BILBOKO UDALAK UNAMUNOREN EGUNA OSPATUKO DU OSTIRAL HONETAN, BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAN ESKAINIKO DEN KONTZERTU LIRIKOAREKIN ETA DAGOENEKO TRADIZIONALA DEN ETA EGILEAREN IZENA DARAMAN PLAZAN EGITEN DEN LORE ESKAINTZAREKIN

“Música para Miguel de Unamuno”, Luís Santana baritonoarekin eta pianoan arituko den Antonio Lópezekin, arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

Unamuno plazak, Bilboko Udalak egilea omentzeko urtero egiten dituen lore eskaintza eta adierazpen instituzionala jasoko ditu eguerdiko 12:00etan.

Bilboko Udalak Miguel de Unamuno XVII. Saiakera Sariak irabazi zituzten bi saiakera-lanak argitaratu ditu: “La flecha (sin blanco) de la historia” (Anagrama arg. eta Devenir) Manuel Cruzena eta “Misentropia” (Erein arg.) Mitxelko Urangak sinatutakoa.

Datorren ostiralean 153 urte beteko dira Miguel de Unamuno Bilbon jaio zenetik, 1864ko irailaren 29an. Bilboko Udalak egilearen egun instituzionala ospatuko du, egilearen izena daraman plazan egingo den ohiko lore eskaintzarekin eta adierazpen instituzionalarekin. Arratsaldez, 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko Bidebarrieta Kulturguneak kontzertu lirikoa jasoko du, Luis Santana baritonoarekin, Antonio López Serranok pianoan lagunduta.

“Música para Miguel de Unamuno” izenburupean, errepertorioak Óscar Esplá, Ernesto Halffter, Antonio José, Gabriel Olaizola edo Manuel de Fallaren lanak jasoko ditu, guztiak ere Miguel de Unamunoren adiskide izandakoak, Salamancako Unibertsitatetik igarotakoak. Oscar Esplárekin batera aritu zen “Niebla” lanean, Falla eta Unamuno bien adiskide zen eta bi margolanetan erretratatu zituen Zuloagaren bitartez ezagutu ziren. Horrez gain, Olaizolaren adiskide ere izan zen; izan ere, “Aurtxo polita” sehaska kanta, egileak gehien atsegin zuen kantetako bat zen.

Kontzertua, Unamunoren poemen musika moldaketa batzuekin osatuko da. Lan horiek Julio Gómez, Pedro Sáenz edo Joaquín Rodrígo konposatzaileek eta David Rivas edo Javier Centeno musikari gazteek prestatu dituzte. Poema guztiei Luis Santana baritonoak jarriko die ahotsa, Antonio López Serranok pianoan zuzenean lagunduta.

Antonio López Serrano ahozko errepertorioan espezializatuta dago, eta lirika abeslari handiekin aritu izan da, Europako, Ameriketako eta Ekialde Urruneko musika zentro garrantzitsuetan emanaldiak eskaintzera eraman duen kontzertu-emaile lana eginez. Luis Santana abeslariari dagokionez, Estatuko antzoki eta kontzertu areto garrantzitsuenetan eta Europa osoan aritu da. Rossiniren errepertorioan eta Espainiako kamera abestian dago espezializatuta. Cecilia Lavilla Berganza sopranoarekin egiten du lan, eta emanaldi asko eskaini ditu berarekin batera.

ARGITALPENAK
Beste alde batetik, Unamunoren Egunaren ospakizunarekin bat etorriz, Bilboko Udalak Miguel de Unamuno XVII. Saiakera Sariak irabazi zituzten bi saiakera-lanak argitaratu berri ditu: “La flecha (sin blanco) de la historia” (Anagrama arg. eta Devenir) Manuel Cruzena eta “Misentropia” (Erein arg.) Mitxelko Urangak –euskarazko 2016ko Saiakera Euskadi Saria– sinatutakoa.

Gaztelaniazko kategorian saritutako saiakera lanari dagokionez, Manuel Cruz Filosofia Garaikide katedradunak sinatutakoa, epaimahaiak, oso ondo oinarrituta eta zorroztasunez idatzita dagoen testua dela baloratu zuen, eta bertan egileak Historiari buruzko gogoeta landua egiten du eta estilo handiz eztabaidatzen ditu modernotasun berantiarreko filosofia eraginkorrenak. Mitxelko Urangaren “Misentropia” lanari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu zuenez, lan erakargarria eta irakurtzeko erraza da, eta “pentsamendu berritzailearen” bitartez egungo errealitateari begiratzeko leihoa zabaltzen du.

Bi liburuak salgai egongo dira hurrengo egunetan liburu-dendetan, eta Udal Liburutegi Sarean maileguan hartu ahal izango dira.