TXURDINAGAK ETA OTXARKOAGAK XI. MAGIA TOPAKETAK JASOKO DITUZTE MAIATZEAN. TOPAKETETAN ILUSIONISMOARI BURUZKO IKASTARO BAT ETA MINTEGI BAT EMANGO DIRA, ETA ZALEENTZAKO II. MAGIA LEHIAKETA ANTOLATUKO DA

Magia ikastaroa Imanol Ituiñok eta David Blancok emango dute. Lehenengoa, “hurbileko magia” espezialitatean gero eta garrantzi gehiago hartzen ari den gazte bilbotarra da, eta David Blancok 20 urteko esperientzia du eszenatoki gainean.

Izen emateak apirilaren 1etik 21era egin beharko dira www.bilbao.net eta www.kulturabarrutik.net/magia helbideetan

Topaketak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen ditu, eta Kultura Barrutik programaren barruan daude. Emanaldiak izango dira bi auzoetako hainbat plazatan, eta Otxarkoagako Udaltegian ere hainbat ekitaldi eskainiko dira.

 

Magiak, Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak biltzen dituen Bizkaiko hiriburuko 3. barrutia hartuko du, eta berriro ere arte horren zaleen topaleku bilakatuko da, prestidigitazioaren munduan lehen pausoak eman nahi dituztenen topaleku, batez ere. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Magia Topaketen hamaikagarren edizioa antolatu du. Maiatzean egingo dira, Txurdinaga auzoko Merkatarien Elkartearekin elkarlanean.

Programaren barruan ikastaro bat eta mintegi bat jasoko dira eta, bigarren urtez jarraian, lehenengo deialdiaren arrakasta ikusita, “Atera ezazu barruan daramazun magia” goiburua daramana zaleentzako magia lehiaketa antolatu da. Partaideak, MAIATZAREN 28an, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Horrez gain, beste emanaldi batzuk eskainiko dira kaleetan eta Udaltegian bertan. Ekimena, Bilboko barruti guztietan kultur jarduera eskaintza zabala biltzen duen Kultura Barrutik programaren barruan sartzen da. Jarduera horien artean antzerkia eta dantza emanaldiak, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta ikastaroak, arte eta argazki erakusketak, dantzaldiak, kontzertuak, kaleko bandak, tailerrak… biltzen dira.

Imanol Ituiñok eta David Blancok Otxarkoagako Udaltegian eskainiko duten magia ikastaroa, magia den arte hori hobeto ezagutzeko interesa duten 16 urtetik gorako guztiei dago zuzenduta. 16 orduko iraupena izango du, maiatzeko astelehen eta asteazkenetan eskainiko da, arratsaldeko 19:30etatik 21:30etara, eta bertan, Imanol Ituiñok eta David Blancok, ilusionismoaren oinarrizko printzipioak eskainiko dizkie bertaratutakoei, partaideek kartekin, sokekin eta bestelako materialekin jolasak egiten ikas dezaten. Halaber, ilusionismoa arte bilakatu zuten magiaren garai hobereneko magoen gertakizunak eta istorioak kontatuko dituzte. Klase horietan partaideak ikus-entzuleen aurrean egoteko konfiantza irabazten joango dira, eta truku bat aurkezteko orduan hitzak eta begiradak duten garrantziaz jabetuko dira. Izan ere, ilusionismoan tranpa guztia ez baitago trebezian, hitza eta begirada trebezia hori bezain garrantzitsuak, edo garrantzitsuagoak, baitira. Ikastaroak 25 euroko prezioa izango du.

Imanol Ituiño ilusionismoaren promesa gaztea da, “hurbileko magia” espezialitatean gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari dena. Modalitate hori ikus-entzuleengandik gertu egiten da, jende gutxiren aurrean, jolas interaktiboekin. 26 urte dituen Imanolek hainbat lehiaketa irabazi ditu. Horrela, 2008an, Almussafesen (Valentzia) egin zen nazioarteko hurbileko magia lehiaketa irabazi zuen, eta 2014an, Cacereseko Magia Kongresu Nazionalean Aretoko Magia Sari Nazionaleko bigarren saria lortu zuen. Irakaslea da Fábrica de Magos izenekoan, eta ohikoa da lehiaketetan eta kongresuetan ikustea. Leku horietan espezialista handienekin aritu da.

Mintegia David Blancok eskainiko du, eta arte eszenikoekin erlazionatutako pertsonei dago zuzenduta, izan ere, ilusionismoa, antzezle askok euren prestakuntzaren parte gisa erabili dezaketen tresna baita, ondoren antzerkian eskaini ahal izateko. Ikasleek, magiazko efektu bat aurkezteko orduan dauden antzezpen zailtasunak ezagutuko dituzte, eta eszena gainean duten ezagutzaz baliatzen erakutsiko zaie, euren aurkezpenak aberasteko, antzerkirako baliabide hori erabiliz, zuzenean edo efektu berezi gisa. 9 orduko iraupena izango du, eta maiatzaren 25ean, 26an eta 27an eskainiko da, arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara Harrobia Eskenan, Bilbo-Otxarkoagako Eszena Ekoizpeneko Berrikuntza Zentroan. 12 euroko prezioa izango du jende guztiarentzat, eta 10 eurokoa BilbaoEszenako erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat.

David Blanco, 1994an debutatu zuen eta eszenatoki gainean kontrastatutako esperientzia duen profesionala da. Sari asko lortutako artista izateaz gain, magia, antzerki eta txotxongilo ikuskizunen zuzendari, ekoizle eta aholkulari era bada, eta baita magia talde entzutetsueneko kide ere, Londoneko Magic Circle. Mundu osoan aritu izan da, eta bere ikuskizunak bost hizkuntzatan eskaintzen ditu.

Ikastaroan eta mintegian parte hartzeko izen emateak apirilaren 1etik 21era egin beharko dira, biak barne, www.bilbao.net udal webgunearen bitartez.

II. MAGIA LEHIAKETA
Magia Topaketek Zaleentzako Magia Lehiaketa antolatuko dute bigarren urtez jarraian. “Atera ezazu barruan daramazun magia” goiburua eramango du, eta profesional izan barik, eszenatoki baten gainean magia efektu edo trukuren bat egiteko adina ezagutza eta praktika duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek hartu ahal izango dute parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena duen bideoa bidali beharko dute, gutxienez bi magia efektu erakutsiz, www.kulturabarrutik/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea maiatzaren 1etik 17ra bitartekoa izango da.

Aukeratutakoek, MAIATZAREN 28an, arratsaldeko 19:30etan, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide hoberenei, Txurdinagako Merkatarien Elkartearen laguntzari esker. Gainera, aurten, ekitaldiak, iaz lehiaketaren lehen irabazlea izan zen Roberto Madariagak ekitaldi horretarako berariaz prestatu duen emanaldia jasoko du. Izan ere, lehen saria lortzen duenak, hurrengo urteko Magia Topaketetan parte hartzeko aukera ere jasotzen baitu.