SANTUTXUKO UDALTEGIAK UMOREZKO BAKARRIZKETA PROGRAMAREN BESTE EDIZIO BAT JASOKO DU ABENDUAN, KULTUR GABONAK EKIMENAREN BARRUAN

Programazioa BIHAR, arratsaldeko 19:00etan, zabalduko da –sarrera librearekin–, Asier Hormaza eta Diego Pérez antzezle eta umoregile ezagunen eskutik etorriko den gaztelaniazko bakarrizketa saioarekin.

 

Abendu honetan “Kultur Gabonak” izen orokorrarekin auzoetan programatu diren jardueren barruan, Santutxuko Udaltegiak umorezko bakarrizketa egitaraua jasoko du bihartik aurrera. Euskaraz eta gaztelaniaz egingo diren saioak abenduaren 4, 11, 13 eta 18an izango dira, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

Egitaraua bihar, OSTEGUNEAN, azaroaren 29an, hasiko da, gaztelaniazko bakarrizketa saioarekin. Saio horretan Asier Hormaza eta Diego Pérez antzezle eta umoregile ezagunek hartuko dute parte, oso ezagunak bertako eszenan, EiTBko saio arrakastatsu batzuetan parte hartu dutelako. “Superviviendo” izeneko lehenengoaren emanaldiak, dagoeneko garaiz kanpo dagoen mutil ezkongabe poligonero batek bere bizitzatik bizirik irauteko egin behar dituen gauza guztiak jartzen ditu mahai gainean. Tabu guztiak apurtu eta gizonen sekretuak ezagutuko ditu. Emakumeek asko atsegin dute “gizonek pentsatzen dutena” entzutea, eta gizonek barkatu egingo diote larregi hitz egitea.

Diego Pérezi dagokionez, “San José, hecho un cristo” ikuskizunean, San Josek bere isiltasuna apurtu eta lehen aldiz hitz egingo du, Bibliak inoiz kontatu gabekoa jendeari azaltzeko: Ama Birjinarekin izan zuen lehenengo hitzordua, Izpiritu Santuarekin borrokatu behar izan zela kolpeka, edo Jesus semeak –edo Chus, berak esaten dion bezala– lan bat bila zezan izan zituen arazoak “predikatzen alferkerian bizi barik”.

Hurrengo bakarrizketa euskaraz izango da, eta abenduaren 4an eskainiko du Ohian Vega aurkezle, musikari eta egileak. “Euskañolitis” ikuskizunean, ironiaz eta sarkasmoz betetako elkarrizketa komikoa proposatuko du, eguneroko bizitzan euskaraz edo, hobe esanda, egunero gero eta gehiago erabiltzen dugun “euskañolaz” egiten dugun erabilerari buruzko gogoeta egiteko. Entzule guztiei zuzendutako ikuskizuna da, helduei batez ere, eta musikak, abestiek eta zineak lagunduta, modu ironikoan eta dibertigarrian, euskaldunon hizkuntzaren erabilerari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.

Abenduaren 11ko saioa bikoitza izango da. Alde batetik Enrique Loyola igoko da agertokira, “Humor en serio” izeneko bakarrizketarekin. Esaera zaharrez eta aipamen ezagunez betetako berbaldian, Kikek “autoenplegatu” eta enpresario gisa definitzen du bere burua, horrek grazia askorik egiten ez badio ere. Bere curriculum-ean agertzen diren lanbideen artean umoregile, bikoizketako antzezle, gitarra jotzaile, irrati esatari, gidoilari eta irakasle daude, baina, berak esaten duen bezala “gauza askoren ikasle eta ezeren irakasle” da. Saioa, oso ikuspegi ironikotik probetxuzko emakume izateari buruzko Susana Soletoren “Un poquito de por favor” bakarrizketarekin amaituko da.

Abenduaren 13ko egitarauak oso komiko bikote ezagunarekin jarraituko du, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak osatutakoa, Euskaraz eskainiko duten “Putinen guardasola” bakarrizketarekin. Agertoki gainean erakutsiko duten umore bereziarekin, Lehendakaria oso arduratuta dagoela kontatuko diete entzuleei. Dirudienez, euskaldun guztiak elkartuko gaituen ereserkia behar dugu. Bilera luzearen ondoren, lan hori Rayri eta Nikiri, umorezko bakarrizketaren protagonistei, agintzea erabaki dute.

Egitaraua abenduaren 18an itxiko da, Rafa Mazarekin eta “Solo Fabiolo” ikuskizunarekin. Bertan, nahiko pertsonaia nazkagarria, betidaniko pijo horietako bat, aurrekoa gutxi balitz orain preppy esaten omen zaien horietakoa, agertokira igoko da, jasaten ari garen krisialdiari buruzko gogoeta egitera, ozen, berarengan eragin handirik ez duela dirudien arren.

AGENDA

AZAROAK 29
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Asier Hormaza “Superviviendo” & Diego Pérez “San José, hecho un cristo”

ABENDUAK 4
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Ohian Vega “Euskañolitis” (euskaraz)

ABENDUAK 11
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Enrique Loyola “Humor en serio” & Susana Soleto “Un poquito de por favor”

ABENDUAK 13
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Ramon Agirre eta Inazio Tolosa “Putinen guardasola” (euskaraz)

ABENDUAK 18
19:00 – Santutxuko Udaltegia
Rafa Maza “Solo Fabiolo”