BILBOKO UDALAK ETA ALONDEGIKO GOLEM ZINEMEK ZAZPI EGILE-FILM EMANGO DITUZTE ‘DATORREN ZINEA’ ZIKLOAREN BARRUAN

  • Egunean film bat programatu da azaroaren 25etik abenduaren 1era bitartean eta gainera, horietako bakoitza zinearen arloko aditu ospetsu batek aurkeztuko du.
  • Sarrerak salgai daude Golem zinemen webgunean eta Alondegiko Golem zinemetako leihatiletan.
  • Ziklo hau Bilbao Aurrera Planaren eta #BilbaoUdazkena2020 udal kultur ekimenaren barruan kokatzen da.

(Bilbo, 2020ko azaroaren 23a). – Bilboko Udala eta Alondegiko Golem zinemak elkartu egin dira datorren eguaztenean, azaroaren 25ean, hasiko den egile-zinemaren ziklo bat urira ekartzeko. Hala, ‘Datorren zinea’-ren barruan, Alondegiko Golem zinema-aretoek egunero film bat emango dute, abenduaren 1era arte (martitzena). Ziklo honetan, hainbat banaketa-enpresarekin elkarlanean antolatuta, urteko zazpi film esanguratsuenetakoak proiektatuko dira, Berlineko, Veneziako, Torontoko eta Donostiako jaialdietan sarituak. Film horiek Frantzia, Erresuma Batua, Danimarka, Irlanda, Txekiar Errepublika eta Italiakoak dira. Film guztiak jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin, emateaz gain, zinearen arloko aditu ospetsuek aurkeztuko dituzte, ikusleak filmeko mundu misteriotsu eta liluragarrian murgilduz.

Dramatik komedia erromantikora bitarteko generoak barne hartzen dituzten film horiek ikusteko sarrerak Golem-en webgunean: www.golem.es eta zinemetako leihatiletan eros daitezke.

DATORREN ZINEA: PROGRAMAZIOA

Azaroaren 25a, 19:00etan
‘Borrar el historial’, Benoît Deléphine. Frantzia, 2020.
Aurkezpena Jose Luis Cienfuegosek, Sevillan egiten den Zinema Europarreko Jaialdiko zuzendariak, egingo du.

Probintzietako auzo bateko hiru bizilagunek hainbat arazo dituzte sare sozialekin, Internetekin eta telebistarekin, eta irtenbide bat aurkitzen saiatzen dira erraldoi teknologikoei gerra deklaratuz. Film honek Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlingo Zinemaldian.

Azaroaren 26a, 19:00etan
‘Druk (Another Round)’, Thomas Vinterberg. Danimarka, 2020.
Aurkezpena Andrea Bermejok, zineari buruzko Cinemanía aldizkariko erredakzio-buruak, egingo du.

Lau irakaslek esperimentu soziologiko bati ekin diote. Esperimentu horretan, bakoitzak bere gorputzeko alkohol-tasari eutsi beharko dio eguneroko bizitzan maila berean, eta saiatu beharko du frogatzen, hartara, hobetu egin dezaketela bere bizitzako alderdi guztietan. Baina esperimentuaren ondorioz, betiko aldatuko dira.
Film hau Donostiako Zinemaldiko Film Onenaren, Zuzendaritzaren, Aktorearen eta Gidoiaren sarirako izendatu zuten; Kritikaren eta Aktore Onenaren Feroz Saria irabazi zuen; eta Film Onenaren saria irabazi zuen BFI London Film Festival jaialdian.

 

Azaroaren 27a, 19:00etan
‘Charlatan’, Agnieszka Holland. Txekia, 2020.
Aurkezpena Pepa Blanesek egingo du, Ser irratiko kultura saileko erredaktore buru eta Movistar+ eko“La Script” saioaren zuzendarikideak.

Europako Zinemaren Sarietan zuzendari onenaren sarirako izendatu zuten drama honek 50eko hamarkadan aparteko trebetasunak zituen gizon baten istorioa kontatzen du.

Azaroaren 28a, 18:30etan
‘Crock of Gold: A few Rounds with Shane MacGowan’, Julien Temple. Irlanda, 2020.
Aurkezpena Begoña Piñak egingo du, Público egunkariko zinema arloko kazetari eta CIMA-Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezko Hedabideen komunikazio zuzendariak.
Taldearen eta MacGowanen familiaren artxiboko irudi ezezagunak konbinatuz, Ralph Steadman ilustratzailearen animazioekin batera, ‘Crock of Gold’ Shane MacGowan poeta punk irlandarra eta The Pogues-eko abeslari eta konpositore nagusiaren ospakizuna da. Johnny Depp-ek ekoitzia da filma,eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Donostiako Zinemaldian.

