IKERKETA ESZENIKO LAU PROIEKTUK, HORIETAKO BI UMEEI ETA GAZTEEI ZUZENDUTAKOAK, LORTU DITUZTE BILBOKO UDALAK, BILBAOESZENAREN BITARTEZ, EMAN DITUEN “ARTISTAK EGOITZAN” PROGRAMAREN 3.000 EUROKO BEKAK


Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak, oso diziplina anitzetan aurkeztutako 36 proposamenen –horietako 10 euskaraz izan dira– artean aukeratu ditu

Aukeratutako egitasmoek instalazioak, baliabide teknikoak eta laguntza artistikoa izango dute euren proiektuak prestatzeko, eta horietakoren bat Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren – BAD-en hurrengo edizioan aurkeztuko da

“Artistak egoitzan” Bilboko Udaleko Kultura Sailaren programa berritzailea da, eta bere helburua hiriko arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza bultzatzea da, artisten eta ikerlarien esku baliabide ekonomikoak, teknikoak eta laguntza artistikoa jarriz.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, BilbaoEszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez, sorkuntza eszenikoari laguntzeko “Artistak Egoitzan”programaren zazpigarren edizioan aukeratutako lau proiektuak zein diren jakinarazi du. Aukeratutako lau proiektuetatik bat erabat euskaraz egindakoa da, “Haritik zintzilik”, eta lehen aldiz, bi umeei zuzenduta daude.

Programak, Euskaditik etorritako edo artista eta konpainia euskaldunek aurkeztutako 36 eskari jaso ditu guztira. Horien guztien artetik, proposamenak aukeratzeko ardura duen batzordeak –Kultura Saileko teknikariek osatua, kanpoko adituen aholkularitzarekin–, hauek aukeratu ditu: Idurre Azkue dantzari gipuzkoarrak “Bailar por bailar” proposamena aurrera atera ahal izateko aurkeztu duena; Idoia Zabaletaren, Tomas Aragayren eta Sofia Asencioren “La naturaleza y su temblor” performance ibilaldia; Macarena Recuerda artista bilbotarrak aurkezten duen MiCarteraPatrocina SC taldearen “Collage” lana eta, azkenik, Asier Zabaleta dantzari eta koreografo bilbotarraren “Haritik zintzilik” euskarazko lana.

Aukeratutako egitasmoetako bakoitzak 3.000 euroko laguntza jasoko du eta, horrez gain, BilbaoEszenak lekua eta laguntza teknikoa eskainiko dizkio, bere sorkuntza egitasmoa edo ikerketa eszenikoa aurrera eraman ahal izateko. Horrez gain, sorkuntza prozesua ikus-entzuleen edo/eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, urriaren 22tik azaroaren 1era bitartean burutuko den Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BAD-en hurrengo edizioaren barruan.

Kultura Saileko zinegotzi eskuordetuak, Kultura zuzendariak, Kultur Programazio zuzendariordeak, Bilboko Kalealdia jaialdiko zuzendariak eta BilbaoEszenako zuzendariak osatzen duten Programazioaren Balorazio Batzordeak, Konpostelako Donejakueko Escenas do Cambio Jaialdiko zuzendari artistiko eta poeta, antzezle eta dramagile den Pablo Fidalgoren aholkularitzarekin, proposamen hauek aukeratu ditu:

“Bailar por bailar”, Idurre Azkue dantzariak, Joseba Irazoki gitarra jole eta konposatzailearekin batera, aurkeztu duen proiektua. 1998an General Eléctrica taldean sartu zen, eta une horretatik aurrera, forma eszeniko eta ikus-entzulearekin erlazionatzeko modu berriak bilatzen dituzten hainbat sortzailerekin egin du lan, Societat Doctor Alonso, Rodrigo García, Andrés Waksman, etab. Proposamen hori dantza egiteko ekintzaren inguruan egituratzen da. Gorputza musikaren eta soinuaren esanetara dago, eta musika eta soinua gorputzaren esanetara daude. BAD-en estreinatuko den “Bailar por bailar” lanak dantza garaikidearen estereotipo eta forma konbentzionalenetatik ihes egiteko desioa barneratzen du.

“Haritik zintzilik”, Ertza euskal dantza garaikide konpainiaren sortzailea den Asier Zabaleta koreografo gipuzkoarraren proiektua. Harkaitz Cano idazleak idatzitako euskarazko testuak eta Iñar Sastreren musika dituen proposamena. Euren bizitzekin zituzten hariak apurtu ostean hutsetik hasi behar izan dutenen esperientzietan sakontzen duen antzerki pieza koreografiko gisa dago egituratuta. Harkaitz Canok jasotako eta egokitutako istorio errealak dira. Diziplina anitzeko proposamen horrek Iker Urteagaren bideo-sorkuntza eta Asier Zabaletaren koreografiak izango ditu.

IKUS-ENTZULE BERRIAK

Lehen aldiz, “Artistak Egoitzan” programan, aukeratutako lanen artean umeei arreta berezia eskaintzen dieten bi proiektu azpimarratu behar dira. Umeak dira arte eszenikoen etorkizuna, ikus-entzule eta sortzaile gisa.

“La naturaleza y su temblor” proiektuak performance ibilaldia proposatzen du Idoia Zabaleta koreografo arabarraren eskutik, Tomas Aragayren eta Sofia Asencioren laguntzarekin. Egitasmoa, begiradaren ideian, begiratzeko ekintzan, garatzen den lanari jarraipena emateko gogotik sortzen da. Kasu honetan, lehendik dagoen bertsioa umeei egokitzea bilatzen da. Horrela, “La naturaleza y su temblor” umeei –8 urtetik 14 urtera– zuzendutako ibilaldi gidatua izango da, eta partaide bakoitzak, kasko batzuen bitartez, zenbait soinu input jasoko ditu (testuak, musikak eta errealitatetik jasotako soinu zuzena), eta horiek errealitatea ikusteko modua eraldatu egingo dute.

Txikienak hiriari begi berriz begiratzera, taldean egindako ibilaldiaren esperientziaz gozatzera gonbidatzen dituen ibilaldia da, entzunez, behatuz eta begiratzea zer den sentitzeko denbora hartuz. Proiektua BAD-en estreinatuko da, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan, “La naturaleza y su temblor (talla 8-14)” izenburupean.

Amaitzeko, Macarena Recuerda bilbotarrak aurkezten duen MiCarteraPatrocina SC taldearen “Collage” proposamena, errealitatea artean irudikatzeari buruz hitz egiten duen pieza adimenduna da. Ikus-entzuleen esperientzia ezagutzeko solasaldi lasaia proposatzen duen gogoetarako espazioa ere bada. Kasu honetan ere, 7 urtetik gorako ikus-entzuleei zuzendutako belaunaldi arteko lana da.

“Collage” lanean ezer ez da dirudiena: objektuak protagonista izan daitezke, pertsonak atrezzoak, soinuak elkarrizketak eta hitzak irudiak. Asmakizun jolasa da, eta ikus-entzuleak izango dira amaiera erabakiko dutenak. Horrez gain, “Collage” lanak pieza komikoa, oso dibertigarria eta ikusteko erraza izan nahi du. BAD ospatzen ari den bitartean ikasleei zuzendutako tailer bat egingo da, eta bertan egoitzan landutako materiala probatuko da.