BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAN – FANT 21EAN LEHIAKETATIK KANPO DAGOEN “PANORAMA FANTASTIKOA” SEKZIOAK, DAVID R. L. IRUNDARRAREN LA NOCHE DEL RATÓN FILMAREN ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA ESKAINIKO DU

“Panorama Fantastikoa” sailak, The Afterglow, La Cosecha, Crumbs, Queridos Monstruos eta La Parte Ausente lanak aurkeztuko ditu besteak beste, Golem-Alhóndigako 2. aretoan. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

Maiatzaren 8tik 15era egingo den edizio honetako epaimahaia Dominique Pinon antzezle frantsesak, Aina Clotet antzezleak eta Carlos Marañón kazetari eta Cinemania aldizkariaren zuzendariak osatuko dute.

Maiatzaren 8tik 15era ospatuko den Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 21ek, David R.L. zuzendari irundarraren La noche del ratón (2014) euskal ekoizpen lanaren estatu mailako estreinaldia eskainiko du lehiaketatik kanpo dagoen “Panorama Fantastikoa” sekzioan. Sekzio hori izango da programazioa osatuko duenetako bat, Golem-Alhóndiga zine-aretoen doako sarbideko aretoan. Sekzioak, arrazoi bat edo beste dela eta, Sekzio Ofizialerako aukeratu ez diren baina ikus-entzuleen aurrean eskaintzea merezi duten filmak jasotzen ditu. Horrela, programaren barruan, duela denbora gutxi egindako beste bost lan ere jasotzen dira: The Afterglow, La Cosecha, Crumbs, Queridos Monstruos eta La Parte Ausente.

Joan den otsailean Santa Barbara SBIFF (Los Angeles) Jaialdian estreinatu ondoren, La noche del ratón Bilbon ikusi ahal izango da Estatuan lehen aldiz, FANT 21en barruan, MAIATZAREN 21ean (gaueko 22:00etan), talde osoaren presentziarekin. David R. L.-k zuzendu eta Asier Vázquezek ekoiztu duen filmaren protagonistak Unai García eta Miriam Cabeza antzezleak dira. Azken hori oso ezaguna da ETB-ko “Vaya Semanita” telesaioan egin duen lanarengatik edo, azken aldian “Gym Tony” saioan (Cuatro) egiten duenarengatik.

Film luzea 6.000 euroko aurrekontuarekin egin zen, eta Irun, Hondarribi eta Donostia artean errodatu zen 25 gauez. Errodatze lana 2012an egin zen arren, postprodukzioa urtebete eta erdi baino gehiago luzatu zen. Filmak harrera ona izan du Estatu Batuetan. Laneko bilera batera doazenean, bide erdian erabat ezustekoa den egoerak harrapatzen dituen bi lankideren gorabeherak kontatzen ditu, beldurrez inguratutako giroan. Bilbotik igaro aurretik, La noche del ratón lana Nanteseko zinemaldian, Moskuko Detective Fest izenekoan eta Liejako Polizia Zinemaldian egongo da.

PANORAMA FANTASTIKOA
Lehiaketatik kanpo dagoen ziklo horren barruan beste bost titulu ere eskainiko dira, lau estatuan ekoiztutakoak, eta bestea Argentinan. Yolanda Torres eta Joan Álvarez katalanen The Afterglow (2014) ingelesez errodatutako filma da, eta hainbat zinemalditatik igaro da jadaa, Sitgesekotik, adibidez; Roberto Santiago zuzendari ospetsuak errodatu duen La Cosecha (2014) lanari dagokionez, MAIATZAREN 11n eskainiko dela esan behar da. Zuzendaria emanaldian egongo da.

“Panorama Fantastikoa” sekzioan Miguel Llansóren zine esperimentaleko Crumbs (2015) filma ere jasoko da. Apokalipsiaren ondorengo film hori, zuzendariaren ohiko bizilekua den Etiopiako paisaia malkartsuetan errodatu da. Llansóren lehenengo film luzea da, Mundu osoko nazioarteko zinemaldi nagusietatik “Chigger Ale” (2013) –hori ere Etiopian errodatua– bezalako film laburrekin igaro ondoren.

Programa osatzeko, La parte ausente (2014) eta Prada anaien azken lana den Queridos monstruos (2014) ikusi ahal izango ditugu. Azken lan hori, zine espainiarrak eman dituen zenbait munstro, Jess Franco bezalako figurak, adibidez, gogorarazten dituen dokumentala da. Emanaldi guztiak gaueko 22:00etan izango dira, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

EPAIMAHAIA
Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak datorren edizio honetarako epaimahaia ezagutarazi du. Dominique Pinon antzezle frantses beteranoak, Aina Clotet antzezleak eta Carlos Marañón Cinemanía aldizkariaren zuzendariak osatuko dute.

Dominique Pinonek (Frantzia 1955) antzerkian eta zinean egin du lan, eta ezaguna da, batez ere, Jean – Pierre Jeuneten (Delicatessen, Amelie edo Largo domingo de noviazgo) lanetan izan duen partaidetzarengatik. Antzerkian Gildas Bourdeten, Jorge Lavelliren edo Valère Novarinaren lanetan hartu du parte. Horrez gain, Johannes Roberts zuzendari britainiarraren beldurrezko hiru filmetan eta Álex de la Iglesiaren Los crímenes de Oxford lanean ere aritu da.

Aina Cloteti dagokionez, 1982an Bartzelonan jaiotako antzezlea da, Marc Clotet antzezlearen arreba. Zinean, antzerkian eta telebistan egin du lan, medio horretan Kataluniako TV3 telebista katearen ekoizpen lanetan batez ere. Horrez gain, 2007. urtean Positivos filmaren gidoia idatzi zuen telebistarako Alex Mañasekin, eta 2005ean MO-DI-FÍ-CA-TE film laburra zuzendu zuen. 2015ean Gaudí Sarietarako izendapena jaso du, María Ripollen “Rastros de Sándalo” filmean egin duen lanarengatik. 2013an SITGESeko Zinemaldi Fantastikoko sekzio ofizialeko epaimahaiko kide izan zen.

Carlos Marañónek 2008ko apirilean hartu zuen Cinemanía aldizkariaren zuzendaritza lana, ordura arte Luis Martínezek betetako lekua, hain zuzen ere. Zuzenbidean lizentziatua da Bartzelonako Unibertsitatean eta Kazetaritzan Nafarroako Unibertsitatean, eta ikasketa horiei UNED-en egindako Historia ikasketak gehitu zizkion. Bere ibilbide profesionala Asturiaseko La Nueva España egunkariaren Gijongo erredakzioan hasi zuen, eta handik Cinemanía aldizkarira joan zen, hasieran erredaktore gisa eta ondoren erredaktore buru eta zinema kritikari gisa. Horrez gain, beste hainbat komunikabidetan ere aritu da, El País eta La Vanguardia egunkarietan eta Radio 3 (RNE) irratian, adibidez. Fútbol y Cine. El balompié en la gran pantalla (8 y medio argitaletxea) liburua idatzi zuen. Horrez gain, zutabeak idazten ditu AS egunkarian eta laguntzaile gisa aritzen da hainbat saiotan: Tentaciones (Canal+), La Ventana eta Hoy por Hoy (Cadena Ser), Rolling Stone, Gentleman, Don Balón aldizkarietan eta La Nueva España egunkarian.