BILBOKO UDALAK, GATZAREN ALTXAMENDUAN GERTAKARI GARRANTZITSUEN LEKUKO IZAN ZIREN HIRIBILDUKO LEKUETARA BISITA GIDATUAK ESKAINIKO DITU UZTAILEAN, ONDAREAREN HEDAPENERAKO BILBAO IZAN PROGRAMAREN BITARTEZ

Uztailaren 1etik 29ra, oinezko ibilbidea proposatuko zaio jendeari Bilboko Alde Zaharretik, Arriaga plazan hasita, 1631 eta 1634 artean gertatutako herri altxamendu horretan gertakari garrantzitsuen lekuko izan ziren zenbait txoko ezagutzeko.

Bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz, asteartetik larunbatera egingo dira, goizez eta arratsaldez, eta aurretik erreserba egin beharko da 94 401 00 10 telefono zenbakian. Erreserbak datorren ASTELEHENETIK, ekainaren 26tik, aurrera egin ahal izango dira.

Bilboko Udalak maiatzean ekin zien berriro Hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programaren barruan. Edizio honetan, azken gerrak eta beste borrokaldi historiko batzuek hirian utzi zuten aztarnan eta historian ari da zentratzen. Maiatzean eta ekainean, Gerra Zibilaren eragina jasan zuten Santutxuko eta Zabalguneko zenbait txoko bisitatu badira, orain, “Gatzaren Altxamendua” izenez ezagutu zen herri altxamenduaren agertokia izan zen Bilbo zaharretik bisita proposatzen da.

Horrela, Uztailean, oinezko ibilbidea proposatuko zaio jendeari, Arriaga plazan hasita, 1631n hasi ziren gertakari larri eta garrantzitsuenetako batzuen lekuko izan ziren Alde Zahar inguruko zenbait txoko ezagutzeko. Gertakariak, gatzaren prezioa %44 igotzea eta, aldi berean, bilduta zegoen gatz guztia bahitzea eta une horretatik aurrera gatza saltzeko baimena Errege Ogasunera mugatzea erabaki zuen errege aginduaren ondorioz piztu ziren 1631n.

Horrela, 1631 eta 1634 artean, Bizkaia herri altxamenduaren agertokia izan zen, Koroak agindutako gatzaren estankamenduaren ondorioz. Gatazka ekonomikoa izan zen, baina baita gizarte mailakoa ere, eta Foruen defentsari, udal agintean legez kanpo sartzeari, bide gabeko aberastasunari… buruzko eskariak eta protestak ere barne hartu zituen. Altxamendu hartako gertakari garrantzitsuenetako batzuk Bilboko hirian gertatu ziren. Hori dela eta, bisita honetan, gertakari latzak jasan zituzten agertokiak ikusiko dira, eta altxamendu horren zergatiak eta ondorioak ezagutuko dira. Gatzaren estankoa zer zen eta Bizkaiko biztanleentzat, eta batez ere Bilboko herritarrentzat, zergatik zen hain garrantzitsua azalduko da.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (ostiral arratsaldean euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren uztailaren 29ra arte. Horrez gain, bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 / 010 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara), datorren ASTELEHENETIK, ekainaren 26tik, aurrera. Bisitarako topalekua Arriaga plaza (ikurriñaren azpian) izango da. Ohikoa denez, bisita gidatuek udako etenaldia izango dute abuztuan, eta berriro ekingo zaie irailaren hasieran.

BILBAO IZAN
Bilbao IZAN programa duela hamabi urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta, orokorrean historian interesa duten guztiei, hiriaren ondarea eta bilakaera, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten eraikuntza prozesua ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan eta gertakarietan jarriz.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa
BISITA GIDATUAK “Matxinadak. Gatzaren Altxamendua”

Uztailaren 1etik 29ra (25ean ez da bisitarik egongo)
Astearteetan eta asteazkenetan: 16.00etan eta 18:00etan
Ostegunetan eta ostiraletan: 10.00etan eta 17.00etan (ostiral arratsaldean euskaraz)
Larunbatetan: 10.00etan eta 12:00etan
Dohainik. Erreserba irekita ekainaren 26tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera 8.00etatik 20.00etara).

+Info: www.bilbaokultura.eus / Facebook: Bilbao Izan / Youtube y flickr: bilbao kultura