ERREKALDE AUZOAK, BILBOKO UDALAK ANTOLATUTAKO ZIRKUALDEREN, ZIRKUKO ARTEEN JAIALDIAREN, BEDERATZIGARREN EDIZIOA JASOKO DU ASTEBURU HONETAN

“Zirkualde” programak, zirkuko diziplinetan espezializatuta dauden baina antzerkiarekin, umorearekin, clown-aren jolasarekin edo akrobaziekin fusioa egiten duten zortzi konpainiaren ikuskizunak eramango ditu Errekaldera, maiatzaren 31tik ekainaren 3ra.

Jaialdiaren aurrerapen gisa, Errekaldeko Liburutegiak familia osoari zuzendutako saio berezia jasoko du ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zirkozaurre Taldearen “Vademekun” ikuskizunarekin.

 

Errekalde auzoak “Zirkualde” Zirku Jaialdiaren bederatzigarren edizioa jasoko du asteburu honetan. Jaialdiak, zirkuko arteetan espezializatutako zortzi konpainiaren ikuskizunak eramango ditu auzoko plazara: lau Euskal Herrikoak izango dira, beste bat Aragoiko, Kataluniako eta Frantziako artistek osatutakoa, eta beste hiruak Estatuko gainerako lekuetakoak. Ekimenaren helburua, gure hiriko kaleak animatzea eta herritarrei kaleko zenbait arte eszeniko mota hurbiltzea da, oraingo honetan, zirkuko arteetan oinarritutako programaren bitartez.

Programazioaren barruan, mota askotako ikuskizunak jasotzen dira ikus-entzule guztientzat, zirku tradizionalaren hoberena, akrobaziak, malabarrak edo orekak, kaleko antzerkiarekin, zuzeneko musikarekin, clown lanarekin, umorearekin, dantza akrobatikoarekin edo aireko jolasekin uztartzen dituzten zortzi konpainiaren eskutik.

Jaialdiaren aurrerapen gisa, Errekaldeko Liburutegiak saio berezia jasoko du ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, umeei zuzenduta dagoen eta magia, akrobazia eta sorpresa uztartzen dituen Zirkozaurre Taldearen “Vademekun” ikuskizuna. Saio horretarako sarrera librea izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik liburutegian bertan izena ematea.

“Zirkualde”-ko programazio eszeniko espezifikoa OSTIRALEAN jarriko da martxan, arratsaldeko 19:00etan, Cabaret De Mar a Mar-ekin. Marie-Céline Daubagnaren (Frantziako Tolosako “Le Lido” Zirku eskola) zuzendaritzapean, Aragoiko, Kataluniako eta Okzitaniako (Frantzia) zortzi artistak, mugaz gaindiko lurraldean bira egiten ari den diziplina anitzeko kabareteko sei pieza aurkeztuko dituzte. Teresa Magallón (dantza / trapezioa), Fabrizio Rosselli (clown-a eta objektuen manipulazioa), Los Abajo Firmantes (diaboloa), Titánicas Company (clown-a), Bambou Monnet (trapezio finkoa) eta Felipe Nardiello (cyr gurpila) dira. “De Mar a Mar – Pirineos de Circo” zirku arloko mugaz gaindiko lankidetza proiektua da, Bilboko Udalak parte hartzen du, eta Lurralde Garapeneko Funts Europarraren (FEDER) diru-laguntza garrantzitsua du 2016 – 2019 epealdirako.

Egun horretan bertan, arratsaldeko 20:00etan, La Nórdika andaluziarrak arituko dira, “Rojo estándar!” lana Errekaldera ekarriz. Ikuskizun horretan, bi izaki kontrajarri, surrealismoak inguratutako eszena batean egongo dira, koloreak izango dira erritmoa markatuko dutenak, eta zirkuak eta dantzak gidatuko duten maitasuna funtsezko pieza izango da ikuskizun osoan.

Larunbatean, leku berean, Errekalde plazan, programazioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, bata bestearen ondoren eskainiko diren hiru ikuskizunekin, oso proposamen eszeniko desberdinak aurkeztuko dituzten Tiritirantes (Gaztela eta Leon), Pass & Company (Madril) eta Aimar & Cía (Euskadi) konpainien eskutik.

Tiritirantes taldeak “A su servicio en la calle” eskainiko du 19:00etatik aurrera, Gran Hotel Paraíson girotutako ikuskizuna, garai onenak aspaldi igaro zituen luxuzko negozioan, Birlyk eta Birloquek dena garai haietan bezala izaten jarraitzeko ahalegina egiten badute ere. Horretarako, mandatari, zerbitzari, sukaldari… bilakatuko dira. Ezinezko eskaileretara eta monozikloetara igoko dira, agerpen eta desagerpen magikoak egingo dituzte, malabar bereziak egin eta zuzeneko musika joko dute.

20.00ean Aimar & Cía taldearen txanda izango da, “Etxea / Casa / Home” ikuskizunarekin. Protagonista, bere habia eraikitzeko hazkunde pertsonal bidaian bere mamuei aurre egin behar dien pertsonaia bitxia da. Fantasiazko bidaiari buruzko istorio xumea da, harrerako etxeari eskainitako omenaldia, clown-aren eta masta txinatarraren tekniketan oinarrituta. 20:45ean Pass & Company madrildarrak helduko dira Errekaldeko plazara, “Juguete Roto 3p0” ikuskizuna eskaintzeko. Hiru pailazoak malabarista, akrobata eta ekilibrista ere badira.

“Zirkualde”-ren aurtengo edizioa igandean amaituko da, euskal bi talderekin. Nimú Ciak “Ni Pies Ni Cabeza” aurkeztuko du, clown, hari lasai eta objektuen manipulazio teknikak dituen oso ikuskizun berezia. “Zirkualde”-ko edizio honen amaiera El Gran Rufusen eskutik etorriko da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera eskainiko duen “Pink Impact” ikuskizunarekin. Ramiro Vergaz Criadok zuzendutako lanak arrosa koloreko bizitza bizitzera gonbidatzen ditu ikus-entzuleak. Beti agindu ziguten baina sinetsi nahi izan ez genuen bizitza hori.

Programazioa osatzeko, “Rekalde Bihotzean” elkarteak pintxo lehiaketa, “Pintxo Zirko”, antolatuko du ekainaren 1etik 10era, inguruko ostalaritza lokalen artean.

EGITARAUA / ERREKALDEKO IX. ZIRKU JAIALDIA, “ZIRKUALDE”

MAITZAK 31
Errekaldeko liburutegia
18:00 ZIRKOZAURRE (Euskadi) Vademekun
(*) Liburutegian izena eman behar da

EKAINAK 1
Errekaldeko plaza
19:00 CABARET DE MAR A MAR (Aragoi, Katalunia, Frantzia)
20:00 LANÓRDIKA (Andaluzia) Rojo estándar

EKAINAK 2
Errekaldeko plaza
19:00 TIRITIRANTES (Gaztela eta Leon) A su servicio en la calle
20:00 AIMAR & CIA (Euskadi) Etxea / Casa / Home
20:45 PASS & COMPANY (Madril) Juguete Roto 3p0

EKAINAK 3
Errekaldeko plaza
18:00 NIMÚ CIA (Euskadi) Ni Pies Ni Cabeza
19:00 EL GRAN RUFUS (Euskadi) Pink Impact