HILERO EGITEN DEN BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO “EZTABAIDAK LITERATURAREKIN” EGITARAUAK MIREN AGUR MEABE ETA LOURDES OÑEDERRA IDAZLEAK ELKARTUKO DITU ASTEARTEAN

Hitzordua euskaraz izango da, eta Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak moderatuko du. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin. (Streaming-ez eskainiko da: www.kulturguneatb.eus)

 

“Eztabaidak literaturarekin”, jende aurreko solasaldiaren bitartez literaturako zenbait figurarengana hurbiltzea proposatzen duen Bilboko Udalaren ekimenak Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederra idazleak eta Euskaltzaindiako kideak elkartuko ditu datorren asteartean, hilaren 5ean. “Literatura eta irakaskuntza” izenburupean euskaraz izango den topaketa, literaturaren eta irakaskuntzaren artean dagoen harremanean zentratuko da. Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Horrez gain, streaming-ez ere jarraitu ahal izango da.

Oraingo honetan, Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea izango da moderatzailea, eta literaturaren eta irakaskuntzaren inguruko solasaldia proposatuko du, bi ikuspegi kontuan izanda. Gonbidatutako idazleen esperientzia pertsonalean oinarrituta, hainbat gai planteatuko ditu: literaturaren irakaskuntza eskola eremuan, gure haurtzaroa markatzen duten lehenengo testuak, eskolako eta familia giroko irakurketak, gazteen artean literaturarako interesa eta gogoa pizteko modu egokia, edo pertsona gisa hazteko literaturak duen garrantzia.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) Euskal Filologian lizentziatua eta Irakasle-ikasketetan diplomatua da. Bere lan gehiena poesiaren eta haur eta gazte literaturaren ingurukoa da. Euskadi Haur eta Gazte Literatur Saria lortu du 2002an, 2007an eta 2011n, “Itsaslabarreko etxea”, “Urtebete itsasargian” eta “Errepidea” lanekin, hurrenez hurren, eta euskaraz idatzitako poesiaren Kritika Saria 2001ean eta 2011n, “Azalaren kodea” eta “Bitsa eskuetan” lanei esker. 2007an Lauaxeta Saria irabazi zuen, eta 2012an Rosalía de Castro saria, literaturaren munduan izandako ibilbidearengatik. “Kristalezko begi bat” (2013) bere azken liburuak Bilboko Liburu Azokaren Zazpikale saria lortu zuen.

Lourdes Oñederra (Donostia, 1958) Filologia Espainiarrean lizentziatua eta Euskal Filologian Doktorea da. Katedraduna da EHU/UPVko Filologia Fakultatean, eta Fonologia klaseak ematen ditu bertan. 1999an bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, “Eta emakumeari sugeak esan zion” Literatura Sari Nazionalerako aukeratua eta, beste batzuen artean, 1999ko Kritikaren Saria eta 2000ko Euskadi Literatur Saria irabazi zituena. 2005ean, “Anderson anderearen gutizia” ipuina argitaratu zuen Gutiziak bilduman. 2013an kaleratu zen bere bigarren eleberria, “Intemperies”. Lourdes Oñederraren lana ingelesera, errusierara eta italierara itzuli da.

2007ko urtarrilean “Eztabaidak literaturarekin” egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago hurbildu dira solasaldietara. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin bat egiteko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiak eginez.

Joan den 2018an hauek izan ziren “Eztabaidak Literaturarekin” programan parte hartu zutenak: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sánchez – Ostiz eta Miguel Gutiérrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepúlveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek eman zioten amaiera urteari.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako Liburutegian dagoen literaturaren eta ezagutza humanistikoaren eta zientifikoaren hedapenerako gunea da.