Fakultatean egingo da, hiru egunez, eta helburua, aipatutako “Gertuko irudiak. Fikzioaren, dokumentalaren, animazioaren eta eleberri grafikoaren arteko loturak” zikloak sortzen dituen zenbait gai garrantzitsuri buruz gogoeta egitea eta eztabaidatzea da.

Aurten ere, ZINEBIGELA sekzioaren barruan, ZINEBIk goizeko saioak eskainiko ditu Golem-Alondegiko zine aretoetan. Saio horietan, Bilboko ikastetxeetako umeek, eurei zuzendutako nazio eta nazioarte mailako azken lanez gozatzeko aukera izango dute. Aurten lan hauek eskainiko dira: “El extraordinario viaje de Lucius Dumb”, “Tarzán”, “Zipi y Zape y el club de la canica” eta “El pequeño mago”.

Kartelerari, ordutegiei, prezioei eta beherapen bereziei buruzko informazio guztia zinemaldiaren webgunean dago jada: www.zinebi.com

 

 

 

 

 

 

 

 

 
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ZINEBI 56k, lehen aldiz gure herrialdean, José Celestino Campusano argentinarrak zinean egin duen lana aurkeztuko du. Bilbora etorriko da, bere cine povero (pobrea) bitxi eta zirraragarriaren hiru film esanguratsuenetakoak aurkezteko.