Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, ostegun honetan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Streamingez eskainiko da www.kulturguneatb.eus helbidean
Bilboko Udaleko Kultura Sailaren esku dagoen Bidebarrieta Kulturguneak, narratiba garaikideko emakume egileei buruzko “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloari berrekingo dio ostegun honetan, irailaren 20an. Hitzordu honetan Karmele Jaio euskal egilea etorriko da. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango du aretoko leku guztiak bete arte. Euskaraz egingo da, eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Kulturan espezializatuta dagoen Idoia Jauregi kazetariak gidatuko duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa iaz inauguratu zen, irakurleen aldetik ere harrera bikaina jaso duten literatura garaikideko emakume idazleengan zentratzeko xedez. Orain harte topaketetan parte hartu dutenak hauek izan dira: Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez eta Najat El Hachmi.
Karmele Jaiok (Vitoria-Gasteiz, 1970) hiru kontakizun liburu idatzi ditu: “Hamabost zauri” (Elkar, 2004), “Zu bezain ahul” (2007, Elkar) eta “Ez naiz ni” (2012, Elkar); horrez gain, eleberri bi, “Amaren eskuak” (2006, Elkar) eta “Musika airean” (2010, Elkar), eta poesía liburu bat, “Orain hilak ditugu” (2015, Elkar) ere argitaratu ditu.
Jadanik 25. ediziora heldu den eta ingelesera itzuli berri den “Amaren eskuak” lana zinera ere egokitu du Mireia Gabilondok, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu da. Bere kontakizunak antzerkira ere eraman dira. Horrela, 2010ean, Ramon Bareak “Ekografiak” zuzendu zuen, izenburu bereko kontakizunean oinarritutakoa, neskato bat adoptatzeko Etiopiara bidaiatzen duen emakume baten beldurretan eta sentsazioetan sakontzen duen lana. Bere kontakizunak Best European Fiction 2017 bildumarako aukeratu dira, eta antologia ugaritan argitaratu dira.
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, helburu nagusi liburuaren eta literaturaren garapena eta hedapena dituen gunea da.