GONTZAL SÁNCHEZ NEGRO IDAZLE ABADIÑARRAK ETA MATÍAS CANDEIRA MADRILDARRAK IRABAZI DUTE BILBOKO UDALAK DEITUTAKO GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAREN XXXIII. EDIZIOA

Euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetako irabazle bakoitzak 3.500 euroko saria jasoko du, argitaratu gabeko jatorrizko kontakizunei esker: “Heriotza maitasunez” eta “Hija pródiga”.

Horrez gain, Bilboko Udalak 1.750 euroko hiru accesit eman dizkie Itziar Beasaini euskaraz eta Miguel Ángel González Gonzálezi eta Raúl Nagoreri gaztelaniaz idatzitako ipuinen kategorian.

Nekane Alonso Kultura zinegotzia buru izan den epaimahaiak sariketaren kalitate maila altua eta nazioarteko izaera azpimarratu ditu, 1.648 ipuin jaso baitira, %32 Estatu kanpotik bidalitakoak.

Bilboko Udalak deitutako Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIII. edizioak baditu irabazleak. Gontzal Sánchez Negro da irabazlea euskarazko kategorian “Heriotza maitasunez” kontakizunarekin, eta gaztelaniaz idatzitako ipuinen artean, berriz, saria, 2014an accesita lortu zuen Matías Candeira madrildarrak irabazi du, “Hija pródiga” kontakizunarengatik. Saria 3.500 eurokoa da kategoria bakoitzean.

Horrez gain, epaimahaiak 1.750 euroko hiru accesit eman dizkie Itziar Beasaini, “Udamin errearen istorioak” euskaraz idatzitako ipuinarengatik, eta Miguel Ángel González Gonzálei eta Raúl Nagoreri, gaztelaniaz idatzitako ipuinen kategorian, “Poner una lavadora” eta “Las incorrecciones” kontakizunengatik, hurrenez hurren.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero deitzen du Bilboko Udaleko Kultura Sailak, eta bere helburua literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, eta baita Gabriel Aresti (1933-1975) idazle bilbotarraren oroimenari eustea eta haren lana gogoraraztea eta bizirik iraunaraztea ere.

Sarien banaketa ekitaldia gaur eguerdian egin da, egilea 1933ko urriaren 14an jaio zen egun berean, hain zuzen ere. Ekitaldia Bilboko Udaletxeko Areto Arabiarrean egin da, eta Nekane Alonso Kultura zinegotzia eta epaimahaiko presidentea bertan egon da, epaimahaiko zenbait kiderekin eta azken edizio honetan saria lortu duten egile batzuekin batera. Gure Hiriko literatur lehiaketa ezagunenetakoa eta nazioartean finkatuenetakoa dela esan behar da.

Izan ere, aurtengo edizioko epaimahaiak sariketaren kalitate maila altua eta nazioarteko izaera azpimarratu ditu, 1.648 ipuin jaso baitira, %32 Estatu kanpotik bidalitakoak, ia herrialde latinoamerikar guztietatik, eta baita Estatu Batuak, Frantzia, Alemania, Ukraina, Suedia edo Italiatik ere. Aurkeztu diren lan guztien artean, 46 euskaraz idatzitakoak izan dira.

Euskarazko kategorian, Unai Elorriaga, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatutako epaimahaiaren iritziz, Gontzal Sánchez Negro idazle abadiñarraren “Heriotza Maitasunez” kontakizuna da edizio honetan aurkeztu direnen artetik hoberena. Kontakizun horri dagokionez, “heriotza ulertzeko gonbita dela” esan du epaimahaiak, eta “Estilo ederra eta tonu zaindua” azpimarratu ditu, eta baita ahots ezberdinak erabili izana ere, gizartean tabua den gaiari buruzko hausnarketa sakona egiteko.

1973an Abadiñon jaiotako Gontzal Sánchez Euskal Filologian Lizentziatua da UPV – EHUn, eta une honetan gaztelaniazko irakaslea da Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Donostian bizi da aspalditik. Beste sari batzuen artean, lehen saria lortu zuen Mario Ángel Marrodán (2011) XIV. poesia sariketan, “Zakarrontzian poema hauek aurkitu ditut, nik neuk botata” poesia-liburuarekin, eta lehen saria Errenteria Hiriko XXXV. Ipuin Lehiaketan (2015), “Azken etxola hura” kontakizunarekin.

