Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntza duen Bilboko Udalaren ekimenaren barruan dantza erakustaldiak eta erraldoiekin eta buruhandiekin egingo diren kalejirak egongo dira, Zamorako Don Sancho folklore taldeak emango duen erakustaldiarekin batera.
Jarduerak, herri folklorea sustatzeko helburua duen “Plazarik Plaza” programaren barruan sartzen dira, eta Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere badute.
Folklore tradizionala sustatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Kultura Sailak “Plazarik Plaza” programa antolatu du beste urte batez, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntzarekin. Programa Basurtun gauzatuko da asteburu honetan, urriaren 4an, 5ean eta 6an (Aita Donostia plazan eta inguruetan).
Beste urte batez Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza duen programaren edizio honen gonbidatu berezia Don Sancho (Zamora) taldea izango da. Euren lanaren erakusketa eskainiko diete Bilboko ikus-entzuleei, eta Zamorako musikaz, dantzaz eta tradizioez beteko dituzte Basurtuko kaleak. Horrez gain, Gaztela Leongo jantzi tradizionalen bilduma onenetakoa dute, XIX. eta XX. mendeetako jatorrizko piezakin.
Don Sancho 1994an sortu zen, Zamorako folklorea biltzera eta ezagutaraztera zuzendutako Elkarte Etnografiko gisa. Hasieratik, kultura tradizionala irakatsi die 1.500 pertsona baino gehiagori zenbait erakunde publikori zuzendutako hainbat ikastarotan, hitzalditan eta mintegitan eta Zamorako Dantza Tradizionaleko euren Eskolan. Taldeak bi disko grabatu ditu, “Báilenlo luego” eta “A la rola”, eta Festival de Folklore de Primavera y el Festival Internacional de Folklore de Zamora izenekoaren edizio guztiak antolatu ditu. Don Sancho taldeak nazio eta nazioarte mailako 80 jaialdi baino gehiagotan ordezkatu du Zamorako folklorea, miresmena eta aintzatespena piztuz, dituen soinua, jantzien aniztasuna eta kalitatea eta eszenan erakusten duen indarra direla eta.
“Plazarik Plaza” ekimenaren edizio honen jarduera gehienak larunbatean, urriaren 5ean, hasiko dira, eguerdiko 12:00etan, Beti Jai Alai eta gonbidatutako taldeek buruhandiekin eta erraldoiekin batera egingo duten kalejirarekin. 19:15etik aurrera, Beti Jai Alai taldearen bertako folklorea eta Don Sancho taldearen erritmo herrikoiak eskainiko dituen emanaldia programatu da. Jardunaldiari amaiera emateko Orquesta Iris izango dugu, 20:45etik aurrera.
Jai egitarauak igandean jarraituko du, umeen euskal folklore taldeei arreta berezia eskainiz. Txikiek emanaldia eskainiko dute Aita Donostia plazan eguerdiko 12:00etatik aurrera, auzoko beste leku batzuetatik kalejiran igaro ondoren.
“PLAZARIK PLAZA” EGITARAUA
Lekua. Aita Donostia plaza eta inguruak
URRIAK 4
21:00 Mariatxiak: “Platino de México”
URRIAK 5
12:00 Kalejira: Erraldoiak eta buruhandiak Beti Jai Alai eta Don Sancho (Zamora) taldeekin
17:45 Orquesta Iris
19:15 Dantza erakustaldia Don Sancho (Zamora) eta Beti Jai Alai taldeekin
20:45 Orquesta Iris
URRIAK 6
11:00 Kalejira umeen eta gazteen dantza taldeekin
12:00 Erakustaldia umeen eta gazteen dantza taldeekin *
* Euria eginez gero, Basurto Ikastetxe Publikoan egingo da