BILBAOPOESIA martxoaren 15ean hasiko da, Blas de Oteroren Egunaren ospakizunarekin, 2008ko Poesia Sari Nazionala izan zen Joan Margarit arkitekto eta poetaren ahotsa izango duen topaketarekin. Beste euskal egile batzuen artean Harkaitz Cano, José Fernández de la Sota edo Leire Bilbao egongo dira.
Jaialdia martxoaren 15etik 23ra luzatuko da, Bidebarrietako Liburutegian, eta martxoaren 16an, egunero bere bertsoak sare sozialen bitartez konpartitzen dituen idazle belaunaldi berria elkartuko da, Anne Invierns, Lae Sánchez, Diego Ojeda edo David Olivas, besteak beste.
Héctor Alteriok “Como hace 3000 años” poesia errezitaldia eskainiko du martxoaren 21ean, León Feliperen poemen aukeraketa eskainiz, José Luis Merlínek gitarrarekin lagunduta. Sarrera librea izango da, martxoaren 15etik aurrera liburutegian bertan jaso ahal izango den gonbidapenarekin, gehienez ere bi gonbidapen pertsona bakoitzeko.
Bidebarrieta Kulturguneak – Bidebarrietako Liburutegi barruan dagoen espazioak-, Bilbok urtero poesiarekin duen topaketa handia jasoko du datorren astetik aurrera, bederatzi egunez; martxoan finkatzeko helburuz, data aldaketa izango duen BILBAOPOESIA jaialdia, Blas de Otero Bilboko poeta handiari eskainitako egun instituzionalarekin eta Poesiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat egiteko. Bilboko Udalak antolatutako BILBAOPOESIAk maila handiko hogei egile inguru elkartuko ditu edizio honetan, horien artean Joan Margarit, Antonio Gamoneda, Olvido García Valdés edo Juan Carlos Mestre, gure letrak ahaztu barik, Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Karmelo Iribarren edo José Fernández de la Sota, besteak beste.
Musika, errezitaldiak eta egile garrantzitsuekin topaketak jasotzen dituen jaialdiaren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Kultura zinegotziaren eta Begoña Morán BILBAOPOESIAren programatzailearen presentziarekin.
Jarduerak martxoaren 15ean hasiko dira, Blas de Oteroren Egunaren ospakizunekin bat etorriz, poeta Bilbon jaio zenetik 102 urte betetzen diren egunean. Ospatzeko, BILBAOPOESIAk ibilbide luzeko arkitekto eta poeta ezaguna ekarriko du, Joan Margarit (Sanaüja, Lleida, 1938), -2008ko Poesia Sari Nazionala “Casa de misericordia” lanarekin-. Oteroren poesia ondo ezagutzen eta asko miresten duen Margaritek aitortzen duenez, 22 urte zituenetik irakurtzen du Otero. Katalanez eta gaztelaniaz hogeita hamar poesia liburu inguru idatzi dituen Lleidako poetak bere poemen irakurketa egingo du eta Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariarekin solasean arituko da.
Luxuzko hasiera horren ondoren, BILBAOPOESIAko programazioak poesia errezitaldia jasoko du martxoaren 16an. Bertan, poesiaren panoraman garrantzia hartzen ari diren zenbait ahots bilduko dira, Anne Invierns edo Lae Sánchez idazleak, Diego Ojeda poeta eta kantautorea eta David Olivas, besteak beste. Poeta gazteak dira, gehienak sare sozialen bitartez ezagun egin direnak, milaka jarraitzaile dituztenak. Anne Inviernsek “Noctiluca” poema liburua argitaratu berri du, eta Diego Ojeda kanariarrak “Lobo. Antología moderna de papás poetas” liburua kaleratuko du denbora gutxi barru. Lauek ezaugarri komuna dute, poesia interneten, teknologia berrien bitartez, kontsumitzen duten irakurle gazte asko dituztela atzean.
