SANTA TERESA DE JESUSEN JAIOTZAREN V. MENDEURRENAREKIN BAT ETORRIZ, BIDEBARRIETA KULTURGUNEAK BERE POESIAN OINARRITUTAKO KONTZERTUA JASOKO DU OSTEGUNEAN, AREETXO – GANBERA ABESBATZAREKIN

Kontzertua 19:30etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan –sarrera librea leku guztiak bete arte– Manuel Torre Lledóren zuzendaritzapean.

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren Bidebarrieta Kulturguneak, Santa Teresa de Jesusen irudiari eskainitako kontzertu sakroa eskainiko du datorren ostegunean, URRIAREN 1ean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, 1515ean jaio zenetik bosgarren mendeurrena betetzen den urte honetan. Manuel Torre Lledók sei bakarlari zuzenduko ditu, antzinako musika-tresnek eta Areetxo – Ganbera Abesbatzaren ahotsek lagunduta.

Santa Teresa de Jesus emakume berezia izan zen, eta erlijioaren arlotik kanpo ere oso dimentsio gizatiar sakonak izan zituen eta, intelektoaren, hizkuntzalaritzaren eta literaturaren alorretan ere, garrantzi handiko lekua aitortzen zaio, Espainiako letren irudi handienetakoen artean. Hori dela eta, mendeurreneko kontzertuak Avilako Santa Teresaren erlijio eta literatur alderdiak elkartuko ditu.

Manuel Torre Lledóren zuzendaritzapean, kontzertuaren edukia ondo definitutako bi aldetan banatzen da. Lehenengoa meza bat izango da, “Missa pro Sancta Teresa”, Santa Teresaren garai bereko egileen lanekin. Litekeena da egile horiek Santa Teresarekin harreman pertsonala izatea, Avilako Katedraleko kide izateagatik, Kapera Maisu gisa, edo abeslari gisa Katedraleko abesbatzan aritzeagatik edo hiri berean jaiotzeagatik, besterik gabe. Horrela, Cristóbal de Moralesen, Tomás Luis de Victoriaren edo Francisco Guerreroren lanak jasotzen dira. Bigarren partearen protagonista bakarra Santa Teresa bera izango da, emakume santuaren mistika aurkeztuko baita, era polifonikoan musikatutako bere poemen bitartez.

Ahotsei musika tresnen bitartez laguntzeko arduraduna, organo positibo batek (Pedro Guallar), arkudun bihuela batek (Elena Martínez de Murguia), eta bihuela batek (Paulino García) osatutako antzinako musika taldea izango da, XX. mendeko pieza batzuei laguntzen arituko den pianoaz (Pilar Arana) gain. Musika lanen aurretik aipamen historiko eta biografiko bat eskainiko da, poemak idatzi ziren garaia eta nondik norakoak girotzeko.

AREETXO- Ganbera Abesbatza, 2013an sortua, 20 pertsonak –ahotsak eta musikariak– osatutako ganbera abesbatza da. Kide guztiek esperientzia handia dute abesbatzen arloan. Bere errepertorioaren barruan, Mario Castelnuovo Tedesco konposatzaile italiar-argentinarraren musika duen Federico García Lorcaren “Romancero Gitano” bezalako lanak daude, beste batzuen artean. Abesbatzaren katalogoko beste lan batzuk “Polípticos de Navidad” eta “Políptico de Pasión” dira, eta horietan, Bach, Saint-Saens, Liszt, Schnabel, Ibargutxi eta beste batzuen lanen bitartez, ibilbidea egiten da Gabonen misterio kuttunetatik eta Jesusen Nekalditik.