BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK – FANTEK, GAUR ARRATSALDEAN INAUGURATUKO DU BERE 23. EDIZIOA, EDUARDO CASANOVA ANTZEZLE ETA ZUZENDARIAREN LEHENENGO FILM LUZEA DEN “PIELES” LANAREN AURKEZPENAREKIN

Zinegile madrildarrak, Ana Polvorosa, Ana María Ayala eta Itziar Castro eta Mikel Godoy antzezleek lagunduta, gaur goizean aurkeztu du filma Bilbon. FANTen inaugurazio ekitaldian ikusiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokian.

Bilboko Udalak antolatu duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, gaur arratsaldean inauguratuko du bere 23. edizioa, ‘Aída’ telesaioan izan duen partaidetza dela eta ezaguna den Eduardo Casanova antzezle eta zuzendariaren lehenengo film luzea den “Pieles” lanarekin. Emanaldia, arratsaldeko 20:00etan hasita Campos Antzokian egingo den zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da. Ekitaldi horretan zinegile madrildarra eta filmaren taldeko zenbait kide egongo dira.

Eduardo Casanovak gaur goizean aurkeztu du Bilbon bere lehenengo film luzea, Nekane Alonsok, zinemaldiaren sustatzailea den Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak lagunduta. Bilboko estreinaldia FANT 23ko inaugurazio ekitaldian izango da, gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Campos Eliseos Antzokiko eszenatoki nagusian.

“Pieles” lana, fisikoki desberdina den jendearen istorioa da. Desberdintasun horren ondorioz ezkutatu, baztertuta geratu edo beraien artean elkartu behar izan dute. Inork ez du nola jaio aukeratzen. Itxura fisikoak baldintzatu egiten gaitu gizartearen aurrean, guk aukeratu edo ez. Ideia hori landu zuen dagoeneko Casanovak “Eat My Shit” film labur txalotuan. Bertatik, Ana Polvorosak egin zuen pertsonaia berreskuratzen da, ahoaren lekuan uzkia duen neska gaztea.

Polvorosaren pertsonaiaren berezitasun fisikoa, filman ikus daitezkeen eszentrizitateen eta ohikotasunetik kanpoko egoeren adibidea da. Lanak desberdintasuna goraipatu nahi du, eta itxura fisikoak gizartean bizi dugun bizitzan duen eraginari buruzko gogoeta izatea ere bilatzen du.

Ana Polvorosarekin batera, antzezle taldean Carmen Machi, Jon Kortajarena bilbotarra, Candela Peña, Secun de la Rosa, Joaquín Climent, Itziar Castro edo Bilboko zinemaldia birritan bisitatu duen Macarena Gómez daude. Azken horrek, fantasiazko eta beldurrezko generoan garrantzia hartzen ari diren figurei ematen zaien Fantrobia Saria jaso zuen 2007an. “Pieles” lana, Nadie es perfecto enpresarekin batera, filmean ere agertzen den Carolina Bangek, Álex de la Iglesiak bere Pokeepsie Films enpresaren bitartez eta Netflixek ekoiztu dute.

Filma pastel koloretan dago errodatuta, eta arrosa da protagonista nagusia, FANTen ikusteko aukera izan genuen “La hora del baño” film laburrean Casanovak dagoeneko erabili zuen kolorea. Oraingo honetan itxuragabetze fisikoak, maitasun eta etsipen istorioak, itsaslaminaren buztana duen mutil gaztea, aurpegia erreta duen beste bat edo begirik gabeko neska izango dira Berlineko eta Malagako zinemaldietatik igaro den filma osatzen duten elementuak. Azken Zinemaldi horretan, Epaimahai Gazteak Sekzio Ofizialeko Film Hoberenari emandako Saria lortu zuen.

ZINE GEHIAGO

Asteburu honetarako programazioak, sekzio ofizialean lehiatuko diren sei film eskainiko ditu, horien artean sekzio horretako bi euskal filmak: Roberto San Sebastiánen “La Noche del Virgen” eta Haritz Zubillagaren “El Ataúd de Cristal”. Bihar eta igandean eskainiko dira, hurrenez hurren, Azkuna Zentroko auditorioan, gaueko 22:15etik aurrera.

Azpimarragarria da, baita ere, Marcos Cabotáren “Noctem” lanaren nazioarteko estreinaldia. Zinegilea bihar egongo da, Adrián Lastra eta Esteban Piñero antzezleekin batera, Bilbon, ikus-entzuleek igandean, arratsaldeko 20:00etan, Azkuna Zentroko auditorioan baita ere, ikusi ahal izango duten filma aurkezten. DOKUFANT sekzioaren barruan, zinemaldiak Diego Lópezen eta David Pizarroren “Herederos de la bestia” lana aurkeztuko du bihar, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan. Dokumentalak, estatuko fantasiazko zinearen lan nagusietakoa, “El día de la Bestia”, errebindikatzen du, estreinatu zenetik 20 urte igaro direnean.