FANT maiatzaren 5etik 12ra ospatuko da, ohikoak diren lehiaketako sekzioekin, horien artean Film Laburren Sekzio Ofiziala eta “FANT laburrean”, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren Film Labur Hoberenaren 3.000 euroko bi sarirekin eta 2.000 euro emango dituen Epaimahaiaren Euskal Film Labur hoberenaren sariarekin.
Ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna martxoaren 15a da. Dena den, trailer faltsuen lehiaketaren hirugarren ediziora lanak aurkezteko epea apirilaren 7ra arte luzatu da, DARK telebista kate tematikoarekin lortutako babeserako akordioaren ondoren.
Beste urte batez, maiatzaren 5etik 12ra, Bilbo fantasiazko eta beldurrezko generoaren erdigune bilakatuko da berriro ere, Bilboko Udalak antolatzen duen FANTen – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 23. edizioa dela eta. Edizio honen protagonista krakena izango da, ozeanoetako hondo sakonetan bizi den munstro mitologikoa. Oraingo honetan, krakenak Bilboko Itsasadarreko ur garbietan aurkituko du bere etxe berria, eta bertatik irtengo da Pedro Arrupe igarobidearen ondoan, Abandoibarrako Pasealekuaren eta Unibertsitateen Etorbidearen artean.
Kondairak esaten duenez, gehienetan olagarro erraldoi gisa deskribatzen den itsasoko izaki hori ur sakonetatik irteten zen, bere tentakuluekin itsasontziak erasotuz eta kareletik erortzen ziren marinelak irentsiz. Bilboko gune berrienetako eta bisitatuenetako batean izaki hori agertzea, mende luzez ikusi omen diren krakenen antzinako kondairarekin kontrajartzen da.
Zinean, izaki horren presentzia etengabea izan da. Buster Keaton bera, 1924an, “The navigator” lanean, olagarro erraldoi baten kontra borrokatzen zen. Johnny Weissmullerrek borroka titanikoa du kraken baten kontra “Tarzán eta Sirenak” filmean, eta “20.000 legoako bidaia ur azpitik” lanean, Verneren eleberriko protagonistetako bat ere krakena da. Eta orain FANT 23an agertzen zaigu berriro, bere tentakulu amaiezinekin, Bilboko Itsasadarreko ekosistema lasaia eta berreskuratua mehatxatuz.
Lehiaketaren atalean, Sekzio Ofizialeko kategorietakoren batean parte hartu nahi duten filmak aurkezteko epea irekita egongo da martxoaren 15era arte. Gainera, apirilaren 7ra arte luzatu da trailer faltsuen lehiaketaren hirugarren ediziora lanak aurkezteko epea, DARKekin, AMC Networks International Iberiak ekoizten eta banatzen duen kanal tematikoarekin lortutako babeserako akordioaren ondoren. Kanal tematiko horrek joan den urriaren 31n hasi zituen bere emanaldiak ordainketako plataformen bitartez, eta bere programazioaren %100 beldurrezko edukietara dago zuzenduta.
Izan ere, FANTen hurrengo edizioak Trailer Faltsuen Lehiaketa berreskuratuko du. Helburua, existitzen ez den generoko film baten trailerra edo teaserra –gehienez ere 3 minutukoa– egitea da. Beti ere, beharrezkoa izango da 2017ko maiatzaren 15ean errodatzen hasi gabeko film bati buruzkoa izatea. Epaimahaiak 1.500 euroko sari bat emango du, eta ikus-entzuleak izango dira 750 euroko bigarren saria emango dutenak, bere botoen bitartez.
FANT 23k aurrera jarraitzen du, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren eta bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen film laburrei zuzendutako bi sariekin, eta 2.000 euro jasoko dituen eta epaimahaiak erabakiko duen euskal film labur hoberenaren sariarekin. Sari horiei, film luzeei emango zaizkien ohorezko sariak gehituko zaizkie, batez ere Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberenari eta azken urteetan fantasiazko generoan garrantzia hartuz joan den pertsonari ematen zaion FANTROBIA saria, Panorama Fantastikoa Sekzioko sariak ahaztu barik.
OINARRI OSOAK:
www.fantbilbao.eus