KONTZERTUAN
Erabat literaturarekin erlazionatutako programazioaz gain, BILBAOPOESIAk Pedro Guerra kantautorearen kontzertua programatu du asteburuan, larunbatean, martxoaren 17an, arratsaldeko 20:00etan -sarrera 10 euro-. Ángel González poeta asturiarra -Letren Asturiaseko Printzea Saria 1985ean- hil zenetik hamar urte betetzen diren honetan, Guerrak poetaren poematan oinarritutako errezitaldia eskainiko du. Adiskidetasun eta harreman estua zuten, “La palabra en el aire” (2003) disko-liburua argitaratzeko elkarlanean aritu zirenetik.
Astelehenean, martxoaren 19an, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak ateak irekiko ditu, aintzatespen gehien duen gaztelaniazko poetetako bat jasotzeko, Antonio Gamoneda (Oviedo, 1931). Berarekin batera Juanjo Lanz idazle eta literatur kritikaria egongo da. Gamonedaren ezaugarri nagusia, inolako joerarekin bat egin ez izana eta mugimendu poetikoek bideratutako egituretatik ihes egiten duen benetako estiloa izatea da. Sari garrantzitsuak jaso ditu bere ibilbidearengatik, Letren Gaztela eta Leon Saria eta Poesia Sari nazionala, besteak beste; gainera, 2006an letra hispaniarren sari nagusia eman zioten: Cervantes saria. Ospe gehien duten Gamonedaren lanetako batzuk “Edad”, “Libro del frío” eta “Sólo luz” dira.
BILBAOPOESIAk astearterako, martxoaren 20rako, antolatu duen programazioak, ibilbide finkatua eta txalotua daukaten eta hainbat literatur sari jaso duten zenbait egile elkartuko diren errezitaldia proposatzen du: Olvido García Valdés (Santianes de Pravia, Asturias, 1950), Juan Carlos Mestre (Villafranca del Bierzo, Leon, 1957), Jorge Riechmann (Madril, 1962) eta José Fernández de la Sota (Bilbo, 1960).
Poeta, saiakeragile eta itzultzailea, Olvido García Valdés Filologia Erromanikoan lizentziatua da Oviedoko Unibertsitatetik, eta Filosofian Valladolideko Unibertsitatetik. “Y todos estábamos vivos” lanari esker Poesia Sari Nazionala jaso zuen 2007an. 2009ko Poesia Sari Nazionala den Juan Carlos Mestre poeta, saiakeragile eta ikus-artistari dagokionez, musikaria, grabatzaile bikaina eta edozein entzule aho zabalik uzteko gai den juglar modernoa dela esan dezakegu.
Martxoaren 20ko hitzordua, Jorge Reichmann poeta, itzultzaile, saiakeragile, matematikari eta filosofoak eta Euskadi Literatur Saria birritan irabazi duen José Fernández de la Sota poeta bilbotarrak osatuko dute. Euskadi Literatur Saria eman dioten liburu biak Todos los santos, 1998an eta Vacilación, 2010ean, izan dira. José Fernández de la Sotak, El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu duen eta José Manuel Caballero Bonalden hitzaurrea daukan “Quien habla” bere azken liburuaren zenbait poema irakurriko ditu.
POESIAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Poesiaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat etorriz, martxoaren 21ean BILBAOPOESIAk oso errezitaldi berezia jasoko du, Héctor Alterio (Buenos Aires, Argentina, 1929) antzezle beteranoaren eskutik, José Luis Merlin musikari argentinarrak gitarrarekin lagunduta. “Como hace 3000 años” izenburua daraman egitasmoak, Alteriok, erabat identifikatuta sentitzen den poema aukeraketa bat (León Feliperenak batez ere) interpretatzeko zuen nahia betetzen du.
Alteriok errezitaldi horretarako egiten duen proposamena oso berezia da, poemak era klasikoan errezitatu beharrean, antzeztu egiten dituelako. Horrela, ez dira metrika edo melodia bidea markatzen dutenak, antzezpena baizik, ez du esentzia bakarrik bilatzen, ikuskizuna ere bilatzen du. Errezitaldirako sarrera doakoa izango da, gonbidapenarekin. Gonbidapenak Bidebarrietako Liburutegian bertan jaso ahal izango dira, martxoaren 15etik aurrera -larunbatean eta igandean izan ezik- liburutegiko ordutegian, gehienez ere bi gonbidapen pertsona bakoitzeko.