 

Azaroaren 29a, 18:30etan
‘Martin Eden’, Pietro Marcello. Italia, 2019.
Aurkezpena Gregorio Belinchónek egingo du, El Pais egunkariko zinema arloko kazetariak.

Martin Eden herri bateko mutikoa da eta marinel gisa lan egiten du. Halako batean, Arthur Morse goi-mailako gaztearen bizitza salbatu du Martinek. San Frantziskon bizi da Morse. Eskerrak emateko, Arthurrek etxera gonbidatu du Martin,eta, pixkanaka, bere bizimoduan sartu du. Gazteak aukera bat ikusten du azkenean idazle bihurtzeko, eta luxuen arteko denbora ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen da. Martinek ustekabeko bultzada bat jaso du Ruth gaztea ezagutu duenean, harekin maitemindu baita berehala.
Film hau Film Onenaren, Zuzendaritzaren, Aktorearen eta Gidoiaren sarirako izendatu zuten Europako Zinemaren Sarietan; Nazioarteko Film Onenaren sarirako Gotham Sarietan; Gidoi Onenaren sarirako, Donatello Sarietan. Gainera, Veneziako Zinemaldian Aktore Onenaren saria irabazi zuen eta Sevillako Zinemaldian Film Onenaren Urrezko Giraldillo saria.
Azaroaren 30a, 19:00etan
‘Perfumes’, Grégory Magne. Frantzia, 2020.
Aurkezpena Gerardo Sánchez-ek egingo du, TVEko “Días de cine” saioaren zuzendariak.
Anne Walberg lurrinen munduko izarra da. Lurrinak sortzen ditu eta bere talentu izugarria mota guztietako enpresei saltzen die. Jainkosa bezala bizi da, berekoia eta izaera handikoa. Guillaume da haren gidari berria, eta bere inguruko pertsona bakarra da aurpegia jartzeko beldurrik ez duena. Eta horregatik ez du kaleratzen, zalantzarik gabe. Bi mundu oso desberdinen arteko talka, harreman zentzugabe eta dibertigarria sortzen duena, eta, aldi berean, guztiz ustekabekoa.

 

Abenduaren 1a, 19:00etan
‘The Father’, Florian Zeller. Erresuma Batua, 2020.
Aurkezpena Jose Fernándezek egingo du, TVEko berri saioetako kultura arloko zuzendari ondokoak.

Film honek Ikusleen Saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian.
Anthony (Anthony Hopkins) 80 urteko gizon garratza da, bihurri samarra eta bakarrik bizitzea erabaki duena. Anne alabak (Olivia Colman) etxean laguntzeko kontratatu nahi dituen zaintzaile guztiak baztertu ditu. Anne etsita dago, ezin baitu egunero bisitatu eta aitaren buruak huts egiten duela eta errealitatetik gero eta gehiago deskonektatzen dela sentitzen baitu. Oroitzapenen joan eta etorrietan, zenbat gogoratu ahal izango duzu denbora igaro ahala? Anne aitaren pixkanakako galera jasaten ari da bere burua hondatu ahala, baina berak ez du bere bizitza bizitzeko eskubiderik?
BILBAO AURRERA

Ziklo hau #BilbaoAurrera Planaren barruan dago. Gizarte-, ekonomia- eta kultura-larrialdietarako programa honek 15 milioi euro ditu eta 50 neurri baino gehiago COVID-19ak pertsonengan eta enpresetan eragindako osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko. Bilboko Udaleko talde politiko guztiek egin eta adostu dute Plan hori.

#BILBAOUDAZKENA2020
‘Datorren zinea’ #BilbaoUdazkena2020 programa osatzen duten kultur proposamenetako bat da. Ekimen honetan hirirako kultur plan batzuen eta besteen programazioa biltzen da, eta, beraren bidez, Bilboko Udalak sektorearen alde duen jarrera erakutsi nahi du, bera da-eta COVID-19aren krisiak gehien erasandakoetako bat.

#BilbaoUdazkena2020ko programazio guztian zorrotz jarraituko dira osasun-agintariek markatutako protokoloak.

SARE SOZIALAK:

∙ Bilbao Udala: FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM

∙ Bilbao Kultura: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM

Hasiera

Ayuntamiento de Bilbao