BILBOKO UDALTEGIEK ZAZPI PINTURA ERAKUSKETA IBILTARI JASOKO DITUZTE BIHARTIK AURRERA “EXPODISTRITO” PROGRAMAREN BARRUAN

Amadou Loum, Carmen Ortiz de Urbina edo Alfredo Gómez bezalako artisten lanak ikusi ahal izango dira, eta baita Euskal Akuarelarien Elkartearen edo Durangoko Arte Elkartearen erakusketa kolektiboak ere.

EXPODISTRITO Bilboko Udaleko Kultura Sailaren ekimena da, eta bere helburua artea Hiriko barruti guztietara eramatea eta hainbat artistaren lana ezagutaraztea da.

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, BIHAR, IRAILAREN 1ean, inauguratuko du urteko laugarren hiruhilekorako programa. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio- Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, hainbat pintura teknika eta gai landuz egindako zazpi pintura erakusketa bakarkakoz eta kolektiboz gozatu ahal izango dute.

Urteko azken hilabete hauetako programa iraileko lehenengo hamabostaldi honetan hasiko da, lau pintura erakusketarekin, banakako bi eta taldeko beste bi, irailaren 1etik 14ra, Otxarkoagako, Castañoseko, San Inazio – Ibarrekolandako eta Abando – Barrainkuako udaltegietan.

San Inazio – Ibarrekolandako udaltegiari dagokionez, hainbat teknika erabiliz egindako bere lanaren aukeraketa bat aurkeztuko duen Amado Loum artista senegaldarraren erakusketa jasoko du. Erakusketa horretan, bere bidaietan ezagutu dituen kulturen eta herrien alderdi sinbolikoak erakusten ditu.

Otxarkoagako udaltegiari dagokionez, Carmen Ortiz de Urbina margolariaren erakusketa jasoko du iraileko lehenengo hamabostaldi honetan. Artista autodidakta hori estilo errealistan arkatzez egindako erretratuan espezializatu da, bere lana gizakiaren aurpegian zentratuz. Bere marren bitartez gai da keinu, begirada, edo ironiaren ostean ezkutatutako irribarre bakarrean, izaera, nortasuna, jasotzeko. Bere lanetako batzuk “Ilustradores Españoles” (Ed. Lunwerg) libururako aukeratuak izan ziren.

Bihar jendearentzat irekiko diren beste biak talde erakusketak dira. Alde batetik, Castañoseko udaltegiak “Resurgere” erakusketa jasoko du. Oraingo honetan, bost artista elkartu dira “Salvemos Rioseco” boluntario elkarteari, Valle de Manzanedon (Burgos) dagoen Santa María de Rioseco antzinako monasterioa (XIII. mendea) zaharberritzen laguntzeko. Erakusketa horrek Paloma San Román marrazkilariaren, José Antonio López Ruiz akuarelistaren eta Iñaki Bilbao, Miguel Ángel Salgado eta Antonio Jarabo margolarien lanen aukeraketa biltzen du.

Bihartik aurrera, baita ere, Abando – Barrainkuako udaltegiak Haizea Kolektiboaren “El camino de Santiago” erakusketa jasoko du. Proiektu horretan Teresa Riera, María Jesús Aguirre, Carlos Bizcarrondo, Rafael Villa eta Berta García artistek hartzen dute parte, eta helburua euren lanak Donejakue Bideko hirietan erakustea da.

Urrian dagoeneko, beste bi pintura erakusketa inauguratuko dira, Alfredo Gómez artistaren akuarela aukeraketarekin eta Durangoko Arte Elkartearen eskutik etorriko den erakusketa kolektiboarekin. Azken erakusketak azaroan zabalduko ditu ateak, Barrainkuako udaltegian, azken urtean Hiriko hainbat txokotan egin diren Euskal Akuarelarien Elkartearen akuarela aukeraketarekin.

“Expodistrito” programa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazio kulturala jasotzen duen www.kulturabarrutik.eus webgunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

ERANSKINA / IRAILEKO AGENDA

Izenburua: Amado Loum (Pintura)
Lekua: San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegia
Egunak: Irailaren 1etik 14ra
Lekua: Begoñako Udaltegia
Egunak: Irailaren 16tik 29ra

Izenburua: “Resurgere” (Pintura)
Lekua: Castañoseko Udaltegia
Egunak: Irailaren 1etik 14ra
Lekua: Abando – Barrainkuako Udaltegia
Egunak: Irailaren 16tik 29ra

Izenburua: Carmen Ortiz de Urbina (Pintura)
Lekua: Otxarkoagako Udaltegia
Egunak: Irailaren 1etik 14ra
Lekua: San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegia
Egunak: Irailaren 16tik 29ra

Izenburua: Haizea Kolektiboa (Pintura)
Lekua: Abando – Barrainkuako Udaltegia
Egunak: Irailaren 1etik 14ra