LAUGARREN BARRUTIAK “SANTUTXU KOLOREA” JASOKO DU ASTEBURU HONETAN, AURTEN DANTZEI ETA ERRALDOIEI ARRETA BEREZIA ESKAINIKO DIEN FOLKLORE TRADIZIONALEAN ZENTRATUTAKO BILBOKO UDALAREN EGITARAUA

Gaztedi Dantzari Taldearen lankidetza duen ekimenak Galiziako Asociación Rebulir Cultura Tradicional Ramiras elkartea jasoko du, eta hiru erraldoi konpartsak ere hartuko dute parte Sestaokoak, Bermeokoak eta Bilboko zaharrenak, Mairuek. Santutxuko kaleak Gaztediko Gaiteroak eta Bilboko Gaiteroak taldeek alaituko dituzte.

 

Bilboko Udalak gure folklore herrikoian zentratuta dagoen eta aurten dantzetan arreta berezia jarriko duen eta beste behin erraldoien konpartsen presentzia azpimarragarria izango duen “Santutxu Kolorea” programaren bigarren edizioa inauguratuko du ostiral honetan, ekainaren 21ean. Gaztedi Dantzari Taldearekin lankidetzan antolatuta, dantza, erraldoi eta gaitero dozena erdi talde elkartuko ditu asteburu osoan.

“Santutxu Kolorea” ekimenaren helburua folklore tradizionala bultzatzen jarraitzea eta ikus-entzuleei ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera ematea da. Programazioa ostiralean irekiko da, 18:30etik aurrera, kalejirarekin eta Dantzakide taldeak hilabete bakoitzeko hirugarren barikuan Karmelo plazan antolatzen duen erromeria tradizionalarekin.

Larunbateko programazioa dantzei eskainita egongo da. Bilboko Gaztedi Dantzari Taldeak eta Galiziako Asociación Rebulir Cultura Tradicional Ramiras (Ourense) elkarteak kalejiran eta alarde tradizionalean hartuko dute parte. Elkarte hori 2005ean sortu zen Agrupación Folclórica Senda izenekoarekin, Ramiraseko gaita bandarekin eta Ramiraseko dantza eskolarekin batera. Urte hauetan, elkarteak hainbat jaialditan hartu du parte, erkidego, nazio eta nazioarte mailakoetan. Iaz “Xavier Prado Lameiro” saria jaso zuen, Galiziako kultura berreskuratzen, hedatzen eta balioan jartzen egindako lanarengatik.

Igandea erraldoien konpartsei egongo da eskainita. Programazioa Bilboko Gaiteroak eta Gaztediko Gaiteroak taldeek irekiko dute, dianak eskainiz 10:00etatik aurrera, eta 11:30etik aurrera harrera ekitaldia egongo da Karmelo plazan, Sestaoko Birakari Erraldoien Konpartsa, Bermeoko KIETB erraldoien taldea eta Mairuek Gaztediko Erraldoiak taldeekin. Jai figura horien ikuskizunak Santutxuko kaleetatik egingo den kalejirarekin jarraituko du. 14:00etan amaituko da, dantza herrikoarekin.

Mairuek Gaztediko Erraldoiak, Bilboko erraldoi konpartsa zaharrena, herri xeheko lau pertsonaiak osatzen dute: Aittitte Matsorri (Begoñako baserritarra), Areatzako Jostune (Areatzan elkartzen ziren jostunen irudia), Kargerue (itsasadarreko kaietako emakume karga-eramaile tipikoa) eta Angulerue (dagoeneko desagertuta dauden angulak itsasadarrean bilatzen zituen angula-bilatzaile klasikoa).

Sestaoko Birakari Erraldoien Konpartsari dagokionez, beste lau erraldoi ditu: marinel bat (Bartolo), sardina saltzaile bat (Maritxu), olagizon bat (Martin) eta eskarabillera bat (Felisa). Bermeoko KIETB erraldoien taldea figura txikiagoek osatzen dute, eta 8 eta 13 urte arteko gazteek dantzatzen dituzte. Gazteek dantzatuak izateko pentsatuta daudenez, zaletasun hori umeen eta gazteen artean sustatzen laguntzen dute, horrela, belaunaldi desberdinen artean jarraikortasuna bermatuz.

AGENDA: SANTUTXU KOLOREA

EKAINAK 21
18:30 – KARMELO PLAZA
Kalejira: Gaztediko Txistulariak
19:30 Erromeria
Dantzakide

EKAINAK 22 – DANTZA TALDEEN EGUNA
12:00 – HAINBAT KOKALEKU
Asociación Rebulir Cultura Tradicional Ramiras (Galizia) eta Gaztedi Dantzari Taldea dantza taldeen desfilea

19:00 – KARMELO PLAZA
Asociación Rebulir Cultura Tradicional Ramiras (Galizia) elkartea eta Gaztedi Dantzari Taldea
Alardea

EKAINAK 23– ERRALDOIEN EGUNA
10:00 – HAINBAT KOKALEKU
Dianak, Gaztediko Gaiteroen eta Bilboko Gaiteroen eskutik

11:30 – KARMELO PLAZA
Sestaoko Birakari Erraldoien Konpartsa, Bermeoko KIETB erraldoien taldea eta Mairuek Gaztediko Erraldoiak taldeen harrera.

12:00 – HAINBAT KOKALEKU
Kalejira / Ibilbidea: Karmelo plaza, Karmelo kalea, Ricardo Bastida arkitektoaren plaza, Santo Rosario kalea, Allende kalea, Albacete kalea, Iturriaga kalea, Arsuaga plaza, Karmelo kalea, Karmelo plaza.

14:00 – KARMELO PLAZA
Azken dantza.

+ info: www.kulturabarrutik.eus eta www.bilbao.eus