Jaialdiak nazioartean ibilbide luzea duten ikuskizunak ere programatu ditu, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren azterketa artistikoa den bakarkako dantza lana Bilbora ekarriko duen Arkadi Zaides koregorafoaren “Archive”, besteak beste.
Bilboko Udalak antolatzen duen eta urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko den BADek – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, erabateko lau estreinaldi eskainiko ditu Campos Antzokian, Sandra Gómez, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza eta Pablo Fidalgo artisten eskutik. Horrez gain, BADek lekua gorde du nazioartean ibilbidea duten ekoizpen lanetarako, Arkadi Zaides koreografoaren “Archive” edo Juan Domínguezen “My Only Memory” lanetarako, adibidez. Azken horrek irekiko du Campos Antzokiko Kupula Aretoko programazioa urriaren 18an, 21:00etan.
BADek zazpi ikuskizun programatu ditu Campos Antzokian, horietako lauen erabateko estreinaldia. Estreinaldien artean, Sandra Gómezen “Todo por los aires” –Circula 2018 jaialdian Valentziako konpainia gisa aukeratutakoa–, dago, ikusmenetik entzumenerako eta entzumenetik ikusmenerako bidean soinua eta argia eskaintzen duten giroen narraziorako eta sorkuntzarako aukeren azterketaren bitartez gorputz batek eszenan duen zentralitateari uko egitea eta bertan behera uztea planteatzen duen dantza-performance ariketa. Dantza garaikidean oso prestakuntza zabala duen Sandra Gómez gorputzean eta mugimenduan zentratutako proiektuetan ari da lanean 2012tik. Aurreko egunean bere lanarekin erlazionatutako tailerra emango du.
Bigarren estreinaldia urriaren 21ean izango da, Arabako Blanca Arrieta koreografo eta dantzariaren “Despacio. Una serie de aproximaciones sucesivas” sorkuntza lanarekin. Azken hiru urteetan konpainiak gorputzaren eta espazioaren arteko barne eta kanpo erlazio konplexuei buruzko zenbait proposamen koreografiko garatu ditu. Denbora tarte horretan estreinatutako lanak “Sujetos” (2016) eta “Despacio” (2017) izan dira. “Despacio. Una serie de aproximaciones sucesivas”, lan horretan sakontzen jarraitzeko xedez sortu da.
Campos Antzokiak Isaak Erdoizaren MASA jasoko du urriaren 27an. Lan horrek BADen laguntza du, Bilboko Udalak sorkuntza eszenikoari laguntzeko urtero deitzen duen “Artistak Egoitzan” programaren azken edizioan aukeratutako egitasmoetako bat baita. Abadiñoko Isaak Erdoiza dantzari eta koreografoaren MASA, abiapuntu gisa gizonaren gorputzak duen karga sinbolikoa hartzen duen pieza eszenikoa da eta, irudikapenen eta imajinarioen elementu gisa bertan zentratuz, gorputz komunaren eraikuntza proposatzen du, norbanakoa fagozitatu eta gorputzetik haraindi eramaten gaituen paisaia sailkaezinaren parte bilakatzen den masa, materiara garamatzan bidaia.
Azkenengo estreinaldia Pablo Fidalgo galiziarraren “Anarquismos (Por el medio de la habitación corre un río más claro)” da, BADen eta Portugalgo, Frantziako eta Galiziako beste jaialdi eta antzoki batzuen arteko ekoizpen lana. Anarkiari eta disidentziari buruzko performance horrek, korrontearen kontra joateko ahalegina egingo duten historiarik eta nortasunik gabeko hiru gorputz biluzi jarriko ditu eszenan.
DANTZA ETA INDARKERIA
Campos Antzokiko programazioa BADen barruan Euskadira helduko diren beste proposamen batzuekin osatuko da, Juan Domínguezen “My Only Memory” –BADen partaidetza duen ekoizpena– eta Arkadi Zaides koreografoaren “Archive” bakarkako dantza lana, mundu osoko jaialdietan parte hartu duen eta Israelen kritikak eragin dituena, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren azterketa artistikoa proposatzen baitu. Azken lan horretan dantza eta urte luzez Cámara B´Tselem Proiektuko boluntarioek grabatutako indarkeria irudiak nahasten dira. Lan hori egiteko Zaidesek 4.500 bideo ordu aztertu zituen, eta keinu horietatik guztietatik, soinu guturalez lagunduta, geopolitika gainditu eta gorroto eta indarkeria keinuen katalogo unibertsal bilakatu nahi duten esaldi koreografikoak bihurtzen duen gorputz hiztegia sortzen du.
1979an Bielorrusian jaiotako Arkadi Zaides koreografoak Israelera emigratu zuen 1990ean, baina gaur egun Europan bizi da. Zaidesek Israelgo zenbait konpainiatan egin du dantzan, horien artean Batsheva Dance Company ospetsuan edo Yasmeen Godder Dance Group izenekoan. 2004an karrera independenteari ekin zion, eta bere lanaren bitartez gai sozialez eta politikoez arduratzen da. Bere jardunbide artistikoaren xedea eztabaida kritikoa eragitea da, gorputzean kontzentratuz, gai sozialak eta politikoak zorrotzago esperimentatzen diren bide gisa.
BADek Campos Antzokian aurrera eramango duen programazioa Eva Guerreroren “El fin de las cosas” dantza garaikide piezarekin osatuko da –Ainara Legardónen zuzeneko musikarekin–. Lan hori, kaleko arteen sorkuntza bultzatzen duen eta Bilboko Udalaren partaidetza duen Karrikan plataformaren lehenengo laguntza deialdiaren irabazlea izan zen. Egunei eta ordutegiei buruzko informazio guztia jaialdiaren webgunean dago: www.badbilbao.eus