BILBOKO UDALAK ZAPATU HONETAN ZABALDUKO DU EGUNGO PANORAMAKO AHOTS ESANGURATSUENAK SANTUTXUN BILDUKO DITUEN “UDABERRIKO BERTSO SAIOAK” PROGRAMAREN 33. EDIZIOA

Santutxuko Bertso Eskola beteranoarekin antolatutako egitaraua maiatzeko hiru zapatutan, 6an, 13an eta 20an, izango da Karmelo plazan, eguerdiko 13:00etatik aurrera. Maiatzaren 26an itxiko da, auzoan egingo den Bertso-poteoarekin, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

“Udaberriko Bertso Saioak”, Santutxuko Bertso Eskolak eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak elkarrekin antolatzen duten bertsolaritzaren inguruko ohiko programak bere 33. edizioa zabalduko du datorren zapatuan, maiatzaren 6an, Santutxuko Karmelo plazan. Ekitaldian arituko diren ordezkariak Maialen Lujanbio Euskal Herriko Txapeldun Nagusia 2009an, Miren Amuriza Bizkaiko azken txapelketan finalista eta Xabier Amuriza historikoaren alaba, Ibon Ajuria, Bizkaiko txapelketako finalista birritan eta Unai Iturriaga izango dira.

Aire zabaleko bigarren hitzordua maiatzaren 13an izango da. Ohikoa denez, hitzordua eguerdiko 13:00etan hasiko da, Karmelo plazan, eta oraingo honetan, ikus-entzuleek Sustrai Colina iparraldeko txapeldun eta Euskal Herriko txapelketan lau aldiz finalista izan denaz, Jone Uriaz eta Alaia Martínez eta Amets Arzallus egungo Euskal Herriko txapeldunaz gozatu ahal izango dute.

Karmelo plazan eskainiko den hirugarren eta azken saioa maiatzaren 20an izango da, eta bertan, Bizkaiko Txapeldun birritan izan den Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue egungo Bizkaiko Txapelduna, Igor Elortza eta Andoni Egaña lau bider Euskal Herriko Txapeldun Nagusi izandakoa arituko dira. Ohikoa denez, Santutxuko Bertso Eskola izango da gai jartzailea.

Egitaraua MAIATZAREN 25ean amaituko da, Bertso – poteoaren beste edizio batekin, 20:00etatik 23:00etara, Santutxu auzoko hainbat aisia gunetatik (El Rincón, Gaineko, Txikia, Bilbo 82 eta Aitor tabernak). Bertso-poteoan, Bizkaiko txapelketan hainbat bider finalista izan diren Ohiana Bartrak eta Onintza Enbeitak eta Fredi Paia 2015eko Bizkaiko txapeldunak osatutako hirukotea arituko da.

Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, “Udaberriko Bertso Saioak” programak euskaltzaleen arteko topaleku izan nahi du eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak gure Hirian egiten duen lana bultzatu nahi du.

Azpimarratzekoa da, baita ere, emakumeek egitarau honetan duten presentzia garrantzitsua, bertsolaritzaren panoraman emakumeak %15 inguru badira, “Udaberriko Bertso Saioak” egitarauan presentzia hori %50ekoa baita.

UDABERRIKO BERTSO SAIOAK – PROGRAMA

ZAPATUA, MAIATZAK 6
13:00 – Karmelo Plaza
Maialen Lujanbio
Unai Iturriaga
Miren Amuriza
Ibon Ajuria

ZAPATUA, MAIATZAK 13
Jone Uria
Sustrai Colina
Alaia Martín
Amets Arzallus

ZAPATUA, MAIATZAK 20
13:00 – Karmelo Plaza
Andoni Egaña
Arkaitz Estiballes
Etxahun Lekue
Igor Elortza

ZAPATUA, MAIATZAK 27
“Bertso – Poteoa”
20:00 – 23:00 Santutxu auzoa
Ohiana Bartra
Onintza Enbeita
Fredi Paia

+ INFO: www.kulturabarrutik.eus