Santutxuko eta Begoñako Udaltegietan egingo diren jarduerek, Marta Abiegak eta Javier Secok Tadjikistanen izandako bizikleta abentura, Isabel Segurak eta Carmelo Lópezek bizikletaz Afrikara egindako bidaia, Paula Muga Ellacuríaren bakarkako bidaia edo Asian eta Ozeanian hezkuntza proiektu iradokitzaile bila ibili den David Fernándezen esperientzia ezagutzeko aukera emango dute.
Egitarauaren barruan, Mendi Film Festivaletik igaro diren filmak eta “África en cinecicleta” dokumentalaren estreinaldia, Begoñako Liburutegian apirilaren 11ra arte egongo den Australiari buruzko erakusketa eta Mud Candiesen kontzertua egongo dira.
Bilboko Udalak “Bidaiarien Txokoa” egitarauaren beste edizio bat inauguratuko du datorren astean. Apirilaren 1etik 11ra, bidaien eta abenturaren bestelako ikuspegia eskainiko die ikus-entzuleei, Santutxuko eta Begoñako udaltegietan: lehen pertsonan emandako hitzaldiak eta zinea jasoko dituen bidaien eta abenturaren ikuspegi pertsonala eta desberdina, Mendi Film Festival jaialdian egon diren izenburu ezagunekin eta “África en cinecicleta” dokumentalaren estreinaldiarekin. Duela hiru urte Isabel Segurak eta Carmelo Lópezek bizikletaz Afrikatik hasi zuten bidaiaren emaitza.
Programazioa Australiari buruzko erakusketa batekin osatuko da. “Australia hurbilago” izenburupean, apirilaren 1etik 11ra Begoñako Liburutegian bisitatu ahal izango den erakusketa herrialde horretan zentratuko da: bertako kultura eta tradizioak, baliabide turistikoak, natura, ondarea eta arkitektura, hain urrun daukagun herrialde horren historia eta gaurkotasuna pixka bat hobeto ezagutzeko material grafikoen eta dokumentalen aukeraketarekin.
Ohikoa denez, Begoñako Udaltegiak, euren bizitza esperientziarengatik edo egindako bidaien emaitzarengatik, beste mota bateko ikuspegia eskainiko duten pertsonak protagonista izango diren hitzaldi zikloa jasoko du. Juanra Madariaga idazle, kazetari eta mendizaleak aurkeztuko dituen hitzaldiekin batera ikus-entzunezko emanaldiak egongo dira, protagonistek eurek azaldutakoak.
Hitzaldiak datorren asteazkenean, apirilaren 3an hasiko dira, Marta Abiegak eta Javier Secok Tadjikistanera bizikletaz egin zuten bidaiarekin. 2012an Javik eta Martak bizikleta bidaia hasi zuten Ekialde Ertaineko herrialde txiroena izan arren, edertasun naturalari dagokionez aberatsenetakoa denera: Tajikistan. Helburua Pamirreko mendikate handia ezagutzea zen, baina inguruko herrialdeek jasaten dituzten gerren ondorioz bidaiak zailtasun asko izan zituen. Hori izango da ikus-entzuleekin konpartituko dutena, euskaraz izango den topaketan.
David Fernándezek, bere aldetik, Asian eta Ozeanian zehar egindako bidaia kontatuko du apirilaren 5ean, “Buscando a Superman: un viaje sin billete de vuelta por Asia y Oceanía” izeneko hitzaldian. Izan ere, eskola eredu berria sortzen laguntzeko asmoz, David Fernández irakasleak eta Amaia Maguregui argazkilariak itzulerako billeterik gabeko bidaiari ekin zioten Asian eta Ozeanian zehar, hezkuntza egitasmo iradokitzaileen bila. 16 hilabetez presarik gabe igaro ziren Filipinetatik, Indonesiatik, Australiatik, Zeelanda Berritik, Indiatik eta Nepaletik, bertako bizitzan inplikatuz.
