BILBOKO UDALAK, SOLOKOETXE AUZOAN EGINGO DIREN FAMILIA OSOARENTZAKO MAGIA HASTAPEN ETA HOBEKUNTZA IKASTARO BIRAKO IZENA EMATEKO EPEA ZABALDU DU “SOLOKOETXE MAGIKOA” PROGRAMAREN HIRUGARREN EDIZIOAREN BARRUAN

Tailerrak azaroaren 8an, 15ean eta 22an izango dira. Programa azaroaren 29an amaituko da, Tor eta Toborro Magoen eskutik etorriko den ikuskizun handiarekin, Solokoetxeko Institutuan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udalak, Solokoetxeko Nagusiak Elkartearekin batera, familia osoari zuzendutako magia hastapen eta hobekuntza ikastaro bi antolatu ditu, 8 eta 14 urte arteko umeei eta eurekin joan nahi duten helduei zuzenduta. Hirugarren urtez jarraian deitzen da familia osoari zuzendutako jarduera ludiko-prestakuntzakoa, “Solokoetxe Magikoa” programaren barruan. Berrikuntza gisa, hobekuntza maila jasoko du, aurreko edizioetan parte hartu dutenei zuzenduta. Prestakuntza Tor eta Txoborro Magoek emango dute, ibilbide luzeko eta esperientzia handiko mago profesionalek.
Jarduera bata bestearen osteko hiru ostiraletan izango da, azaroaren 8, 15 eta 22an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Solokoetxeko Institutuko liburutegian, euskaraz eta gaztelaniaz. Aurretik izena eman eta matrikula gisa 2 euro ordaindu beharko dira. Izena emateko epea zabalik dago jadanik, eta Solokoetxeko Kultur Elkartearen instalazioetan egin daiteke, bertara joanda (astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:30era), edo herritarren arretarako telefono zenbakiaren bitartez: 010 / 944010010, azaroaren 6a baino lehen.

Hastapeneko tailerrean magia jokoak egiteko sekretuak azalduko dira. Horrela, lehenengo jokoa egingo da, gero azaldu, bikoteka edo banaka entseguak egin eta, amaitzeko, gura dutenek, gainerakoen aurrean aurkeztu ahal izango dute, euren berbaldia, bromak edo detaileak gehituz. Ikastaroan magia baliabide errazak erabiliko dira, goma elastikoak, klipak, papera eta kartak, besteak beste. Maila aurreratuan aurrerapauso bat emango da, trebezia eta ezagutza maila altuagoa eskatzen duten joko konplikatuagoekin.

Programa azaroaren 29an itxiko da, Solokoetxeko Institutuan egingo den magia ikuskizun handiarekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. “Astikeriak. Magia ez da sekula berdina izango – Embrujos. La magia nunca volverá a ser lo mismo” familia osoari zuzendutako pieza elebiduna da. Txoborro eta Tor formatu handiko ikuskizunaren protagonistak dira. Bertan, magia eta antzerkia nahastu egiten dira, itxuraz ezerk zentzurik ez duen unibertso magikoa sortuz. Karten, desagerketen, asmakizunen eta bestelakoen artean, dimentsio handiko eskapismoa egingo dute, eta ikus-entzuleen arteko norbait lebitatzen ere jarriko dute.

AGENDA
Familia osoari zuzendutako magia hastapen/hobekuntza ikastaroa

(Adina: 8 urtetik 14ra eta eurekin doazen helduak)
Arduradunak: Tor – Txoborro magoak
Egunak: Azaroak 8, 15 eta 22.
Ordua: 18:00 – 19:30
Lekua: Solokoetxe Institutua
Hizkuntzak: Euskara – gaztelania
Ikastaroan izena emateko: 2 euro
Ikastaroan izena emateko azken eguna: azaroak 6

TOR ETA TXOBORRO MAGOAK
“ASTIKERIAK. MAGIA EZ DA SEKULA BERDINA IZANGO – EMBRUJOS. LA MAGIA NUNCA VOLVERÁ A SER LO MISMO”
MAGIA IKUSKIZUNA / espectáculo de magia
Eguna: Azaroak 29
Ordua: 18:00
Lekua: Solokoetxe Institutua
Hizkuntzak: Euskara – gaztelania
Sarrera librea leku guztiak bete arte