SANTANDERREK ETA BILBOK AKORDIOA BERRITU DUTE ETA “BERTATIK BERTARA” LAGUNTZEN PROGRAMA FINANTZATZEN JARRAITUKO DUTE

Bilboko Udalak eta Santander Creativa Fundazioak (FSC) erdi bana jarrita, 40.000 euroko ekarpena egongo da programarako.

Hiri bietako enpresek, elkarteek eta kultur eragileek sustatutako 4 proiekturi lagunduko diote.
Urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira oinarriak.

“Bertatik Bertara” jardunaldiak Bilbon izango dira eta udalak dagoeneko hasi du jardueren programa diseinatzen.

“Bertatik Bertara” laguntzen deialdiak jarraipena izango du Bilbok eta Santanderrek horretarako zuten akordioa berrituta. Programa horren bidez kultur sektorekoen arteko loturak estutzen dituzte eta sormen-proiektu komunetan lan egiten dute hiri bietakoek. Urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira edizio berriko oinarriak.
Udal bietako Kulturako zinegotzi biek, Santanderreko Miriam Díaz eta Bilboko Nekane Alonso andreek, hala erabaki dute euskal hirian egindako bilera batean. Gainera, bien arteko hasierako kontakturako balio izan du bilera horrek. Topaketa horretan Iñaki López de Aguileta Bilboko Udalaren Kultura Saileko zuzendariak, Justo Ezenarro Bilboko Udalaren Kultur Programazioko zuzendariordeak eta Marcos Díez Santander Creativa Fundazioko zuzendariak ere parte hartu dute.
“Santander-Bilbao. Bertatik Bertara” laguntzen programaren oinarriak urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira eta aurreko edizioetan bezala, batera proiektu bat diseinatzen duten hiri bietako enpresa, elkarte eta kultur eragileentzat izango dira. Hiri bietan garatzen den proiektu baten ideia batera sortzea eta garatzea da helburua.
Horretarako, 40.000 euro egongo dira. Bilboko Udalak eta Santander Creativa Fundazioak (FSC), aurreko edizioetan bezala, erdi bana jarriko dute dirua; hau da, bakoitzak 20.000 euroko ekarpena egingo du. Diru-laguntza hauen helburu nagusia egoitza Santanderreko edo Bilboko udalerrietan duten enpresek, profesionalek edo entitateek kultur eta sormen-arloko proiektuetan elkarrekin lan egiteko pizgarria izatea da, baldin eta proiektu horiek hiri bietako batean zein bestean nahiz bietan garatzekoak badira.
4 proiektu dira diruz lagunduko direnak. Bakoitzak 10.000 € jasoko ditu, zergak, gastu eta kostu guztiak barne. Proiektuek berritzaileak izan behar dute eta hiri bietako kultur eragileek elkarrekin eginak. Lehentasuna izango dute bai Bilbon, bai Santanderren jarduerak egitea planteatzen dutenak.

Epaimahaia udal bietako kultur arloko kideek osatuko dute eta deialdiko oinarrietara ondoen egokitzen diren lau ekimenak aukeratuko dituzte. Proiektu bakoitzak 10.000 euroko ekarpena jasoko du. Proiektuak 2016an garatuko dira eta gehien jota 2017ko martxoaren azken egunean egon beharko dute amaituta.
Oinarri osoak www.bilbao.eus eta www.fundacionsantandercreativa.es webguneetan kontsulta daitezke eta urteko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira.
“Bertatik Bertara” kultur jarduerak Bilbon
Aurten, “Bertatik Bertara” kultur astea euskal hirian izango da. Udala, dagoeneko, jardueren programa prestatzen ari da. Iaz, Santanderren, lan-topaketa profesionalak egon ziren eta sormeneko laborategi batzuk abian jarri ziren eta horietan hiri bietako artistek eta sortzaileek parte hartu zuten.
Akordioaren garapena
“Bertatik Bertara” 2012an hasi zen gauzatzen, Íñigo de la Serna Santanderreko alkateak eta Iñaki Azkuna Bilboko orduko alkateak kulturan, sustapen turistikoan eta enpresen sustapenean lan egiteko erakunde bien arteko akordioa sinatu zutenean.
Ordutik jarduera hauek garatzeko hiru aste izan dira: bi Santanderren, 2013an eta 2015ean; eta bestea Bilbon, 2014an. Besteak beste, profesionalen topaketak, kontzertuak, antzerki-zikloak eta erakusketak egon dira. Guztira ehun ekitalditik gora.