BILBOKO ZINEMALDI FANTASTIKOAK-FANT-EK BERE 26. EDIZIOAREN INAUGURAZIOAN EUSKAL FILM LABURRAK PROTAGONISTA IZANGO DITU

  • Egungo osasun-egoeretara egokituz, Zinemaldiak bere online programazioaren zati bat jarraitzeko aukera eskaintzen du www.fantbilbaoonline.eus plataformaren bidez, azaroaren 6tik 09:00etatik aurrera martxan egongo dena.
  • Atal honetan euskal zuzendariek zuzendutako 10 film laburrek hartuko dute parte eta hauek Euskal Film labur Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazteko lehiatuko dira.
  • FANTek segurtasun-protokoloa egokitu du, aurrez aurreko edizio segurua bermatzeko.

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak–FANT azaroaren 7an hasiko da, baina ostiralean, hilak 6, bere programazioaren aurrerapen bat eskainiko du, 10 euskal film labur proiektatuz. Edizio berri honetan, 26. edizioan, film laburrek garrantzi handia dute kartelean.

Gaur egungo egoera sanitarioetara egokituz, ‘FANT Laburrean’ ataleko hamar titulu horiek on line ikusi ahal izango dira www.fantbilbaoonline.eus estekan, – bihartik aurrera, 09:00etan – baita aurrez aurre ere, hilaren 6an, 19:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan egingo den saio batean.

Hasiera batean, atal hau azaroaren 7an egitea aurreikusita zegoen, baina ostiralera aurreratu da, ordutegi-murrizketak bete ahal izateko. Euskal errealizadoreen lehiaketarako film labur hauek jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, euskarazko azpitituluekin. Euskal Film labur Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratzeko aukera dute guztiek, 2.000 eurokoa.

Hamar titulu hauek gaur goizean aurkeztu dituzte streaming bidez, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Vanesa Fernández jaialdiaren zuzendariak.

FANT LABURREAN

Hauek dira lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburrak:

  • ‘Ahí afuera’, David Ontoriak zuzenduta: Valentín, azkenean kalegorrian bizitzera heltzen den arrakastarik gabeko zientzia-fikzio idazlea da. Egun batean ezusteko bisita bat jasoko du: bere irakurle eta jarraitzaile bakarrarena. Esaten dionez, gau horretan bertan bisitari intergalaktikoak jaitsiko dira. Valentínek eszeptizismorako duen eskubidea erreserbatuko du beretzat.
  • ‘Un coche cualquiera’, David P. Sañudok zuzendatuta: Manuelek bere kotxera sartu gura du, baina hiru makarrek eragotzi egiten diote. Egoera inork pentsatu ere ezin dituen mugetara heldu arte teinkatuko da.
  • ‘Leyenda dorada’, Chema García Ibarrak eta Ion de Sosak zuzenduta: Udako egun bat da Montánchezeko (Cáceres) udal-igerilekuetan. Mendi gainean, Gazteluko Kontsolamenduaren Andre Maria zelatan dago.
  • ‘Love’, Javier Chuecak zuzenduta: Institutuko bi ikasle gaztek musikarako gustu eta janzteko modu berberak dituzte. Euren ikaskideen eskolako jazarpena ere jasaten dute. Une jakin batean, batek besteari maite duela esatea erabakiko du, unerik txarrenean.
  • ‘Moda’, Imanol Ortízek zuzenduta: Bulego gris batean, langile errebelde batek ohitura berria inauguratuko du; lanera biluzik joatea.
  • ‘Mugakoloreak’, Oier Fuentesek zuzenduta: Beltzetik funditzen dugunetik, argiak gugan jotzen du, gure barruan lehen mailako koloretako mugako loreak haziaraziz. Mugarik muga, ispiluak galduta zirudien kukuaren kantuaren oihartzuna itzularazten duen koloreen bilaketa naturala.
  • ‘Multibertsoa’, Naroa Elkorok, Asier Errazkinek eta Egoitz Albisuk: Multibertsoen akats bat dago.
  • ‘La operación’, David P. Sañudok zuzenduta: Komedia hau honako premisa honen ingurukoa da: “Maitea, Stalinen aurpegia jarriko didate!”
  • ‘Pánico en Artea’, Iñaki Etxezarraga Erauzkinek: Mai eta Vanesa gasolina botatzera geldituko dira gasolindegi batean, larunbat gauean martxan irten aurretik. Baina euren bizitzak goitik behera aldatuko dituen ezustekoa gertatuko da.
  • ‘Polter’, Álvaro Vicariok zuzenduta: Josek, bere etxean sartuko den gertakizun paranormalari egin beharko dio aurre. Etxe barruko gertakari xume gisa hasi dena, mugarik gabeko borroka bilakatuko da. Fenomenoen atzean zein sekretu ezkutatzen den aurkitu beharko du Josek.

SEGURTASUN-PROTOKOLOA

Gaur egun Euskadin dauden osasun-egoerei dagokienez, FANTek bere programazioaren zati bat online eskaintzearen alde egin du. Lehen aipatu bezala, jaialdiak www.fantbilbaoonline.eus online plataforma gaituko du bihar.

Zinema-aretoetan ahalik eta seguruen egoteko, FANTek aretoen edukiera % 50era mugatu du eta higiene-segurtasun neurri gorenak eskainiko dizkie ikusleei: 30 minutu gordeko dira saioaren eta saioaren artean, areto bakoitza aireztatu eta desinfektatzeko. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da, ikusleen arteko segurtasun-tartea bermatuko da eta gel hidroalkoholikoa jarriko da haien eskura.

Gainera, gonbidatuen, profesionalen, antolakundearen eta publikoaren osasunerako arriskuak ahalik eta gehien murrizteko asmoz, FANTek Euskaditik kanpoko profesionalen gonbidapenak bertan behera uztea erabaki du.

Programazioak ere aldaketak izan ditu. Saioen kopurua murriztu egin da, eta programatutako lehen saioa 15:30era aurreratu da, 21:15ean inguru amaitzeko. Gainera, bertan behera geratu dira azaroaren 12an izango den itxiera gala eta Gólem – Alhóndiga aretoko 2. Aretoan 20:45ean egingo ziren saioak.

BONUA ETA SARRERAK

Jaialdi osorako bonua 30 eurokoa izango da. Gólem–Alhóndigako leihatiletan eta jaialdiaren webgunean dago eskuragarri.
Saio bakarrerako sarrerek 5 euro balioko dute. Gólem–Alhóndiga leihatiletan eta webgunean daude eskuragarri. Gólem – Alhóndigako 2. aretoan izango diren emanaldiek doako sarbidea izango dute, eta espazio horretarako sarrerak zineman bertan erretiratu beharko dira saio bakoitza baino 30 minutu lehenago.
Online aukera nahiago izanez gero, esteka honen bidez sartu beharko da: www.fantbilbaoonline.eus.
#BILBAOUDAZKENA2020

Jaialdia #BilbaoUdazkena2020 ekimenaren barruan kokatzen da. Ekimen horrek kultura-planez beteko du hiria udazken honetan, Bilboko Udalak kultura-sektorearen aldeko apustua egin baitu, jakitun baita sektore hori dela COVID-19aren egungo krisiak gehien kaltetu duenetariko bat.

#BilbaoUdazkena2020ren programazio osoak osasun-agintariek ezarritako protokoloei jarraituko die zorrotz eta une oro.

SARE SOZIALAK:

Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
FANT: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
#Fant26
#BilbaoUdazkena2020

www.bilbaokultura.eus
fantbilbao.eus