Mattin Zeberio booktuberrak parte hartuko duen topaketan, Eusko Jaurlaritzak 14 eta 18 urte arteko gazteentzat antolatu duen booktuber lehiaketa aurkeztuko da.
Bilboko Udal Liburutegi Sareak lehenengo booktuber kedada antolatu du ostiral honetarako, arratsaldeko 18:30ean Deustuko Liburutegian. Topaketaren helburua Booktuberboom lehiaketa aurkeztea da, euskarazko lehenengo booktuber lehiaketa, 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta eta, aldi berean, irakurketa eta teknologia berriak bateratzen dituen fenomeno hori gazteen artean ezagutaraztea.
Booktuberboom Eusko Jaurlaritzak (Liburutegi Zerbitzua), Galtzagorri elkartearekin batera, bultzatu duen egitasmoa da, Autonomia Erkidegoko liburutegien laguntzarekin. Helburua, gazteen artean irakurketa eta liburutegien erabilera sustatzea da.
Booktuberboom, EAEko I Booktuber Lehiaketa, 14 eta 18 urte arteko gazteei dago zuzenduta. 1,5 minutuko iraupena duen bideo bat grabatu beharko da, ondoren Youtubera igoko dena, irakurritako euskarazko liburu bat gomendatuz edo horri buruzko kritika eginez.
Horrela, ostiral honetan Deustuko Udal Liburutegiak jasoko du ‘kedada’ hori. Bertan, Mattin Zeberiok, 17 urteko booktuberrak, horrelako bideo bat zelan grabatu eta Youtubera zelan igo azalduko die bertaratzen direnei, eta planteatzen zaizkion zalantzei erantzungo die.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek urriaren 24ra (Liburutegien Eguna) arteko epea dute euren bideoa aurkezteko. Oinarri osoak webgune honetan daude: www.booktuberboom.wordpress.com