ELENA ALONSO BILBOTARRAK ETA KATIXA AGIRRE GASTEIZTARRAK IRABAZI DUTE BILBOKO UDALAK DEITUTAKO GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAREN XXXII. EDIZIOA

Gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetako irabazle bakoitzak 3.500 euro jasoko ditu, orain arte argitaratu barik dauden “Misericordia” eta “Hesperia, California” jatorrizko kontakizunengatik.

Horrez gain, Bilboko Udalak 1.750 euroko lau accesit eman dizkie Aritz Gorrotxategi Mujikari eta Urt Zubiaurre Otamendiri euskaraz eta Paula Zumalacárreguiri eta Elena Alonso Frayle berari gaztelaniaz idatzitako ipuinen kategorian.

Nekane Alonso Kultura zinegotzia buru izan duen epaimahaiak euskaraz idatzitako jatorrizko lan kopuruaren hazkundea azpimarratu du. 63 aurkeztu dira, 2014an baino %61 gehiago.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak deitutako Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXII. edizioak baditu irabazleak. Katixa Agirre Miguelez da irabazlea euskarazko kategorian “Hesperia, California” kontakizunarekin, eta gaztelaniaz idatzitako ipuinen artean, berriz, saria Berlinen bizi den Elena Alonso Frayle bilbotarrak irabazi du, “Misericordia” kontakizunarengatik. Saria 3.500 eurokoa da kategoria bakoitzean.

Horrez gain, Elena Alonso Fraylek accesit bat ere lortu du “Gente tan afín” kontakizunarengatik. Lehiaketaren historian bigarren aldiz, egile berak lehen saria eta epaimahaiak emandako accesietako bat lortu du. 2014an Ekaitz Goienetxea kazetari eta idazleak lortu zuen.

Sarien banaketa gaur eguerdian egin da Bilboko Udaletxeko Areto Arabiarrean, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan egon da, epaimahaiko zenbait kiderekin eta azken edizio honetan saria lortu duten batzuekin batera. Gure Hiriko literatur lehiaketa ezagunenetakoa dela esan behar da.

Aurtengo edizioko epaimahaiak euskarazko kategorian aurkeztu den lan kopuruaren hazkundea azpimarratu du, 63. Iazko edizioan 39 aurkeztu ziren, hau da, %61eko hazkundea izan da. Guztira, aurten jatorrizko 379 lan aurkeztu dira, Estatutik kanpoko 29 lan barne, Latinoamerikako herrialdeetatik eta Estatu Batuetatik (10), batez ere.

Euskarazko kategorian, Fernando Morillo, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatutako epaimahaiaren iritziz, Katixa Agirre idazle arabar gaztearen “Hesperia, California” kontakizuna da edizio honetan aurkeztu diren 63 kontakizunen arteko hoberena. Kontakizun horretan, epaimahaiak “tonu bikaina” eta “freskotasuna” azpimarratzen ditu, elkarrizketetan batez ere, eta baita “amaiera bat ere itxia ez izatea” ere, “egileak ateak zabalik uzten dizkiolako irakurlearen irudimenari”.

1981ean Gasteizen jaiotako Katixa Agirre Ikus-entzunezko Komunikazioan Doktore eta irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). 2007an argitaratu zuen bere lehenengo ipuin liburua, “Sua falta zaigu”, eta haren ondoren “Habitat” etorri zen, Igartza Bekarekin izandako lankidetzaren ondorioz, 2009an. Aurtengo martxoan bere lehenengo eleberria argitaratu du, “Atertu arte itxaron”.

GAZTELANIAZ
Gaztelaniaz aurkeztutako testuak baloratzeko Juan Bautista Bilbao, Aixa de la Cruz eta Iván Repila idazleek osatu duten epaimahaiak Elena Alonso Frayleren “Misericordia” lana aukeratu du. Epaimahaiko kideen hitzetan “kontakizun harrigarria da, aukeratutako gaiaren ausardiarengatik, lehiaketetara aurkezten diren kontakizunetan nagusi den zuzentasun politikotik urrun, eta baita gaia lantzeko orduan erakusten duen zoiltasunarengatik eta dotoretasunarengatik ere”.

Espainian eta Mexikon hainbat lan egin dituen Elena Alonso Fraylek (Bilbo, 1965) hogei bat literatur sari ditu, eta horien artean daude Bilboko Udalaren “Emakumeak Kontari” XVI. Lehiaketako sari nagusia (2009), “Juan Martín Sauras” XV. Literatur Lehiaketakoa (2010), “Ignacio Aldecoa” XLI. Ipuin Lehiaketakoa (2012) eta Haur Narrazioko Ala Delta Sarikoa (2015), besteak beste.

Alonso Frayle espainiar estatuan eta Frantzian, Senegalen, Alemanian, Argentinan eta Thailandian bizi izan da, baina une honetan Berlinen bizi da. Azken urteetan Japonologia ikasketak egin ditu Freie Universität Berlin izenekoan, eta buru belarri aritu izan da idazten. Argentinan bizi izan zen urteetan Liliana Hekerren literatur tailerrean prestakuntza jaso ondoren erabaki zuen idaztea izango zela bere bizibidea.

ACCESITAK
Horrez gain, Bilboko Udalak, bakoitzak 1.750 euro banatuko dituen lau accesit eman ditu. Gaztelaniazko biak Paula Zumalacárregui idazlearen “Los Larguiruchos” lanari eta dagoeneko aipatu dugun Elena Alonsoren “Gente tan afín” kontakizunari eman zaizkio. Euskarazko kategorian, accesitak Aritz Gorrotxategi Mujikaren “Guztiok anaiak gara”, eta Urt Zubiaurre Otamendiren “Araotz” lanek jaso dituzte.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero deitzen du Bilboko Udaleko Kultura Sailak, eta bere helburua literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, eta baita Gabriel Aresti (1933-1975) idazle bilbotarraren oroimenari eustea eta haren lana gogoraraztea eta bizirik iraunaraztea ere.