BILBOKO UDALAK UNAMUNOREN EGUNA OSPATUKO DU OSTIRAL HONETAN JEAN-CLAUDE ETA COLETTE RABATÉREN HITZALDIAREKIN, ETA EGILEAREN IZENA DARAMAN PLAZAN EGINGO DEN LORE ESKAINTZA TRADIZIONALAREKIN

“Las guerras de Miguel de Unamuno” izenburupean, egilearengan espezialistak diren Jean Claude eta Colette Rabaték, bere bizitzako azken urteetatik gutxien ezagutzen diren gertakari batzuetan sakonduko dute. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.

Unamuno plazak, Bilboko Udalak egilea omentzeko urtero egiten dituen lore eskaintza eta adierazpen instituzionala jasoko ditu eguerdiko 12:00etan.

 

Datorren ostiralean 154 urte beteko dira Miguel de Unamuno Bilbon jaio zenetik, 1864ko irailaren 29an. Hori dela eta, Bilboko Udalak egilearen egun instituzionala ospatuko du, egilearen izena daraman plazan egingo den ohiko lore eskaintzarekin eta adierazpen instituzionalarekin. Arratsaldez, 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko Bidebarrieta Kulturguneak “Las guerras de Miguel de Unamuno” hitzaldia jasoko du, Miguel de Unamunoren figuran adituak diren Jean-Claude eta Colette Rabatéren eskutik.

Jean-Claude Rabaték Bilboko pentsalariaren bizitzari eta lanari buruzko zenbait alderdiri buruzko bost liburu egin ditu, berrogei urte baino gehiagotan idatzi den lehenengo biografia barne, argitaratu gabeko dokumentuetan oinarritutakoa. “En el torbellino” azken lanean –Colette Rabatérekin batera egindakoa– Miguel de Unamunoren azken hilabeteak berreraikitzen ditu, bere idazkietan –pribatuetan eta publikoetan– oinarrituta, Errepublika garaiko urte gorabeheratsuak ere barne hartuz. Bertan, irakasle zaharrak altxatutako militarren aurrean zituen jarrerak argitzen dituzte, sarri askotan itxuraz kontrajarriak direnak.

Altxatutakoen kuartel nagusi bilakatutako Salamancan, denbora laburrez alde nazionaleko zinegotzi izandakoa eta beste aldera pasatutako errektorea, gerraren hondamendien aurrean ezer egin ezin dezakeen ikuslea eta propagandaren biktima. Denbora gutxi igaro aurretik “kontzientzia azterketa” mingarria hasiko du, Millán Astray jeneralaren aurrean 1936ko urriaren 12an izan zuen esku-hartzean gauzatu zena. “Hunoek” eta “Hotroek” zigortua eta esetsia, indarkeriazko zurrunbiloaren erdian, katedradun zaharrak erbeste mingarri eta bakartia bizi izan zuen Salamancako bere etxe barruan, ihesbide bakarrarekin: El resentimiento trágico de la vida (Alianza Editorial, 1991) eta gutunak eta poemak idatziz, 1936ko azken egunean hil zen arte.

Jean-Claude Rabaté hispanista frantsesa, Parisko Sorbonne Berria Unibertsitateko katedraduna, aditua da Unamunoren figuraren azterketan eta, horrela, ‘Unamunologoa” dela esaten dute. Colette Rabaté historiagilearen bikotea da, eta hainbat lan egin ditu berarekin. Colette Rabaté Espainiako Hizkuntza, Literatura eta Zibilizazio irakasle titularra da Tourseko “François Rabelais” Unibertsitatean. Espainiako literatura eta historia kultural garaikidea ikertu ditu batez ere, eta idatzi dituen lanen artean hauek daude: “Le Temps de Goya (1746-1828)” (Nantes, 2006), “¿Eva o María? Ser mujer en la época isabelina (1833-1868)” (Ediciones Universidad de Salamanca, 2007) eta baita “Miguel de Unamuno. Biografía” (Taurus, 2009) eta “En el torbellino”, azken biak Jean-Claude Rabatérekin lankidetzan.

ARGITALPENAK
Beste alde batetik, Unamunoren Egunaren ospakizunarekin bat etorriz, Bilboko Udalak 2017ko Miguel de Unamuno XVIII. Saiakera Saria irabaz zuten bi saiakera liburuak argitaratu berri ditu: Mario Martín Gijónen “Un segundo destierro. La sombra de Unamuno en el exilio español” (Iberoamericana Editorial Vervuert) eta Asier Amezagak sinatutako “Inor ez delako profeta bere mendean” (Erein arg.).

Gaztelaniazko kategorian, Filologia Hispanikoan doktore eta XX. mendeko Espainiako literaturan espezialista den Mario Martín Gijónen saritutako testuari dagokionez, Miguel de Unamunoren figura eztabaidagarriak eta lanak 1939ko Espainiako exilioan izan zuten eragina ezagutzeko funtsezko saiakera dela azpimarratu zuen epaimahaiak. Asier Amezaga Etxebarria ikerlari eta unibertsitateko irakaslearen “Inor es delako profeta bere mendean” lanari dagokionez, epaimahaiak modu berezian azpimarratu zuen gogoetarako eta azterketa kritikorako duen gaitasuna. Horrela, Gabriel Arestiren biografian egiten duen ibilbideak, Euskal Herriko garai bati buruzko askoz ere gogoeta sakonagoa egiteko balio du.

Liburuki biak salgai egongo dira hurrengo egunetan liburu-dendetan, eta baita maileguan hartzeko moduan ere Udal Liburutegi Sarean.

AGENDA
IRAILAK 28
19:30 Bidebarrietako liburutegia
“LAS GUERRAS DE MIGUEL DE UNAMUNO”. Hitzaldia
JEAN-CLAUDE RABATÉ. Sorbonne-Nouvelle Paris III Unibertsitatea
COLETTE RABATÉ. Tourseko “François Rabelais” Unibertsitatea
Sarrera librea