UDALAK “DANTZA PLAZETAN” PROGRAMAREN BESTE EDIZIO BAT IREKIKO DU BIHAR, BILBOKO HAINBAT BARRUTITAN ESKAINIKO DIREN BERROGEITA HAMAR ERROMERIA, DANTZA ERAKUSTALDI ETA KALEJIRA INGURUREKIN

• Bihar, urtarrilaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan, dagoeneko tradizionala den erromeria egingo da Alde Zaharreko Santiago Plazan.

Bilboko Udalak, hiriko plazatan eskainiko diren erromeria tradizionalen, dantza erakustaldien eta kalejiren bitartez euskal folklore herrikoia bultzatzeko xedea duen ‘Dantza Plazetan’ programaren hemeretzigarren denboraldia jarriko du martxan asteburu honetan, dantzariek, ikus-entzuleak jaiarekin bat egitera gonbidatzen dituzten dantza tradizionalen alderdi parte-hartzailea berreskuratuz.

Urte osoan zehar Deustuko, Ibaiondoko, Begoñako, Errekaldeko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietan banatuko diren 51 ekitaldiak antolatzeko, Bilboko Udalak hiriko zortzi dantza talderen laguntza izango du, – Salbatzaile Dantza Taldea, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai – Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Goi Alde, Beti Jai Alai eta Batasuna Arraizbide Dantza Taldea–, eta baita Deustuko Folklore Taldeak izenekoaren, 1. barrutiko taldeen koordinatzailearen, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren lankidetza ere.

Egitaraua bihar, urtarrilaren 25ean, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, ospatzen den erromeria tradizionalarekin. Otsailean dagoeneko, bi erromeria daude programatuta, 15ean, Deustuko San Pedro plazan eta 29an Santiagoko plazatxoan; horrez gain, Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeak eta Beti Jai Alaik erakustaldiak eskainiko dituzte, eta Ondalan taldeak bi kalejira egingo ditu, erraldoiekin Deustun eta San Inazion.

Arriaga plaza erromeria herrikoiaren agertokia izango da beste urte batez, ekainaren 6an, larunbatean, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik. Aurten ere Larrain Dantzaz gozatu ahal izango da Areatzan, ekainaren 13an, larunbatean, egingo den hamargarren edizioarekin. Ohikoa denez, uztaileko larunbat arratsalde guztietan, dantza erakustaldiak itzuliko dira Arriaga Plazara, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, gure hiria bisitatzen duten pertsonei gure folklorea ezagutzeko aukera eskaintzeko.

Erromerien, erakustaldien eta kalejiren egutegi osoa barrutietako kultur jarduerei buruzko Bilboko Udaleko webgunean www.kulturabarrutik.eus, edo herritarren informaziorako 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.