BILBOKO UDALAK ARTE ESZENIKOEN OINARRIZKO KUDEAKETARI BURUZKO IKASTAROA ANTOLATU DU ARTISTA ETA KONPAINIENTZAT

  • Ikastaroaren helburua parte-hartzaileari proiektu eszenikoen administrazioari eta legezkotasunari buruzko oinarrizko ezagutzak ematea da, eguneroko jarduera ekonomikoa kaudimenarekin eta araudiak betez egin ahal izateko.
  • Izen-ematea zabalik dago eta ikastaroa ekainaren 8an, 15ean, 21ean eta 29an egingo da La Bolsa Udaltegian. Prezioa 60€-koa da, 50€-koa Bilbaoeszena, ADDE eta Artekaleko bazkideentzat.
  • Formakuntza Jemima Canok emango du, eta diziplina eszeniko desberdinetako artista eta konpainiei zuzenduta dago, beren lehen lanak sortzen ari direnei edo kulturan ekiteko apustua egiten ari direnei.

(Bilbo, 2023ko maiatzaren XX).- Bilboko Udalak arte eszenikoen oinarrizko kudeaketari buruzko ikastaroa jarriko du abian. Ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei proiektu eszenikoen administrazioari eta legezkotasunari buruzko oinarrizko ezagutzak ematea, jarduera ekonomikoaren egunerokotasuna kaudimenez eta araudiak betez egin ahal izateko.

Izen-ematea maiatzaren 26ra arte zabalik dago. Inprimaki baten bidez egin beharko da, mezu elektroniko bat bidaliz [email protected] helbidera. Prezioa 60€koa da (50€koa Bilbaoeszena, ADDE eta Artekaleko bazkideentzat).

Ikastaroa ekainaren 8an, 15ean, 21ean eta 29an egingo da La Bolsa Udaltegian, 19:00etatik 20:30era, eta beren lehen lanak sortzen ari diren edo kulturan ekiteko apustua egiten ari diren diziplina eszeniko desberdinetako artista eta konpainiei zuzenduta dago.

Honetan, beren beregi landuko dira oinarrizko kontzeptu fiskalak (BEZa, atxikipenak, oinarrizko zergak), dokumentu-ereduak (faktura, ordainagiria, kontratua) eta beharrezko tresna teknologikoak (egoitza elektronikoa, oinarrizko Excel). Gainera, ekoizpen eszenikoetarako aurrekontu egokiak eta osoak egiteko metodoak partekatuko dira. Saioak gaztelaniaz emango dira, tonu hurbilean eta argian, kudeaketaren munduan esperientziarik ez duten pertsonei oinarrizko kontzeptuak transmititzeko.

Ikastaro hau emango duen hezitzailea Jemima Cano izango da, kultura-ekoizlea eta ekintzailea. Oso gaztetatik egin ditu bere kultur proposamenak. Antzerkia, dantza, bideoa, musika, jaialdiak eta enpresako ekitaldiak ekoitzi ditu, eta diziplina guztietako artistei eta kultura-erakundeei eman die aholkularitza kudeaketa, nazioarteko dimentsio eta publikoen garapenarekin lotutako hainbat gairi buruz.

AURKIBIDE TEMATIKOA, SAIOEN ARABERA:

1. saioa: Konpainien profesionalizazioa

-cachea: aurrekontua egiteko oinarrizko kontzeptuak

-Zelan irakurri jarduketa-kontratu bat, funtsezko klausulak eta arriskuen prebentzioa

2. saioa: Eguneroko kudeaketa 

-fakturazioa: faktura zuzena, zerga-oinarria, BEZa, atxikipenak.

-fiskalitatea: harremana ogasunarekin A-tik Z-ra

-gizarte-segurantzaren eta kontratuen kontzeptu argiak

3. saioa: Zelan baloratzen dut nire lana deialdietarako? Adibideak eta egoitzak

-deialdietarako aurrekontuak

-egoitza elektronikoak eta faktura elektronikoak

4. saioa: Emanaldi bakoitzaren birak, emanaldiak errepikatzea eta optimizatzea

-proiektu edo talde eszeniko baten eguneroko kudeaketarako aholku praktikoak

-emanaldien aurreprodukzioa

-ekoizteko eta komunikatzeko lan-tresna nagusiak

-jasangarritasuna, irisgarritasuna eta ikus-entzuleak

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus