BILBOKO UDALAREN “BIDAIARIEN TXOKOA” PROGRAMAK HITZALDIAK ETA ZINE DOKUMENTALA ESKAINIKO DITU MARTXOAN, IKUS-ENTZULEEI BIDAIEN ETA ABENTURAREN IKUSPEGI PERTSONALA ETA BESTE ERA BATEKOA ESKAINTZEKO

Santutxuko eta Begoñako Udaltegietan egingo diren jarduerek Álvaro Teixeirak eta Unai Madariagak bakarrean bizi izan dituzten esperientziak eta familian gauzatutako abentura bi ezagutzeko aukera emango digute, azken horiek Aitor Ahedoren eta Andoni Canela argazkilari nafarraren eskutik.

Egitarauaren barruan, Zinebi eta Mendi Film Festival jaialdietan aurkeztu diren filmak, chanson frantsesari buruzko kontzertu bat eta portugesez hitz egiten duen Afrikari buruzko erakusketa bat jasoko da, Begoñako liburutegian, martxoaren 14ra arte.

Bilboko Udalak “Bidaiarien Txokoa” egitarauaren beste edizio bat inauguratuko du datorren astean. Martxoan zehar bidaien eta abenturaren bestelako ikuspegia eskainiko die ikus-entzuleei, Santutxuko eta Begoñako udaltegietan: lehen pertsonan emandako hitzaldiak, zinea, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Zinebin, eta Mendi Film Festival jaialdietan egon diren izenburu ezagunekin; musika eta portugesez hitz egiten den Afrikari buruzko erakusketa bat.

Hilabete honetako 7tik 14ra Begoñako liburutegian bisitatu ahal izango den erakusketa, Portugalek Afrikan izan zuen nagusitasunak utzi duen aztarna kulturalean zentratzen da. Erakusketa Angolako, Mozambikeko eta Cabo Verdeko literaturan zentratuko da, arreta berezia eskainiz zenbait egileri, Jose Eduardo Agualusa, Henrique Abranches, Baltasar Lopes, Aurelio Gonçalves edo Agostinho Netori, besteak beste. Udal Liburutegi Sarean dauden idazle horien zenbait lan aurkeztuko dira.

Ohikoa denez, Begoñako Udaltegiak, euren bizitza esperientziarengatik edo egindako bidaien emaitzarengatik, beste mota bateko ikuspegia eskainiko duten pertsonak protagonista izango diren hitzaldi zikloa jasoko du. Hitzaldiekin batera ikus-entzunezko emanaldiak egongo dira, protagonistek eurek azaldutakoak.

Hitzaldiak MARTXOAREN 10ean hasiko dira, orain 3 urte, semeak urtebete baino ez zuenean, familiarekin bidaiak egiten hasi zen Aitor Ahedo arabarraren esperientziarekin. “Viaje hacia el sol naciente” izeneko hitzaldian ikus-entzuleekin konpartituko dute umeekin bidaiatzearen esperientzia. Euren hitzetan, hori ez da inolako traba. 2015ean Turkia eta Iran ezagutzera joan ziren, Japoniara hegaz egin zuten eta euren ibilbidea Filipinetan amaitu zuten.

Álvaro Teixeirak, bere aldetik, 2013an, eta bi urtez, bizikletaz Alaskatik Ushuaiara, Argentinako Tierra de Fuegora, eraman zuen bidaiaren berri emango du. Ameriketako kontinentean zehar egindako bidaia, bertako zaporeetatik eta usainetatik, besarkaden eta azalaren bitartez, hitzen eta musikaren bidez, batez ere pertsonengana, bidean aurkitu duen jendearengana hurbilduz. Hori guztia dela eta, bidaia oso esperientzia pertsonal handia bilakatu zen.

MARTXOAREN 15ean Unai Madariaga bilbotarraren txanda izango da, Australian hasi zen eta bi hilabetez Asia hego-ekialde osora eraman zuen abenturari buruzko “Landia batetik bestera” euskaraz eskainiko duen hitzaldiarekin. Indonesia, Malaysia, Kanbodia, Vietnam, Laos eta Thailandia igaro ondoren, Islandiara joatea erabaki zuen. Bere testigantzaren eta ikus-entzunezko materialaren bitartez, bi ‘landia’ horien arteko aldeak erakutsiko dizkie ikus-entzuleei

Hitzaldien zikloa MARTXOAREN 17an amaituko da, Andoni Canela argazkilari nafarraren izen bereko dokumentalaren proiekzioa jasoko duen “El viaje de Unai” hitzaldiarekin. Unai, familiarekin batera munduan zehar abentura bikainean bidaiatu duen 10 urteko umea da. Naturako argazkilari den aitak zazpi animalia enblematiko bilatu behar ditu, argazkiak ateratzeko eta animalia horiek bizi duten egoera zaila erakusteko. 15 hilabetez umeak aitaren pausoak jarraitu ditu, arrebarekin eta amarekin batera, naturaren aurrean baldintzarik gabeko maitasuna transmititzen duten esperientziak biziz. Otsoak, elefanteak, pumak, bisonteak, pinguinoak, kalaoak eta krokodiloak dira kontinente guztietatik egindako bidaia zoragarri horren protagonistak.

