BILBOKO UDALAK POESIAREN MUNDU EGUNA OSPATUKO DU ASTEARTEAN, MIGUEL HERNÁNDEZEN OMENEZKO ERREZITALDIAREKIN, BERE HERIOTZAREN 75. URTEURRENEAN

Kontzertu-errezitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan eta Joserra Senperenaren pianoa eta Udane Goikoetxearen eta Patxi Zubizarretaren ahotsak entzun ahal izango dira bertan.

Ekitaldirako sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Bilboko Udalak Poesiaren Mundu Eguna ospatuko du asteartean, Miguel Hernández poetaren omenezko errezitaldiarekin, poetaren heriotzaren 75. urteurrenarekin bat etorriz berari eskainita dagoen urtean. Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Kontzertu-errezitaldian Joserra Senperena piano joleak eta Miguel Hernándezen bertsoei ahotsa jarriko dieten Udane Goikoetxea kazetariak eta Patxi Zubizarreta idazleak hartuko dute parte. Errepertorioak poetaren poema ezagunenetako batzuk jasoko ditu, “Canción última” “Boca que arrastra mi boca” edo “Cancionero y romancero de ausencias”, besteak beste, eta euskarara itzulitako zenbait poema ere errezitatuko dira, “Tipularen sehaska kanta” (“Las nanas de la cebolla”) edo “Haur itzaina” (“El niño yuntero”), adibidez.

Kongresuko Kultura Batzordeak aho batez onetsi zuen joan den abenduan 2017. urtea “Miguel Hernándezen urtea” izendatzea, bere heriotzaren 75. urteurrenarekin bat etorriz. Miguel Hernández (Orihuela, 1910 – Alacant, 1942) Alacanteko kartzelan hil zen, Gerra Zibilaren ondoren bertan egon baitzen preso, arrazoi politikoak zirela eta. Miguel Hernándezek oso parte hartze aktiboa izan zuen Gerra Zibilean, eta gerra amaitzean herrialdetik ihes egiten ahalegindu zen, baina Portugaleko mugan atxilotu zuten. Heriotza zigorra ezarri zioten, baina haren ordez hogeita hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten ondoren. Hala ere ez zuen zigorra bete, tuberkulosiak jota hil baitzen 1942ko martxoaren 28an.

Gerra garaian Viento del pueblo (1937) eta El hombre acecha (1938) lanak idatzi zituen, “gerrako poesia” izenez ezagutu zen estiloan. Kartzelan Cancionero y romancero de ausencias (1938-1941) lana amaitu zuen, eta lan jasotzen dira idatzi zituen azken poemak, Las nanas de la cebolla, 36ko Belaunaldia izenekoaren sehaska kanta tristeenetakoa. Gerra aurretik El silbo vulnerado eta Imagen de tu huella izeneko poemak eta El Rayo que no cesa (1936) ezagunagoa idatzi zituen. Bere lanean Garcilasoren, Góngoraren, Quevedoren eta San Juan de la Cruzen eraginak aurki daitezke.

Patxi Zubizarreta Euskal Filologian lizentziatua da, eta idazle gisa Haur eta Gazte Literatura landu ditu batez ere. Bere lanek sari ugari jaso dituzte, Euskadi Saria (1997), edo Ignacio Aldecoa Saria (2002), besteak beste. Udane Goikoetxeari dagokionez, komunikabide ugaritan aritzen den kazetaria da, eta sarritan hartzen du parte literatur topaketetan aurkezle gisa eta bere ahotsa hainbat egileren testuei eta poemei jarriz.

Joserra Senperena piano jole eta konposatzaile donostiarrak, piano klasiko eta jazz ikasketak barne dituen musika prestakuntza du, konposatzaile gisa egin duen lanaren barruan kolaborazioak izan ditu pop-rock musikan, zinean, antzerkian edo literaturan, eta zortzi disko argitaratu ditu. Datorren astearterako errepertorioan, berak idatzitako lanez gain, Paco Ibáñezen eta Silvia Pérez Cruzen zenbait bertsio ezagun ere jasoko dira.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, literaturaren eta giza eta zientzia ezagupenen hedapenerako gunea da.