ERREKALDE AUZOAK UMOREZKO ANTZERKI ERAKUSTALDIAREN V. EDIZIOA JASOKO DU MARTXOKO OSTIRALETAN, LAU IKUSKIZUN ESZENIKOREKIN ETA FILM LABURREI ESKAINITAKO SAIOAREKIN

Bilboko Udalak bultzatutako egitaraua datorren ostiralean, martxoaren 3an, abiatuko da, arratsaldeko 19:30ean, Andaluziako Las XL konpainiaren “Abandónate mucho” musika-antzerki ikuskizunarekin.

Bilboko Udalak Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren V. edizioa inauguratuko du datorren OSTIRALEAN. Erakustaldia martxoko lau ostiraletan (3, 17, 24 eta 31n) egingo da Errekaldeko udaltegian.

Erakustaldiak, familia osoari eskainitako umorezko lau proposamen eszeniko jasotzen ditu, arratsaldeko 19:30ean, eta sarrera librea izango da. Horrez gain, programak ZinebiKlub saio bat ere jasoko du, Zinebiren – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren azken edizioan parte hartu zuten umorezko film laburren aukeraketarekin, martxoaren19an.

Programazioa MARTXOAREN 3an zabalduko da, Andaluziako Las XL konpainiaren “Abandónate mucho” ikuskizunarekin. 70 minutuz maitasun erromantikoaren mitoa deseraikitzen duen antzerki-musika ikuskizuna da. Bidaia zintzo eta dibertigarrian, Marta Sitjà eta Nía Cortijor bi antzezle protagonistak printzesa, kopla abeslari, yonkie, meditatzaile, seduktore… gisa agertzen dira ikus-entzuleen aurrean. XLek, bide zuzena eta zintzoa ezartzen dute ikus-entzuleekin, eta umoreaz baliatuz, maitasunaren mitoaren tranpak erakusten eta Cupido suntsitzen ahalegintzen dira. “Abandónate mucho” lanak, kontzientziari eta askatasunari atea irekitzea bilatzen du, benetan bizi nahi ditugun mundua eta bizitza eraikitzeko.

Martxoaren 17rako aurreikusita dagoen bigarren antzerki saioa, “Sarean kateatuak” euskarazko lana eskainiko duen Nomofobikak euskal taldearen esku egongo da. Oraingo honetan, nomofobia –telefono mugikor barik etxetik irteteari beldurra– duten hiru emakumek talde-terapia egingo dute ikus-entzuleekin. Hasteko, test bat egingo dute, arazo horrekin duten mendekotasuna zein den ezagutzeko. Ondoren, ikus-entzuleak gizartean hain zabalduta dagoen fobia horren zenbait kasuren lekuko izango dira: hainbat lanbidetako beharginak, umeak, nerabeak, pertsona nagusiak… Batzuetan sketch formatuan eta besteetan bakarrizketa formatuan, Amaia Lizarralde, Belén Cruz eta Olatz Beobide antzezleek euren bizipenen berri emango dute, umorean oinarrituta.

Hurrengo hitzorduan, martxoaren 24an, 2theatre helduko da Errekaldeko agertokira, “Boris & Ingrid” lanarekin. Egoitza Londonen duen konpainia horren sortzaileetako bat, antzerkian, zinean eta telebistan ibilbide luzea egin duen Txema Pérez bilbotarra da. Oraingo honetan, “Boris & Ingrid”, adinez aurrera doan bikote baten istorioa, kontatzen duen antzerki fisikoko komedia absurdu, dibertigarri eta aldi berean hunkigarria, aurkeztuko dute Bilbon. Showak zenbait eremu erabiltzen ditu, groteskoa, komedia, mimoa, txotxongiloak eta mozorroak barne, ikus-entzuleei zahartzaroaren berezko zailtasunak ulertzen laguntzeko. Umore korapilatsuaren bitartez, heriotzaren kontzeptua gertu dagoenean ere zoriontsu izateko ahaleginaren ideia lantzen dute.

Umorezko Antzerki Erakusketa martxoaren 31n amaituko da, Valentziako Cía Aérea Teatro konpainiarekin. “De todas las bellas, las más bellotas”, bizitzatik eta heriotzatik arduratzen diena musikaren bitartez adierazten duten hiru emakume dira. Hainbat eta hainbat ate jo ondoren, lehen aldiz euren abestiak aurkeztea lortuko dute eta, ikus-entzuleekin batera, euren estreinaldia Festa Handi batekin ospatuko dute. Proposatzen duten topaketa eszenikoaren motorra musika da, ibilgailua barrea eta erregaia umorea.

Programazioak ZinebiKlub saio bat ere jasoko du, Zinebiren – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren azken edizioan parte hartu zuten umorezko film laburren aukeraketarekin. Emanaldia Errekaldeko Udaltegian izango da, martxoaren 9an.

Informazio gehiago www.kulturabarrutik.eus webgunean

EGITARAUA

MARTXOAK 3 MARZO
Las XL
Abandónate mucho

MARTXOAK 9 MARZO
ZINEBIKLUBA – Umorezko film laburren erakusketa

MARTXOAK 17 MARZO
NOMOFOBIKAK
Sarean kateatuak

MARTXOAK 24 MARZO
2THEATRE
Boris & Ingrid

MARTXOAK 31 MARZO
CÍA AÉREA TEATRO
De todas las bellas, las más BELLOTAS

Errekaldeko Udaltegian. 19:30ean. Sarrera librea leku guztiak bete arte.