EUROPA MAILAKO “DE MAR A MAR” LANKIDETZA PROGRAMAREN BARRUAN ZIRKU GARAIKIDE IKUSKIZUNAK IKERTZEKO ETA SORTZEKO LEHENENGO DEIALDIAK 121 PROPOSAMEN JASO DITU

  • Antolatzaileek 20 aurre-aukeratu dituzte bilaketa proiektuen, indarra hartzen ari diren artisten proiektuen eta dagoeneko finkatuta dauden artisten hiru kategoriatan.
  • Bilboko Udala da EBtik 1,3 milioi euro –datozen hiru urteetarako– jaso dituen ekimen horren bazkideetako bat. Diru hori profesionalen prestakuntzara, sorkuntzara eta ikuskizunak erakustera eta nazioartera zabaltzera bideratuko da.

Joan den irailean ireki zen zirkuko proiektu garaikideen garapenerako laguntzen deialdia, zirkuko arteen mugaz gaindiko lankidetzarako “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenaren barruan. Bilboko Udala ekimen horren partaide da.

Okzitaniako, Kataluniako, Aragoiko eta Euskadiko 121 proposamen aurkeztu dira lehenengo deialdi horretara, eta Europako bazkideetako programatzaileek eta adituek osatutako epaimahaiak 20 aurre-aukeratu ditu, bilaketa-ikerketa proiektuen, indartzen ari diren artisten proiektuen eta dagoeneko finkatuta dauden artisten hiru kategoriatan. Proiektu horietako batzuk Bilbon aurkeztuko dira abenduaren 1ean eta 2an, azkenean lehen deialdi horretako laguntzak izango dituztenak aukeratzeko. Proposamenetako bi, bertakoak diren Shakti Olaizola artistak eta Dikothomia konpainiak aurkeztutakoak dira.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo”, ekimenak Europar Batasunaren 1,3 milioi eurotik gorako diru-laguntza lortu du duela denbora gutxi, artista profesionalen prestakuntzaren eta zirku garaikideko ikuskizunen sorkuntzaren eta hedapenaren alorreko proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Zehatzago esanez, lehenengo deialdi hori, artistek eta konpainiek Pirinioetako bi aldeetako mugikortasuna hobetzeko dituzten baldintzak hobetzera bideratuta dagoen sorkuntzari laguntzeko funtsaren barruan sartzen da, sorkuntza prozesuan zein ondorengo erakusketa fasean.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.

“De Mar a Mar – Pirineos de Circo” ekimenak hiru egoitza modalitate ezarri ditu bilaketa proiektuei –ez daude zehatz mehatz ikuskizun baten ekoizpenera zuzenduta, ikerketara baizik–, sortzen ari diren artisten edo kolektiboen proiektuei eta dagoeneko finkatuta dauden artisten edo kolektiboen proiektuei laguntzeko. Laguntza hori, sorkuntzarako espazioak lagaz, proiektuaren beharretara egokitutako laguntasuna (artistikoa, teknikoa edo/eta kudeaketakoa) eskainiz eta 2.000 eta 10.000 euro artekoa izango den finantza laguntzaren bitartez bideratuko da.