BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANTEK, ZENBAIT JARDUERA PARALELO ESKAINIKO DITU, ERAKUSKETAK, FX MAKILLAJE MASTERCLASS BAT EDO JOE DANTERI BURUZKO BIOGRAFIA BATEN AURKEZPENA

Kazeta jatetxean (San Mames Zumardia, 6) egongo den FANT menu bereziari eta ostalaritzako beste eskaintza batzuei esker, zaleen iritziak trukatzeko aukera izango dute emanaldien aurretik eta ondoren.

 

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoa – FANT 24 ostiral honetan, maiatzaren 4an, jarriko da martxan, zine programazio erakargarri eta kalitatezkoarekin. Aurreko edizioetan bezala, tokiko beste eragile batzuekin lankidetzan, aisiarako zenbait jarduera programatu ditu, fantasiazko giroa aretotik kanpora eramateko eta zaleen topaketa bultzatzeko.

Programazio paraleloaren barruan, maiatzaren 5ean, 13:00etan, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan “Joe Dante: En el límite de la realidad” liburua aurkeztuko da, doktoretza tesi gisa hasi eta egilearen, Álvaro Pita kritikari, idazle, zinegile eta musikari coruñarraren, erronka pertsonal bilakatu zen saiakera luzea. Joe Danteri buruz egin zitekeen libururik hoberena egiteko erronka jarri zion bere buruari. Sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Halaber, igandean, maiatzaren 6an, ordu berean, eta Bastida Aretoan, baita ere, “Emakumeen zuzendaritza zine fantastikoan” izeneko topaketa egongo da, Vanesa Fernández Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendariak moderatuta, eta hauen presentziarekin, beste batzuen artean: Issa López zinegile mexikarra, Itziar Castro antzezlea eta FANTeko edizio honetarako aukeratu diren film laburren bi zuzendari, Arantza Ibarra eta Laura Silva.

Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, FX makillajeari buruzko masterclass bat antolatu du ATAErekin, Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin, batera, antzezpen lanaren osagarri gisa, maiatzaren 11n, Bastida Aretoan. Miriam Martínek, Roberto San Sebastiánen “La noche del virgen” (2016) filmaren protagonistak eskainiko du. “La noche del virgen” lanean aritzeaz gain, David González Rudiezen “Fui la sombra” filmaren protagonista ere izan da, eta beste lan batzuetan ere hartu du parte, Pablo Maloren “Lasa eta Zabala”, Francisco Avizandaren “Sapos y culebras”, Manuel Gutiérrez Aragónen “Todos estamos invitados” edo Fernando León de Aranoaren “Princesas”, lanetan, besteak beste.

Fantasiazko eta beldurrezko film bat errodatzen denean, makillajea ezinbesteko pieza da, alde guztietatik. Dena aldatzen da karakterizazioaren arabera. “La noche del Virgen” filmean Medearen pertsonaiaren kasu konkretuan, pertsonaiak jasotzen duen eraldaketa ezinezkoa izango litzateke Bacon SFXeko taldearen laguntzarik gabe. Gehienetan makillajea ez da hain muturrekoa izaten, baina, horrela denean, beharrezkoa da karakterizazioarekin dagoeneko lortzen dena ez azpimarratzea, gehiegizkoa ez bilakatzeko. Masterclass-erako sarrera librea eta doakoa izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

Azkuna Zentroko laborategi aretoak, gainera, Iñaki Marquina artista bilbotarraren argazki erakusketa jasoko du maiatzaren 4tik 12ra. Erakusketa horretan, “Paisajes entrópicos” bere bildumaren aukeraketa biltzen da. Bertan, erraz ezagutzen diren Bilboko eta Bizkaiko –batez ere– elementu arkitektonikoak fabulazko paisaiekin eta muturreko naturekin uztartzen dira, irudi harrigarriak eta fantasiazko imajinariotik gertu daudenak sortuz.

Iñaki Marquina Zientzia Biologikoetan (mikrobiologia) lizentziatua da, baina lanarekin erlazionatutako arrazoiek programazioan eta informatikan esperientzia hartzera eraman zuten, eta horrek irudimena eta sormena nagusi diren lana ekarri du.

Aurreko edizioetan bezala, San Mames Zumardiko 6an dagoen Kazeta jatetxeak, FANT menu berezia eskainiko du zinemaldiak irauten duen bitartean, %15eko beherapenarekin FANTeko zine sarrerak edo abonuak aurkezten dituztenentzat.

Kazeta jatetxearekin batera, Vía de Fuga taberna izango da zinemaldiko ikus-entzuleen eta gonbidatuen topalekua. Maiatzaren 5ean, gauerditik aurrera, Soinu Banda saioa eskainiko du Aránzazu Calleja DJarekin. Horrez gain, bihartik aurrera, Jorge Ronda Suberviolak egindako zine fantastikoko pertsonaien irudien erakusketa ere jasoko du. Taberna horrek ere prezio bereziak izango ditu FANTeko zine sarrerak edo abonuak aurkezten dituztenentzat.