Apirilaren 8an Isabel Seguraren eta Carmelo Lópezen txanda izango da, Afrikan bizikletaz egin zuten eta dokumental batean irudikatu duten bidaiari buruzko hitzaldiarekin. Duela hiru urte baino pixka bat gehiago, Isabelek eta Carmelok euren bizitza markatuko zuen bidaia bizikletaz egingo zutela erabaki zuten. Gainean hainbat bizikleta-bidaia izanik, azken horretan euren beste pasio handia ere jasotzea erabaki zuten: zinea. Pedalei eraginez funtzionatzen zuenez energiaren ikuspegitik jasangarria zen zine ekipo eramangarria gainean hartuta, “Afrika planetako” 14 herrialde zeharkatu zituzten, doako zine emanaldiak eskainiz, jateko zerbaiten eta atseden hartzeko leku seguruaren truke. 25 hilabete, bizimodu nomada-tiriteroko 18.000 km eta irribarrez betetako 217 emanaldi. Euren zakutoak esker onez, abegikortasunez eta gizatasunez bete zituzten. TCM kanalaren laguntzarekin ekoiztutako “África en cinecicleta” dokumentala apirilaren 9an estreinatuko da Santutxuko Udaltegian, 19:30etik aurrera.
Hitzaldi zikloa apirilaren 10ean amaituko da, Paula Muga gazte bilbotarraren zuzeneko kontakizunarekin. Joan den otsailean eman zion amaiera Hong-Kongetik Bilbora autostopez egin zuen bidaiari: bakarrik, errepidez, eta ekipaje bakar gisa eskolako motxila bat eramanez egindako hamar mila kilometro baino gehiago. Karteran, 2.000 eurora mugatutako aurrekontua. Txinako mendikate, Indiako errepide, Irango basamortu… artean, mundua uste genuena baino abegikorragoa dela eta emakumeak esan digutena baino kementsuagoak direla jakin du.
ZINE EMANALDIAK
Programazioa hiru zine saiorekin osatuko da, Santutxuko Udaltegian, apirilaren 2an, 14an eta 9an. Saio horietan, Isabel Seguraren eta Carmelo Lópezen dokumentalaz gain, aurretik Mendi Film Festivalean ikusi ahal izan diren filmak eskainiko dira. Horrela, datorren astearterako, “This Mountain Life” programatu da, Grant Baldwin-en Kanadako ekoizpena, Kanadako mendebaldeko kostaldean dauden mendi traidoreetatik eski gainean egindako sei hilabeteko ibilbidea erakusten duena. Apirilaren 4an Ben Sturgulewskiren “Wallmapu” film labur estatubatuarra eta Martín Campoyren “Ara Salvaje” film luzea eskainiko dira.
Ohikoa denez, egitarauak, beste lekuetako soinuak ezagutzeko kontzertua ere jasoko du. Oraingo honetan, country-a, bluegrass-a eta rockabilly-tik gertu dauden soinuak fusionatzen dituen Bilboko “Mud Candies” taldea izango da programari musika ukitua jarriko diona. Kontzertua apirilaren 11n izango da Santutxuko Udaltegian arratsaldeko 19:00etan. Ekitaldi guztietarako sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.
ERANSKINA: AGENDA
“BIDAIARIEN TXOKOA”
Hitzaldiak + ikus-entzunezkoak:
Begoñako udaltegian (Txurdinagako kiroldegiaren ondoan).
Aurkezlea: Juanra Madariaga
APIRILAK 3, 19:30ean. “Tadjikistan, zerua eta infernua”, Javier Seco eta Marta Abiega (euskaraz).
APIRILAK 5, 19:30ean. “Buscando a Superman: un viaje sin billete de vuelta por Asia y Oceanía”, David Fernández.
APIRILAK 8, 19:30ean. “Proyecto cinecicleta”, Isabel Segura eta Carmelo López.
APIRILAK 10, 19:30ean. “De Hong Kong a Bilbao en autostop”, Paula Muga Ellacuría.
Emanaldiak:
Santutxuko udaltegian.
APIRILAK 2, 19:30ean.
“This Mountain Life” (77 min. Kanada) Euskarazko eta gaztelaniazko azpi-tituluak dituen jatorrizko bertsioa.
Mendi Film Festival.
APIRILAK 4, 19:30ean.
“Wallmapu” (6 min. EE.BB), “Ara Salvaje” (52 min. Espainia)
Mendi Film Festival.
APIRILAK 9, 19:30ean.
“África en Cinecicleta” (43′) Dok. Estreinaldia
APIRILAK 11
19:00 Santutxuko udaltegia
Kontzertua: “Mud Candies” (Outlaw Country, Bluegrass, Swing eta rockabilly-tik gertu dauden soinuen nahasketa)
Sarrera librea
APIRILAK 1– 11
Begoñako Udaltegiko Liburutegia
Erakusketa. “Australia hurbilago / Australia más cerca”
Ekitaldi guztietarako sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.