BILBOKO UDALAK UNAMUNOREN EGUNA OSPATUKO DU ASTELEHENEAN, KULTUR JARDUERAK ANTOLATUZ EUSKAL MUSEOAN ETA BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIAN, ETA JADA OHIKOA DEN ZAZPI KALEETAKO LORE ESKAINTZA EGINEZ

Euskal Museoak “Miguel de Unamuno eta argazkiak” erakusketa jasoko du ABENDUAREN 31ra arte. Erakusketa, filosofo eta pentsalari bilbotarraren bizitzako eta jarduerako ia alderdi guztiekin erlazionatutako irudiek osatzen dute.

Bilbon, 2014ko irailaren 24an. Urte honetan guztian, Bilboko Udalak ekitaldi egitarau zabala jarri du martxan, 1864ko irailaren 29an jaio zen Miguel de Unamunoren 150. urteurrena ospatzeko. Datorren astelehenean, Udalak Unamunoren eguna ospatuko du, jada ohikoa den lore eskaintza eginez idazlearen izena daraman plazan eta beste zenbait kultur jarduera antolatuz Bidebarrietako Liburutegian eta Euskal Museoan.

Ohikoa denez, eguerdiko 12:00etan Unamuno Plazak lore eskaintza, eta Bilboko Udalak, Don Migueli omenaldia eskainiz, urtero egiten duen adierazpen instituzionala jasoko ditu. Ondoren, udal arduradunak Euskal Museora hurbilduko dira. Bertan, “Miguel de Unamuno eta argazkiak” izeneko erakusketa aurkeztuko da. Erakusketa horrek, euskal filosofoaren mundu ikonografikoaren parte handia jasoko du, zenbait alderdiren bitartez, Unamuno ikonoa, familiako albumak eta argazkiak, bidaiak eta irteerak, argazki korrespondentzia, gizon publikoa, memoria pertsonala eta txartel postalak. Erakusketa astelehenean bertan, irailaren 29an, zabalduko da jende guztiarentzat, eta abenduaren 31ra arte bisitatu ahal izango da, hau da, Unamuno hil zen egunera arte.

Salamancako Unibertsitateak ekoiztutako eta egindako erakusketak 500 ikus dokumentu biltzen ditu, Unamunok berak batutako argazkiak, postalak, liburuak, egunkariak, aldizkariak eta dokumentuak. Horiek guztiek aukera emango diete ikusleei filosofo eta idazlearen izaeraren eta lanaren zenbait alderditan sakontzeko. Material gehienak argazkiak dira, 350 inguru, eta gainerakoak postalak, liburuak eta aldizkariak. Guztiek, bere bizitzan Unamunok argazkiekin izan zuen harremanaren ikuspegi orokorra ematen dute.

Erakusketa aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa izan da Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duten Euskal Museoaren laguntza.

Unamunoren Poesía

Bidebarrieta Kulturguneak, bere aldetik, “Unamuno, poeta unibertsala” poesia emanaldia jasoko du arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Bertan, Juan José Lanz literatur kritikariak, bere garaiko korronteen barruan kokatuko du Don Miguelen poesia, eta Carmen Bulzánek eta Jean Louis Davantek –Unamunoren lanaren itzultzaileak errumanierara eta euskarara eta frantsesera, hurrenez hurren– pentsalari bilbotarraren poetikari eta erbestean idatzi zituen poemei buruz dituzten ikuspegiak azalduko dituzte. Ondoren, Poetalia elkarteak Unamunoren poema batzuk irakurriko ditu.

Bidebarrietako liburutegia da, baita ere, izenburu bera daraman eta Unamunoren poesia lanetan zentratzen den erakusketarako aukeratu den eszenatokia. Bertan ikusi ahal izango dira udal funtsetako lehen edizioen bilduma bat eta ondorengo beste batzuk, eta baita lan osoak eta antologiak, eta horiek urteetan zehar sortu duten lan kritikoaren aukeraketa ere.

Miguel de Unamunoren jende aurreko aurkezpena poeta gisa berandu eman zen, oso gaztetatik poemak idatzi zituen arren. 42 urte zituen jada, eta saiakera eta eleberrigile ospetsua zen 1907an lehenengo poesia liburua, “Poesías”, argitaratu zuenean. Ordutik aurrera, bere lan lirikoa beste zortzi liburutan argitaratu zen, zazpi egilea bizirik zegoela eta bat, “Cancionero”, idazlea hil zenean argitaratu barik geratutakoa eta 1953ra arte osorik argitaratu ez zena.

Abenduaren 31ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa horrekin, Bidebarrietako liburutegiak Unamunoren lan poetikoa hobeto ezagutzen lagundu nahi du. Izan ere, kritikak ez baitu beti ondo baloratu lan hori, baina Juan Ramón Jiménez, Antonio Machado edo Gerardo Diego bezalako egile handiek oso ondo baloratu zuten. Unamunok berak ere, beste ezer baino lehen poeta izateko etengabeko obsesioa izan zuen.

Ospakizuneko Kupoia

Beste alde batetik, bihar jarriko da salgai ONCE erakundeak filosofo eta pentsalari bilbotarrari eskaini dion ospakizuneko kupoia. Datorren astelehenean, Unamunoren Egunean, zozketatuko da. Eguneroko kupoia izango da, eta 5,5 milioi ale argitaratuko dira.

Autorearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko programa urtearen amaierara arte luzatuko da oraindik. Horrela, urriaren 28an, Unamunoren irudian aditua den José Antonio Ereñok, Francisco Blanco Prieto historiagile ospetsuak egindako “Unamuno en la política local” liburuaren aurkezpen ekitaldia gidatuko du. Egileak, Don Miguelek Salamancako Udalean izan zuen portaera aztertuko du, tokiko prentsan argitaratutako idazki politikoak azalduz eta hiriko hainbat gremioren egoitzetan emandako hitzaldiak ezagutaraziz. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan izango da Bidebarrietako liburutegian.

Azaroaren 25ean, Javier Zamora Bonillak, Ortegaren Ikaskuntzen Zentroko zuzendariak, eta Patxi Lanceros filosofoak, Unamunok eta Ortega y Gassetek euren planteamendu filosofikoen inguruan izan zituzten desadostasun anitzak aztertuko dituzte Bidebarrietako liburutegian.

Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldien zikloa abenduaren 19an amaituko da, Juan Carlos Sánchez Gómezek zuzendutako “Enclaves de Unamuno” dokumentalaren emanaldiarekin. Dokumentalak ibilaldia proposatzen digu, idazlearen azken urteak jaso zituzten Salamancako hiriko txokoetatik. Ondoren, José Antonio Ereñok, “Unamunoren harremanak bizi izan zen hiriekin” izeneko solasaldia gidatuko du. Bertan dokumentalaren zuzendariak, Marcial Morera filologoak, La Sorbonneko unibertsitateko Colette eta Jean-Claude Rabaté irakasleek eta Pablo Unamunok, idazlearen bilobak, hartuko dute parte.