“Literatura, musika, emozioak… bateratuz” izenburupean, martxoaren 22an Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) eta Rafa Rueda (Mungia, 1972) elkartuko dira, literatura, musika eta emozioak bateratzeko asmoz. Horrela, Rafa Ruedak sei abesti eskainiko ditu, gizakiak dituen lehen mailako sei emozio gogorarazteko xedez: poza, tristura, haserrea, beldurra, ezustea eta nazka. Harkaitz Cano aintzatespen handiena duen euskal egileetakoa da. Birritan jaso du Euskadi Literatur Saria. Lehenengoa Kritikaren Sari Nazionala ere baduen “Twist” eleberriarengatik, eta bigarrena, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, “Orkestra lurtarrak” lanarengatik.
BILBAOPOESIAko edizio hau martxoaren 23an itxiko da, Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978), Ben Clarkek (Eivissa, 1984) eta Karmelo Iribarrenek (Donostia, 1959) eskainiko duten errezitaldiarekin, Pello Ramírezek biolontxeloan lagunduta.
Haur literaturan izan duen ibilbide emankorraz aparte -Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria lortu zuen Xomorropoemak eta beste piztia batzuk lanarengatik-, Leire Bilbaok helduentzako bi poema liburu idatzi ditu: Ezkatak (Susa, 2006) eta Scanner (Susa, 2011). Poema horietako batzuk hainbat antologiatan bildu dira, eta zenbait hizkuntzatara itzuli dira. Ben Clarki dagokionez, azkenengo Loewe Poesia Saria irabazi du, La Policía celeste poema liburuarekin; Karmelo Iribarrenek 18 poema liburu argitaratu ditu, eta azkenak, La frontera y otros poemas, argia ikusi berri du. Bakoitzak bere irizpide pertsonalen arabera hautatutako poema aukeraketa errezitatuko du, eta ekitaldia euskaraz eta gaztelaniaz izango da.
AGENDA
MARTXOAK 15, “BLAS DE OTEROREN EGUNA”
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Joan Margarit. Poeta
Jon Kortazar. Idazlea eta literatur kritikaria
MARTXOAK 16
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Anne Invierns. Poeta
Lae Sánchez. Poeta
Diego Ojeda. Kantautorea eta poeta
David Olivas. Poeta
MARTXOAK 17
20:00- Bidebarrietako liburutegia
Pedro Guerra kontzertuan.
“10 años sin Ángel González”
Sarrera: 10 euro.
Salgai Power Records-en eta www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea
MARTXOAK 19
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Antonio Gamoneda. Poeta
MARTXOAK 20
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Olvido García Valdés. Poeta
Juan Carlos Mestre. Poeta
Jorge Reichmann. Poeta
José Fernández de la Sota. Poeta
MARTXOAK 21, “POESIAREN MUNDU EGUNA”
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
“COMO HACE 3000 AÑOS”
Errezitaldia:
Héctor Alterio. Antzezlea
José Luis Merlin. Gitarra
Gonbidapenarekin, martxoaren 15etik 21era jaso beharrekoa liburutegiko ordutegian, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. (Gehienez 2 gonbidapen pertsona bakoitzeko).
MARTXOAK 22
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
“Literatura, musika, emozioak… bateratuz”
Harkaitz Cano. Idazlea
Rafa Rueda. Gitarra
Euskaraz
MARTXOAK 23
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Leire Bilbao. Poeta
Ben Clark. Poeta
Karmelo Iribarren. Poeta
Pello Ramírez. Biolontxeloa
Euskaraz / Gaztelaniaz
+ INFO: www.bilbaokultura.eus (Sekzioa: Bidebarrieta Kulturgunea) edo 010 telefono zenbakian.