PRE-FANT LARUNBAT HONETAN HASIKO DA BBK ARETOAN, BITELCHUS ETA CAZAFANTASMAS LANEN PROIEKZIOA JASOTZEN DUEN LAROGEIKO HAMARKADAKO SAIOAREKIN

Zinemaldiaren aurreko programazioak Giallo zineari eta Dario Argentori eskainitako ziklo bat eta Predestination, The last days on Mars eta Wolf creek 2 lanen pantaila handiko estreinaldia ere jasotzen ditu

Canal + katearekin elkarlanean antolatu den Trailer Faltsuen Lehiaketaren bigarren edizioak 45 lan jaso ditu, eta horietatik, zinemaldiak aukeratuko dituen 20 eskainiko dira, MAIATZAREN 14an, Wayward Pines seriea estreinatu aurretik.

Maiatzaren 8tik 15era bitarteko astean Bilbo zine fantastikoaren hiriburu bilakatuko da berriro, FANT-en XXI. edizioa ospatuko baita. Ohikoa denez, aurreko egunetan hainbat jarduera programatu dira. Aurten Kale Nagusiko BBK Aretoan egingo dira, maiatzaren 2tik 5era, eta sarrera doakoa izango da.

PRE-FANT-eko edizio honen aurretik laurogeiko hamarkadako jai bat egongo da, FANT Pandilla, larunbatean, maiatzaren 2an, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, bi film klasiko, Bitelchus eta Cazafantasmas ikusi ahal izango dira pantaila handian. 80ko hamarkadan, abenturen eta efektu berezien bitartez ikus-entzuleak liluratzen zituzten ekoizpen lan handiez bete ziren karteldegiak. FANT Pandilla ekimenak denboran bidaiatzera gonbidatu nahi ditu ikus-entzuleak, BBK Aretoan garai hartako zine saioen esperientzia errepikatzeko, kartelak, merchandising-a eta gominolak.

Gainera, PRE-FANT-en programazioak ‘Giallo’ zine zikloa jasoko du, Bilboko CASAITALIArekin, Italiako Hizkuntzaren eta Kulturaren Euskadiko Institutu Ofizialarekin elkarlanean, Dario Argento zinegile ospetsuari eskainita. Sekzio horretan zinegilearen film ezagunenetako hiru emango dira: El pájaro de las plumas de cristal (1970), El gato de las nueve colas (1971) eta 4 moscas sobre terciopelo gris. Zine fantastikoaren maisu nagusietakoa den Dario Argento (Erroma, 1940) ‘Giallo’ generoak eman duen zinegile nagusietakoa da, eta bera izan zen genero hori ezagun egin eta Italiatik kanpora eraman zuena. Programatutako hiru filmak BBK Aretoan ikusi ahal izango dira, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean, arratsaldeko 20:00etan.

Horrez gain, PRE-FANT-en barruan, duela denbora gutxi egin diren eta oraindik Estatuko areto komertzialetatik igaro ez diren generoko hiru film estreinatuko dira pantaila handian: The Spiering Brothersen Predestination (Australia, 2014), Ruairi Robinsonen The Last Days on Mars (UK, 2013), eta Greg Mcleanen Wolf Creek 2 (Australia, 2014). Hiruak arratsaldeko 18:00etan emango dira, eta sarrera librea izango da, BBK Aretoko leku guztiak bete arte.

TRAILER FALTSUAK
Beste alde batetik, joan den larunbatean itxi zen CANAL + katearekin lankidetzan antolatu den Trailer Faltsuen II. Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Oraingo honetan, existitzen ez den generoko film baten trailerra edo teaserra sortu beharko da. Ezinbestekoa izango da oinarri izango den film hori 2015eko maiatzaren 15ean oraindik errodatzen hasi gabe egotea. Guztira 45 trailer faltsu aurkeztu dira, eta horietatik hogei aukeratuko dira, Golem –Alhondiga aretoetan eskaintzeko, ostegunean, MAIATZAREN 14an, gaueko 22:00etatik aurrera.

Epaimahaiak, 1.500 euroko lehenengo saria emango du, eta ikus-entzuleak izango dira, bozketa bitartez, 750 euroko bigarren saria emango dutenak. Proiekzio areto barruan edo kanpoan dauden ikus-entzuleek gehien atsegin izan duten lanaren aldeko botoa eman ahal izango dute, telefono zenbaki batera deituz –trailer bakoitzak bere zenbakia izango du– saioa amaitu eta 5 minutuko epean.

Trailer faltsuak baloratuko dituen epaimahaia hauek osatuko dute: FAS Zineklubak proposatu duen eta ikus-entzunezko eta argazkiko irudi espezialitatean EHU-UPV-n Arte Ederretan lizentziatua den Cristina Ezkerrak, Joseba Gorordo gidoilariak eta Diego Kataranuit Euskadiko Zine Eskolako zuzendariak.