Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntza duen Bilboko Udalaren ekimenaren barruan dantza erakustaldiak eta erraldoiekin eta buruhandiekin egingo diren kalejirak egongo dira, Jacako Grupo Folklórico Alto Aragón taldeak eskainiko duen erakustaldiarekin batera.
Jarduerak, herri folklorea sustatzeko helburua duen “Plazarik Plaza” programaren barruan sartzen dira, eta Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere badu.
Folklore tradizionala sustatzeko asmoz, Bilboko Udaleko Kultura Sailak “Plazarik Plaza” programa antolatu du beste urte batez, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen laguntzarekin. Programa Basurtun gauzatuko da asteburu honetan, URRIAREN 6an eta 7an (Aita Donostia plazan eta inguruetan).
Beste urte batez Basurtuko “Basurto Berri” Merkatarien Elkartearen laguntza ere baduen programaren edizio honen gonbidatu berezia Jacako (Huesca) Grupo Folklórico Alto Aragón taldea izango da. Euren lanaren erakusketa eskainiko diete Bilboko ikus-entzuleei, eta Aragoiko musikaz, dantzaz eta antzinako tradizioez beteko dituzte Basurtuko kaleak.
Grupo Folklórico Alto Aragón taldea 1975ean sortu zen, Pirinioetako bailaretako ohiturei eta tradizioei bizirik eusteko, palotiauak, jotak, balsak, boleroak, albadak, dantzak, mazurkak, bazkalostekoak edo Gabonetako kantak biltzen dituen errepertorioa berreskuratuz. Izan ere, euren emanaldietan, Aragoiko txoko guztietatik bidaiatzera gonbidatzen dituzte ikus-entzuleak.
Taldeak sari garrantzitsuak jaso ditu, Kopenhageko “People to People” Jaialdiko “Zilarrezko Arrosa”, adibidez, eta bere jatorria bizirik iraunarazteko lanean mundu osoko jaialdi garrantzitsuetan hartu du parte: Marokotik Kanadara, New Yorketik, Japoniatik, Puerto Ricotik, Mexikotik, Poloniatik, Lituaniatik edo Errusiatik igaroz.
“Plazarik Plaza” ekimenaren edizio hau larunbatean, urriaren 6an, hasiko da, eguerdiko 12:00etan, Beti Jai Alai taldeak buruhandiekin eta erraldoiekin batera egingo duen kalejirarekin. Arratsaldeko programazioa 18:30ean hasiko da kalejira batekin, eta gauera arte luzatuko da, 19:00etan hasita Beti Jai Alai taldearen bertako folklorea eta gonbidatutako taldearen erritmo herrikoiak eskainiko dituen emanaldiarekin. Jardunaldiari amaiera emateko Orquesta Iris izango dugu, gaueko 21:00etatik aurrera.
Jai egitarauak domekan jarraituko du, umeen euskal folklore taldeei arreta berezia eskainiz. Txikiek emanaldia eskainiko dute Aita Donostia plazan eguerdiko 12:00etatik aurrera, auzoko beste leku batzuetatik kalejiran igaro ondoren.
“PLAZARIK PLAZA” EGITARAUA
Lekua. Aita Donostia plaza eta inguruak
URRIAK 6
12:00 Kalejira: Erraldoiak eta buruhandiak Beti Jai Alairekin
18:30 Kalejira: Beti Jai Alai eta Grupo Folclórico Alto Aragón (Jaca)
19:00 Dantza erakustaldia Grupo Folclórico Alto Aragón eta Beti Jai Alai taldeekin
21:00 Orquesta Iris
URRIAK 7
11:00 Kalejira umeen eta gazteen dantza taldeekin.
12:00 Erakustaldia umeen eta gazteen dantza taldeekin.