BILBOKO UDALAK ETA ZINEBIK LAGUNTZA EMAN DIOTE EUSKADITALIARI ZINECITTÁ PROGRAMATZEKO. OTSAILAREN 2TIK 4RA BBK ARETOAN IZANGO DA ITALIAR ZINEMA GARAIKIDEAREN ZIKLOA.

Euskaditaliak antolatutako ekimenak Bilboko Udalaren, Zinebiren, BBKren eta Erromako “Istituto Luce” erakundearen laguntza izan du. Egun Italiako panorama zinematografikoa zertan den erakustea da ekimenaren xedea.

Hiru saio egongo dira eta doakoa izango da sarrera.

Bilbon Zinecittà Italiako zinema garaikidearen lehen edizioa otsailaren 2an, 3an eta 4an izango da. Euskaditaliak, “spazio di unione culturale”, antolatu du ekimena. Horretarako, Bilboko Udalaren Kultura Sailaren, Zinebiren, BBK aretoaren eta Erromako Istituto Luce erakundearen laguntza izan du.

Zikloak gaur egun italiar panorama zinematografikoa zertan den erakutsi nahi du. Zikloko hiru egunetan hiru generotako film bana proiektatuko da BBK aretoan. Sarrera doakoa izango da.

Zinecittak italiar egileen proposamenen artetik arrakasta handia izandako filmak proiektatuko ditu. Zinecittàren lehen edizio honetako lehen filma Pierfrancesco Dilibertoren “La mafia uccide solo d’estate” izango da. 2014an Europar Zinemaren Komediarik Onenarentzako Saria eskuratu zuen. Nolabaiteko Forrest Gump, italiar erara, Cristina Capotondi antzezle duela.

“Il giovane favoloso (Leopardi)” izango da bigarren filma. Giacomo Leopardi olerkariaren bizitzaren narrazioa da.
Otsailaren 4an zikloa amaitzeko “Se Dio vuole” filmaren txanda izango da. Edoardo Maria Falconek bere opera priman Andrea Historiako ikasle onaren istorioa kontatzen du. Andreak etxekoak asaldatuko ditu abadea izan gura duela diotsenean.

PROGRAMA

Martitzenean, otsailak 2, 20:00etan.
Izenburua: La mafia uccide solo d’estate (2014).
Zuzendaria: Pierfrancesco Diliberto (AKA Pif).
Hizkuntza: Jatorrizko bertsioa italieraz eta azpitituluak ingelesez.
Generoa: Drama.

Laburpena:
Nola hazi eta maitatu Palermoko giro mafiosoan! Ume baten begietatik, hogei urteko istorio luzea. Arturo da ume hori, hiri zoragarri eta beldurgarrian hazten dena. Hala ere, hiri horretan badago grinarako eta irribarrerako tarterik.

Eguaztenean, otsailak 3, 20:00etan.
Izenburua: Il giovane favoloso (Leopardi) (2014).
Zuzendaria: Mario Martone.
Hizkuntza: Jatorrizko bertsioa italieraz eta azpitituluak gaztelaniaz.
Generoa: Historikoa | Literatura.

Laburpena:
Giacomo Leopardi XVIII. mendeko olerkari italiarraren obra zoragarria eta bizitza gogor eta laburra erakusten ditu, aitaren liburutegia zegoen Recanati herritik kolera jasan zuen Napoli hiriraino.

Eguenean, otsailak 4, 20:00etan.
Izenburua: Se Dio vuole (2015).
Zuzendaria: Edoardo Maria Falcone.
Hizkuntza: Jatorrizko bertsioa italieraz eta azpitituluak gaztelaniaz.
Generoa: Komedia.

Laburpena:
Tommaso izen oneko kardiologoa da, sinesmen finkoak dituen gizon ateo eta liberala. Carlarekin ezkonduta dago, Carla etxekoandrea da. Seme bi dituzte: Andrea eta beste bat. Andrea Medikuntzako ikasle ona da, baina etxekoak asaldatuko ditu abadea izan gura duela diotsenean.

**Filmak jatorrizko bertsioan izango dira, hau da, italieraz, eta azpitituluak izango dituzte gaztelaniaz edo ingelesez. Sarrera doakoa da. Lekuak mugatuta daude.