IKASTURTEAREN HASIERAREKIN BAT ETORRIZ, 25 URTE BETETZEN DITUZTEN “BILBON ESKOLATIK ANTZERKIRA” PROGRAMA ETA ESKOLAKO ANTZERKI LEHIAKETA JARRI DITU MARTXAN BILBOKO UDALAK

“Bilbon Eskolatik Antzerkira” zirkuituak, bilboko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako 14 emanaldi eskainiko ditu maiatzera arte. Agertokiak Campos Antzokia, Azkuna Zentroa eta Otxarkoagako Udaltegia izango dira.

Beste behin, hiriko ikastetxeek, umeen eta gazteen artean sorkuntza eszenikoa bultzatzeko konpromisoari leial izanik 25. ediziora helduko den Eskola Antzerki Lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.

 

Bilboko Udalak Arte Eszenikoen aldeko apustuari eusten dio, hezkuntzarako tresna gisa, eta ikasturte honetan ere aurrera jarraitzen du “Bilbon Eskolatik antzerkira” programarekin, jada ohikoa den Eskola Antzerki Lehiaketarekin batera. Ekimen biek 25. urteurrena beteko dute, hasierako helburu berberekin: Arte Eszenikoetarako ikus-entzule berriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.

Ekimen horietan, alde batetik, sorkuntza bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dauden eta muntaketak aurrera eraman ahal izateko laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala duten antzerki ikastaroen eta lehiaketaren bitartez, eta bestetik, konpainia profesionalek umeei zuzenduta prestatu dituzten lanen emanaldiak sartzen dira. Aurten, 25. urteurrenarekin bat etorriz, Estatutik kanpotik ere helduko dira.

Joan den ikasturtean, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren programazioari esker, Hiriko 4.874 ikasle inguruk (33 ikastetxe) harremana izan zuten Arte Eszenikoekin, euskal artista eta konpainiekin, baina baita Estatuko gainerako lekuetakoekin ere, musikak, dantzak, txotxongiloen antzerkiak edo poesiak euren lekua duten, eta hainbat lengoaia eszeniko erabiliz mota guztietako gaiak lantzen eta eszenan-jartze anitzak erakusten dituzten ikuskizunen bitartez. Horien guztien bitartez, berdintasun eta askatasun balioak sustatu gura dira umeen artean, aniztasunaren, identitatearen eta integrazioaren gaietara hurbilduko diren proposamenen bidez.

Ikasturte berri honetarako 14 emanaldi programatu dira, ibilbide eta esperientzia luzeko sei konpainiaren eskutik. Konpainia horiek Campos Antzokian, Azkuna Zentroko auditorioan eta Otxarkoagako udaltegian eskainiko dituzte euren lanak. Edizio honetan programatutako konpainiak hauek dira: Teatro Corsario, Onírica Mecánica, Mons Dansa, Anita Maravillas Teatro & Portal 71, Teatro Paraíso eta Factory Compagnia Transadriática italiarra.

Eskolako antzerki denboraldia azaroaren 18an inauguratuko da, Campos antzokian, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako antzezlan batekin. Estatu osoan bertsoan aritzen den konpainia garrantzitsuenetakoa den Teatro Corsarioren “Clásicos Cómicos” antzezlana da –gaztelaniaz programatutako bakarra–. Hainbat bira egin ditu Europako eta Amerika Latinoko zenbait herrialdetatik, eta baita Estatu Batuetatik eta Txinatik ere. “Clásicos Cómicos”, Urrezko Mendeko lau entremesez osatutako ikuskizun dibertigarria da, erdi zoratuta dauden emazteen, maitale ausarten eta iseka jasaten duten senarren ingurukoak. Hemen, ikuspuntua, mende luzez gizarte matxistaren esanak bete behar izan dituzten emakumeena da. Testuak Francisco de Avellanedarenak, Calderón de la Barcarenak, Luis Quiñonesenak eta Juan de la Hoz y Motarenak dira.

Emanaldietara joateko aukera eskaintzeaz gain –aurretik ikastetxeek erreserba egin ondoren–, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” ekimenaren barruan, sentsibilizazio tailerrak eta material didaktikoak ere jarriko dira irakasleen esku, taldeekin lan egin ahal izateko ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule berrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.

ANTZERKI LEHIAKETA
Era berean, Kultura Sailak Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berria antolatuko du 2019/2020 ikasturte honetan. Lehiaketaren helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko gisa erabiltzea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Horrela, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituen antzerki emanaldien lehiaketa dela esan daiteke. Ondorioz, “Bilbon Eskolatik Antzerkira” programaren osagarri egokiena da, izan ere, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera igarotzen baitira.

Irabazten duten taldeentzat dirutan banatuko diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalitate bakoitzeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko dituzte, eta, horrez gain, euren sorkuntza lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Arriaga Antzokian ospatuko den Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak, alderdi hauek sarituko ditu, besteak beste: lan eszeniko onena, proposamen eszeniko bereziena, alderdi teknikoei emandako soluzio onena, interpretazio onena, partaideen adinaren arabera egindako egokitzapen onena edo modalitate eszenikoak berreskuratzeko lan onena.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dute parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egun hauetan, programa horiei buruzko informazio guztia jasoko dute. Iaz, Bilboko 10 ikastetxek hartu zuten parte, 22 lan aurkeztuz.