GAZTELANIAZ
Gaztelaniaz aurkeztutako testuak baloratzeko Juan Bautista Bilbao, Aixa de la Cruz, María Maizkurrena, Juan Carlos Márquez, Itziar Mínguez, Miren Elixabete Tolarechipi eta Pedro Ugarte idazleek osatu duten epaimahaiak, Matías Candeira madrildarraren “Hija pródiga” lana aukeratu du. Epaimahaiko kideen iritziz, lan horretan “azpimarragarria da prosaren kalitatea, azkenari buruzko erreferentzien irudimenezko planteamenduaren izaera pertsonala eta testuaren potentzia”.

Matías Candeira (Madril, 1984) idazle eta gidoilaria da. 2009tik literatur sorkuntza irakasle gisa egiten du lan hainbat zentro eta erakundetan, Madrilgo Idazle Eskolan, batez ere. “Fiebre” (Candaya, 2015) eleberriaren, “La segunda vida” (Aristas Martínez, 2014) eleberri ilustratuaren eta zenbait kontakizun libururen egilea da: “La soledad de los ventrílocuos” (Tropo editores, 2009), “Antes de las jirafas” (Páginas de espuma, 2011) eta “Todo irá bien” (Salto de página, 2013).

Bere ibilbidean ospe handiko literatur sari ugari jaso ditu, horien artean INJUVE Narratiba Saria, Ignacio Aldecoa Ipuin Lehiaketa, Madrilgo Udaleko Sortzaile Gazteen Sariketa edo Tomás Fermín de Arteta Nazioarteko Narratiba Saria. Egin duen literatur lanaren aintzatespen gisa, bere liburuak idazteko zenbait sorkuntza beka ere jaso ditu. 2010ean, Antonio Gala Fundazioak Sortzaile gazteentzat ematen duena eta 2013an Han Nèfkens Fundazioaren Literatur Sorkuntzaren beka.

Horrez gain, Bilboko Udalak, bakoitzak 1.750 euro banatuko dituen hiru accesit –bi gaztelaniaz eta bat euskaraz– eman ditu. Raúl Nagore (Iruñea, 1941) kazetari nafarrak sinatu duen “Las Incorrecciones” lanean, epaimahaiak parodiarako indarra eta planteatzen duen proposamenaren desegokitasun politikoa azpimarratu ditu. Miguel Ángel González (Madril, 1982) idazle eta dramaturgo madrildar gazteari dagokionez, bigarren accesita eskuratu du, “Poner la lavadora” lanari esker. Epaimahaiko kideek ahotsaren berezitasuna eta neurrikoa eta aldi berean hunkigarria den estiloa baloratu ditu. Euskarazko modalitateko accesita Itziar Beasain idazle eta filologoari eman zaio, “Udamin errearen istorioak” kontakizunarengatik.

GABRIEL ARESTIREN EGUNA
Urtero egilearen urteurrena ospatzen duen Gabriel Arestiren Egun Instituzionalaren ospakizunarekin bat etorriz, eta Bilboko udalak antolatu duen eta egun hauetan Bidebarrietako Liburutegian egiten ari den BILBAOPOESIA literatur jaialdiaren barruan, UPV-EHUko katedradun eta Arestiren lanean aditua den Jon Kortazarren hitzaldia programatu da GAUR ARRATSALDEAN.

Hitzaldian, Euskaltzaindiko Aresti fondoan gauzatu den ikerketa baten berri emango da. Gabriel Arestiren biografian aurkitutako berrikuntzetan sakonduko da, hiru harremanen bitartez: Juan San Martin idazlearekin zuen adiskidetasun harremana; Mikel Arruzarekin zuen dialektikoa; eta Euskaltzaindiarekin berarekin zuen harreman aldakorra. Beste alde batetik, Arkaitz Estiballes bertsolariak Euskal Harria eta Harrizko Herri Hau liburuetako poemak irakurri eta abestuko ditu. Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da.