ZINE DOKUMENTALA

Programazioa hiru zine saiorekin osatuko da, Santutxuko Udaltegian, MARTXOAREN 9an, 14an eta 16an. Saio horietan aurretik Zinebin eta Mendi Film Festivalean ikusi ahal izan diren filmak eta dokumentalak eskainiko dira. Lanek nazioarteko izaera markatua dute, eta oso gai anitzak lantzen dituzte, mendizaletasuna, jaitsierak ur arinetatik edo gertuagoko lanak, artzainen memoria berreskuratu nahi duen eta larre-aldaketari, trashumantziari, eskainitako omenaldia izan nahi duen Aitor Gisasolaren eta Fredi Paiaren “Akabuko martxea”, besteak beste.

Mendiko zine jaialditik igaro diren izenburuak hauek dira: “The Mysteries” (8 min. EEBB), “Freedom Under Load” (58 min. Eslovakia) –Bilbao Mendi Film Festival 2016 Sari Nagusia–, “The Important Places” (9 min. EEBB) –Bilbao Mendi Film Festival 2016ko Gidoi Hoberenaren Saria– eta “Akabuko martxea” (60 min. Euskadi). Film guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, gaztelaniazko azpi-tituluekin.

MARTXOAREN 16an Zinebiren eskutik etorriko den proiekzioak, gai eta hizkuntza anitzak lantzen dituzten sei film labur eskainiko ditu, fikziozkoak, animaziozkoak eta dokumentalak, guztiak ere bidaiekin edo urruneko lekuetako ohituren ezagutzarekin erlazionatutakoak. Aukeratutako lanak “Initiation” (11′. Hego Afrika), “Miroirs” (10′. Euskadi), “Sredi Chernyh Voln” (11′. Errusia), “El imperio de la luz” (15′. Espainia), “Anujin” (11′. Euskadi) eta “Made in Spain” (11′. Espainia) dira, guztiak ere iaz ekoiztutakoak.

Ohikoa denez, egitarauak, beste lekuetako musika ezagutzeko kontzertua ere jasoko du. Duo Paddamek, chanson frantsesa apur bat hobeto ezagutzeko pieza aukeraketa jasoko duen kontzertu dotorea eskainiko du. Kontzertua MARTXOAREN 8an izango da Santutxuko Udaltegian. Ekitaldi guztietarako sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.

ERANSKINA: AGENDA

“BIDAIARIEN TXOKOA”

Hitzaldiak + ikus-entzunezkoak:
Begoñako udaltegian (Txurdinagako kiroldegiaren ondoan).

MARTXOAK 10, 19:30ean. “Viaje hacia el sol naciente”, Aitor Ahedo.
MARTXOAK 13, 19:30ean. “América en bici y en persona”, Álvaro Teixeira.
MARTXOAK 15, 19:30ean. “Landia batetik bestera” (euskaraz), Unai Madariaga.
MARTXOAK 17, 19:30ean. “El viaje de Unai”, Andoni Canela .

Emanaldiak:
Santutxuko udaltegian.

MARTXOAK 9, 19:30ean.
“The Mysteries” (8 min. EEBB) eta “Freedom Under Load” (58 min. Eslovakia).
Mendi Film Festival.
MARTXOAK 14, 19:30ean.
“The Important Places” (9 min. EEBB) eta “Akabuko martxea” (60 min. Euskadi).
Mendi Film Festival.
MARTXOAK 16. 19:30ean.
“Initiation” (11′. Hego Afrika), “Miroirs” (10′. Euskadi), “Sredi Chernyh Voln” (11′. Errusia), “El imperio de la luz” (15′. Espainia), “Anujin” (11′. Euskadi) eta “Made in Spain” (11′. Espainia)
ZINEBI

MARTXOAK 8
19:30ean Santutxuko Udaltegia
Kontzertua: Paddam bikotea (Chanson frantsesa)

MARTXOAK 7 – 14
Begoñako Udaltegiko liburutegia
Erakusketa. “Afrika lusofona”

Ekitaldi guztietarako sarrera librea izango da, aretoko leku guztiak bete arte.