TOKIKO ARTISTEN HIRU PROIEKTUK JASOKO DITUZTE BILBOKO UDALAK, ANTZERKIAREN ETA DANTZA GARAIKIDEAREN ALORREKO SORKUNTZA ESZENIKORAKO DEITZEN DUEN “ARTISTAK EGOITZAN” PROGRAMAREN 4.000 EUROKO LAGUNTZAK

Aurkeztutako 55 proposamenetatik aukeratu diren hiruek instalazioak, baliabide teknikoak eta aholkularitza juridikoa izango dituzte euren proiektuak aurrera eraman ahal izateko, eta horietatik bi, gutxienez, Bilboko Antzerki eta Dantza garaikidearen – BADen hurrengo edizioan aurkeztuko dira.

“Artistak egoitzan” Bilboko Udaleko Kultura Sailaren programa berritzailea da, eta bere helburua hiriko arte eszenikoa sustatzea da, baliabide ekonomikoak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa artisten edo ikerlarien esku jarriz.

 

Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez, sorkuntza eszenikoari laguntzeko “Artistak Egoitzan” programaren hamargarren edizioan aukeratutako hiru proiektuak ezagutarazi ditu. Antzerki eta dantza garaikidearen alorretan aritzen diren Bizkaiko konpainien hiru proposamen dira.

Guztira, deialdiak 55 eskari jaso ditu –horietatik 10 euskaraz egingo diren proiektuetarako– guztiak ere Euskal Herritik edo euskal artisten edo konpainien eskuetatik jasotakoak. Guztien artean, proposamenak aukeratzeko ardura izan duen batzordeak, –Bilboko Udaleko Kultura Saileko teknikariek osatua, kanpoko adituen aholkularitzarekin–, Atx Teatroak aurkeztutako “7ak bat”, Isaak Erdoizaren “MASA” eta KANPAI konpainairen “Sayonara Baby” proiektua aukeratu ditu.

Aukeratutako egitasmo bakoitzak 4.000 euroko laguntza jasoko du eta, horrez gain, BilbaoEszenak lekua eta laguntza teknikoa eskainiko dizkio, bere sorkuntza egitasmoa edo ikerketa eszenikoa aurrera eraman ahal izateko. Horrez gain, sorkuntza prozesua ikus-entzuleen edo/eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, proposamen horietatik bi urriaren amaieran egingo den Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BADen, hurrengo edizioaren barruan estreinatuko baitira.

Nekane Alonso Kultura Saileko zinegotzi eskuordetuak, Iñaki López de Aguileta Kultura zuzendariak, Justo Ezenarro Kultur Programazio zuzendariordeak, Pedro Ormazabal Bilboko Kalealdia jaialdiko zuzendariak eta Alicia Otxandategi BADeko zuzendariak osatzen duten Programazioaren Balorazio Batzordeak, proposamen hauek aukeratu ditu:

Abadiñoko Isaak Erdoiza dantzari eta koreografoaren “MASA”, abiapuntu gisa gizonaren gorputzak duen karga sinbolikoa hartzen duen pieza eszenikoa da, eta irudikapenerako eta imajinariorako bertan zentratuz, gorputz komuna eraikitzea proposatzen du, norbanakoa fagozitatu eta gorputzetik haraindi, materiarako bidaian eramango gaituen paisaia sailkaezina bilakatzen duen masa. Proposamena datorren urrian estreinatuko da Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BADen, hurrengo edizioaren barruan.

Aukeratutako bigarren proposamena ere dantza garaikidekoa da, “Sayonara Baby”, KANPAI taldearen, Natalia de Miguel & Jorge Jaureguiren, pieza. KANPAI Allue Danzaren proiektu artistikoa da. “Sayonara Baby” jatetxe asiarra da, eta pertsonaia anitzak eta aldakorrak elkarrekintzan arituko dira, egoera absurdua eta delirantea sortuz. Galdutako arimak, inon lekurik ez dutenak, euren lekua aurkitzen ez duten pertsonak… erakusten ditu. “Sayonara Baby” Niko Hafkenscheid, Leo Zurfluh, Mikel Aristegi, Lucía Baskaran, Gabriel Punzo, Jorge Jauregui Allue eta Natalia de Miguel dira. Bilboko ikusleek piezaren estreinaldia BADen ikusteko aukera ere izango dute. Natalia de Miguelen eta Jorge Jaureguiren lehentasuna, mugimenduaren bitartez ideiak, sentsazioak eta sentimenduak komunikatzea da, ikusleekin maila emozionalean konektatuz.

Amaitzeko Atx Teatroaren “7ak bat”, antzezlan garaikiderako euskarazko proiektua da. Bertan gizakiaren gaiztasunari buruzko gogoeta egiten da, berezkoa edo saihestezina ote den galdetuz. Gure kulturaren zazpi bekatu kapitaletan eta bekatuaren kontzeptu orokorrean oinarrituta, Victor Frankensteinek egin zuen bezala, izaki berriari emango diote bizia, piztia grotesko, basati eta gupidagabea, komikotasunez, satiraz eta sarkasmoz betetako lengoaia erabiliz, pertsonek ezkutatu nahi duten hori agerian uzteko.