BILBOKO UDALAK, DUELA MENDE BATEKO HIRIA ETA BERTAKO JENDEA IRUDIETAN JASOTZEN DITUEN ARGAZKI ERAKUSKETA INAUGURATU DU ZABALGUNEA ERAIKINAREN ATARIAN

Ondarearen hedapenerako BILBAO IZAN programaren barruan Kultura Sailak antolatu duen “Bilbo eta bilbotarrak duela 100 urte” erakusketa URTARRILAREN 24ra arte bisitatu ahal izango da.

120 argazki inguru biltzen dituen bildumak argia ikusiko du, ehun urte baino gehiago esku pribatuetan gordeta egon ondoren. Hori dela eta, ikus-entzuleek, sarritan gaur egun desagertuta dauden Bilboko txokoetako irudiez gozatu ahal izango dute.

Programazioak, ehun urte dituzten bi talderen bi kontzertu ere jasoko ditu: gaur arratsaldean, BBK Aretoan, Udal Musika Bandaren kontzertua jarraitu ahal izango da, eta abenduaren 11n, San Bizente elizan, Bilboko Abesbatza Elkarteko Euskeria Abesbatzak kontzertua eskainiko du.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak, ondarearen hedapenerako BILBAO IZAN udal programaren barruan, antzinako ehun argazki baino gehiagoren bitartez duela mende bateko Bilbo aurkezten digun erakusketa inauguratu du gaur Zabalgune Eraikinean. Urtarrilaren 24ra arte bisitatu ahal izango den erakusketak, batez ere 1902tik 1910era bitartea egile bakar batek –ezezaguna– egindako argazkiak bildu ditu. Argazkiek, argazkilariak pertsonenganako eta mugimendua erakusten duten eszenenganako zuen interes argia adierazten dute, eta nolabaiteko antzekotasuna erakusten dute bere garaiko Eulalia Abaitua edo Juan Antonio Cortés bezalako beste batzuek egindako lanarekin.

Erakusketa osatzen duten argitaratu gabeko 120 argazkiak, azken urteetan gorde izan dituen Tejedor Azua sendiak laga ditu. Izan ere, argazkiek balio dokumental handia duten arren, egia esan behar bada kasualitatez agertu ziren, Ronda kaleko kamarote batean. 1960an, Benito Tejedor (1934 – 1986) galdaragile eta argazki zalea, trastetegi baten zaharberritze lanetan ari zen bere anaiak aurkitu zituen negatiboekin –137 guztira– eta 1880ko hamarkadaren amaierako kajoi-kamera batekin geratu zen. Garai hartan dagoeneko, La Gaceta del Norte egunkariak istorioa jaso zuen eta artikulu bat argitaratu zuen, aurkikuntzaren berri emanez eta argazkietan agertzen ziren gaiak aipatuz.

Negatiboak, kolodion lehorreko kristalezko 11 x 8 cm-ko plakak dira, eta kamera, XX. mendearen hasierara arte Londonen egon zen “Watson & Sons” enpresak egindakoa da. Voigländer und Sohnen Rapid Weitwinkel Euryscop V Nº 0 objektiboa alemaniarra da jatorriz. Argazkilaria nor izan zen ez dakigun arren, goi klasekoa izango zen, edozeinek ez zeukalako ezaugarri horietako kamerarik.

Bere egunean, Benito Tejedorrek negatiboaren tamainan errebelatu eta kontaktu batzuk egin zituen (berak errebelatzen zituen bere argazkiak), eta ahaleginen bat edo beste egin zuen bere argazkiek argia ikus zezaten edo erakusketa batean egon zitezen, mende erdi geroago, Bilboko Udalaren laguntzarekin, egin den bezala. 2012an, Benitoren alaba batekin ezkonduta dagoen Jesus Valbuena, bera ere argazki zalea, argazki horiek ezagutarazteko modua aztertzen hasi zen. Bera da ondare horren kudeatzailea eta negatiboak digitalizatu dituena.

Argazkiak berreskuratzeko prozesuan negatiboak atzetik argitu eta argazki bat atera zaie, eta horrela, handitzeko aukera ematen duen kalitatezko irudi digitala lortu da. Ondoren, alderantzizko prozesua egin eta ohiko argazki gisa prozesatzen da. Negatiboen egoerak mugatzen du kalitatea. Horrela, denboraren eta behar bezala zaindu ez den manipulazioaren ondorioz, karrakatzeak eta pikatze batzuk agertzen dira. Prozesatu digitalean kalte batzuk kendu dira, irudia aldatu gabe.

