PRE-FANT KALE NAGUSIKO BBK ARETORA HELDUKO DA MAIATZAREN 2TIK 6RA BITARTEAN, GIALLO ZINEARI ETA DARIO ARGENTORI ESKAINITAKO ZIKLOAREKIN, ETA PREDESTINATION, THE LAST DAYS ON MARS ETA WOLF CREEK 2 LANEN PANTAILA HANDIKO ESTREINALDIAREKIN

FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXI. edizioa MAIATZAREN 8tik 15era ospatuko da, eta zinemaldia ospatzen den astean, generoaren barruan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den gazteari ematen zaion Fantrobia Saria Hatem Khraiche gidoilariari emango zaio.

Bilboko zinemaldiak, mundu osoko 59 herrialdetatik etorritako 855 film jaso ditu –2014an baino 279 gehiago–.

Maiatzaren 8tik 15era bitarteko astean Bilbo zine fantastikoaren hiriburu bilakatuko da berriro, FANT-en XXI. edizioa ospatuko baita. Ohikoa denez, aurreko egunetan hainbat jarduera programatu dira. Aurten Kale Nagusiko BBK Aretoan egingo dira, maiatzaren 2tik 5era, eta sarrera doakoa izango da.

PRE-FANT-en programazioak ‘Giallo’ zine zikloa jasoko du, Bilboko CASAITALIArekin, Italiako Hizkuntzaren eta Kulturaren Euskadiko Institutu Ofizialarekin elkarlanean, Dario Argento zinegile ospetsuari eskainita. Sekzio horretan zinegilearen film ezagunenetako hiru emango dira: El pájaro de las plumas de cristal (1970), El gato de las nueve colas (1971) eta 4 moscas sobre terciopelo gris. Zine fantastikoaren maisu nagusietakoa den Dario Argento (Erroma, 1940) ‘Giallo’ generoak eman duen zinegile nagusietakoa da, eta bera izan zen genero hori ezagun egin eta Italiatik kanpora eraman zuena. Programatutako hiru filmak BBK Aretoan ikusi ahal izango dira, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean, arratsaldeko 20:00etan.

Horrez gain, PRE-FANT-en barruan, duela denbora gutxi egin diren eta oraindik Estatuko areto komertzialetatik igaro ez diren generoko hiru film estreinatuko dira pantaila handian: The Spiering Brothersen Predestination (Australia, 2014), Ruairi Robinsonen The Last Days on Mars (UK, 2013), eta Greg Mcleanen Wolf Creek 2 (Australia, 2014). Hiruak arratsaldeko 18:00etan emango dira, eta sarrera librea izango da, BBK Aretoko leku guztiak bete arte.

FANT PANDILLA
Gainera, PRE-FANT-eko edizio honen aurretik laurogeiko hamarkadako jai bat egongo da, FANT Pandilla, larunbatean, maiatzaren 2an, arratsaldeko 19:00etan. Bertan, bi film klasiko, Bitelchus eta Cazafantasmas ikusi ahal izango dira pantaila handian. 80ko hamarkadan, abenturen eta efektu berezien bitartez ikus-entzuleak liluratzen zituzten ekoizpen lan handiez bete ziren karteldegiak. FANT Pandilla ekimenak denboran bidaiatzera gonbidatu nahi ditu ikus-entzuleak, BBK Aretoan garai hartako zine saioen esperientzia errepikatzeko, kartelak, merchandising-a eta gominolak.

Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak– FANT 21ek, genero fantastikoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen FANTROBIA Saria emango dio Hatem Kraiche Ruiz-Zorrilla Salamancako gidoilariari. Zinemaldiaren barruan jasoko du saria. FANT-ek zine fantastikoari lotutako gidoilari baten lana saritzen duen lehen aldia izango da.

Aita libanoarra eta ama espainiarra dituen Hatem Khraiche (Salamanca, 1976), genero horretako bi film luzeren gidoilaria da, La cara oculta (Andrés Baiz, 2011) eta Retornados (Manuel Carballo, 2013). Horrez gain, hainbat film labur zuzendu ditu, eta film luzeen zuzendari gisa egingo duen debuta prestatzen ari da, Órbita lana. Bere aurreko proiektuetan gertatzen zen bezala, lan horretan ere ezer ez da dirudiena. Kraichek maiatzaren 14an jasoko du saria, eta saio horretan Retornados lana emango da.

PARTAIDETZARI BURUZKO DATUAK
Joan den igandean, martxoaren 15ean, eman zitzaion amaiera 2015eko edizio honetan lehiaketara aurkeztuko diren filmak aurkezteko epealdiari. Aurten FANT-ek, mundu osoko 59 herrialdetatik etorritako 855 film jaso ditu –2014an baino 279 gehiago–. Herrialde horien artean hauek daude: Austria, Filipinak, Alemania, Georgia, Irak, Mexiko, Turkia, Serbia, Venezuela, Frantzia, Alemania, Norvegia, Danimarka, Brasil, Irlanda, Belgika, Errumania, Zipre, Errusia, Iran, Portugal, Taiwan, Polonia, Argentina, Nepal, Italia, India, Eslovenia, Erresuma Batua…

Zimenaldiko antolatzaileek, Sekzio Ofizialean edo beste ziklo batean programatu ahal izango diren film luzeak eta FANT laburrean izeneko sekzioan lehiatu eta 3.000 euroko bi sari lortzeko borrokatuko diren film laburrak aukeratuko ditu. Bi sari horiek, ikus-entzuleen eta epaimahaiaren iritziz Film Labur Hoberenak direnek eskuratuko dituzte eta, horrez gain, aurten ere saio berezia izango duen Euskal Film Labur Hoberenak, epaimahaiak aukeratutakoak, 2.000 euroko saria jasoko du.

Azkenik zinemaldiak gogoratu nahi du CANAL + telebista katearekin elkarlanean antolatzen den Trailer Faltsuen lehiaketarako lanak aurkezteko epea apirilaren 25era arte luzatu dela.