BILBO HAZIZ
Erakusketa horretarako aukeratutako argazkiek, XX. mendean hazkunde ekonomiko handia bizitzen ari den Bilbo erakusten dute. Burdin mineralaren ustiapena eta esportazioa direla eta 1876an hasitako garapenari, 1898an kolonia izandakoak galdu ondoren bertatik etorritako kapitalak gehitu zitzaizkion. Baina aurrerabide hori ez zen pertsona guztiengana berdin heldu. Meategietan eta lantegietan egin beharreko lanaren baldintza gogorren eta langileen gero eta antolakuntza handiagoaren ondorioz, protestak eta greba orokorrak ere sortu ziren. Hau da, Zabalgunea betetzen hasten den eta gero eta pertsona gehiago jasotzen dituen Bilbo gero eta handiagoa da. Irudietan ikusten diren pertsonek aldaketa horiek euren begi aurrean ikusi zituzten.

120 argazki horietan posible izango da garai hartako Bilboren parte garrantzitsua ezagutzea. Atxuriko eta bertan zegoen ospitale zaharreko argazkiak, San Anton eta Bilbo Zaharraren inguruetan gora eta behera zebiltzan langileak, Erriberako Merkatuko joan etorriak, Areatzan edo Plaza Biribilean ibiltzen ziren ume-zaintzaileen joan-etorriak. Argazkiek garai hartako espazio eta azpiegitura berriak ere erakusten dituzte, 1906ko tranbiaren lanak, 1903an inauguratu zen Banco de Vizcaya eraikinaren eraikuntza lanak, etab.

Gainera, argazkilari anonimoak garai hartako lanbideak ere erretratatu zituen: poliziak, zorrotzaileak, kale-garbitzaileak edo esne-salatzaileak. Eta jende anonimoa ere erretratatu zuen, euren eguneroko jardunean eta aisian, euren jaietan. Bertan Gargantua tradizionala ere ikus dezakegu. Itsasadarra ere sarritan erakutsi zuen, Hiriaren nortasun zeinuak, gabarrak, itsasontziak eta aberatsentzako hotelak, eskuinaldean. Argazki batzuetan egileak bere senideak eta adiskideak ere erretratatu zituen, eta argazki horietan, kalitatezko etxe batean bizi zirela ikusten da. Baina, argazkilariarekin gertatzen zaigun bezala, ez ditugu euren izenak ezagutzen. Agian, material honek argia ikusten duenean, pertsonaren batek bere arbasoak edo familiaren etxea ezagutu ditzake.

Ekimen honek, UPV/EHU-ko Historia eta Geografia Doktore eta ikerlari den Eduardo J. Alonso Olearen laguntza izan du. Bera izan da, gainera, erakusketarako testu guztiak egin dituena.

EHUN URTE DITUZTEN ERAKUNDEAK
Erakusketak arreta handia eskaintzen die, baita ere, ehun urte baino gehiago dituzten Hiriko hiru erakunderi, Athletic Club taldeari, Udal Bandari eta Abesbatza Elkarteari. Udal Bandak 120 urte bete ditu, eta ospakizun ekitaldien artean, GAUR ARRATSALDEAN, ekimen honen barruan, kontzertua eskainiko du BBK Aretoan, 20:00etatik aurrera (sarrera: 2 euro). Halaber, Euskeria Abesbatzak kontzertua eskainiko du Abesbatza Elkartearen 129 urteak ospatzeko, ABENDUAREN 11n, Abandoko San Bizente elizan, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Jasotzen den diru guztia ACNURri, errefuxiatuei laguntzeko NBE-ren agentziari, emango zaio.

Bilboko Athletic Club taldeak ere leku garrantzitsua hartuko du erakusketan, 1913ko abuztuaren 21ean San Mames zaharrean jokatutako lehen partiduko irudiak berreskuratu baitira, Taldeak berak lagatako argazkietan zein Euskal Filmotekak laga dituen bideo irudietan.

Mende hasierako argazki bilduma hori eta Athletic taldeak “Katedralean” jokatu zuen lehenengo partiduaren bideoa, Zabalguneko Merkatuan eta “Javier Sáenz de Buruaga” Osasun Etxean egongo diren telebista pantailetan eskainiko dira, datorren urtarrilaren 24an erakusketa amaitu arte.

Bilbao IZAN programa duela bederatzi urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Honekin 7 dira dagoeneko Hiriko auzoen edo barrutien historiari buruzko erakusketak.