BILBOKO UDALAK ANTOLATZEN DUEN “BILBAOPOESIA” LITERATUR JAIALDIA HOGEIGARREN EDIZIORA HELDU DA, ETA ZENBAIT POETA HANDI ELKARTUKO DITU, DARÍO JARAMILLO, PACA AGUIRRE, PERE GIMFERRER EDO NUNO JÚDICE, BESTEAK BESTE

Hitzordua martxoaren 7an hasiko da, Darío Jaramillo, Antonio Carvajal eta Antonio Lucas elkartuko dituen errezitaldiarekin. Aurtengo edizioan, musika Xoel López kantautorearen eskutik etorriko da, larunbatean, martxoaren 9ean, “Sueños y Pan” bere azken lana aurkeztuz (Sarrera 10€, salgai BIHARTIK aurrera Power Records-en eta www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea webgunean)

Elena Medelek, María Sánchezek, María Martínez Bautistak, Irati Iturritzak eta Beatriz Chivitek ordezten duten poeta belaunaldi berria izango da martxoaren 11ko errezitaldiaren protagonista. Jaialdia martxoaren 15ean amaituko da, “Blas de Oteroren Eguna” ospatzeko literatur topaketarekin, Pere Gimferreren, Guillermo Carneroren, Vicente Molina Foixen eta Jenaro Talensen partaidetzarekin.

 

Bidebarrieta Kulturguneak – Bidebarrietako Liburutegi barruan dagoen guneak–, Bilbok urtero poesiarekin duen topaketa handia, aurten hogeigarren edizioa beteko duena, jasoko du. Bilboko Udalak antolatutako BILBAOPOESIAk maila handiko hogei egile inguru elkartuko ditu edizio honetan, horien artean Darío Jaramillo, Paca Aguirre, Pere Gimferrer edo Nuno Júdice daude, gure letrak ahaztu barik, José Fernández de la Sota, María Maizkurrena, Miren Agur Meabe, Beatriz Chivite edo Irati Iturritza, adibidez.

Errezitaldiak, musika, egileekin topaketak eta Zazpi Kaleetako geltokian bi poesia hamarkada horien erakusketa-laburpena jasotzen dituen BILBAOPOESIAren hogeigarren edizioaren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Kultura zinegotziaren eta Begoña Morán BILBAOPOESIAren programatzailearen presentziarekin.

Jarduerak martxoaren 7an hasiko dira, poesia garaikideko hiru egileren partaidetza izango duen errezitaldiarekin, Darío Jaramillo, Granadako Antonio Carvajal eta Madrilgo Antonio Lucas. Hiruen artean bat azpimarratu behar dugu, 2018an García Lorca Nazioarteko Poesia Sari garrantzitsua lortu duena: Darío Jaramillo poeta, eleberrigile eta saiakeragile kolonbiarra, Kolonbiako poesia erromantikoaren berritzaile nagusia eta “Belaunaldi desenkantatuko” eta XX. mendearen bigarren erdialdeko poeta onenetakoa da.

Luxuzko hasiera horren ondoren, BILBAOPOESIAko programazioak, azken urteetan literaturaren munduan ezagunak egin diren eta ospea lortu duten zenbait ahots gazte bilduko dituen poesia errezitaldia jasoko du martxoaren 11n. Ia guztiak, 15. urteurrena betetzen duen La Bella Varsovia argitaletxearekin egiten dute lan. Ekitaldiak Cordobako Elena Medel eta María Sánchez, Madrilgo María Martínez Bautista, eta Irati Iturritza eta Beatriz Chivite –Blas de Otero Poesia Saria 2016– nafarrak elkartuko ditu. Guztiak ere 80ko hamarkadako bigarren erdialdean edo 90ekoan jaiotakoak dira, eta emakume poeta belaunaldi berria ordezten dute.

Eta egile gazte talde horren aurrean, martxoaren 12ko errezitaldiak, Estatuko poesiaren ahots nagusietakoa jasoko du, umetatik Madrilen bizi den Alacanteko Francisca Aguirre, literatura eta kultura zirkulu guztietan Paca Aguirre izenez ezagutzen dena –Letren Sari Nazionala 2018–. Berarekin batera, Guadalupe Grande alaba eta poeta, María Maizkurrena eta Nuno Júdice poeta, eleberrigile eta irakasle portugaldarra egongo dira.

Martxoaren 13an ibilbide luzeko bost idazle elkartuko dira Bidebarrietako Liburutegian. Felipe Benítez Reyes, literaturako ia genero guztiak hartzen dituen egilea da, eta oso sari garrantzitsuak lortu ditu, Kritikaren Saria eta Literatura Sari Nazionala, besteak beste. Horrez gain, bertan egongo dira Lorenzo Oliván poeta kantabriarra –Kritikaren Saria 2014–, Raquel Lanseros Cadizko poeta eta itzultzailea, egungo poesiak duen ahots sarituenetakoa eta garrantzitsuenetakoa eta bi euskal poeta handi, José Fernández de la Sota eta Miren Agur Meabe.

Programazioak hurrengo egunean, martxoaren 14an, izango du jarraipena, Elvira Sastre eta Benjamín Prado elkartuko dituen literatura topaketarekin. Elvira Sastre ohiko egileetako bat da literatura ekitaldien zirkuituan, poesia biszeral eta zuzenarekin, eta aintzatespena eta ospea lortu ditu Interneten eta sare sozialen bitartez. 1992an jaiotako poeta segoviarrak, Internetek emakume idazle bati ematen dizkion aukerak hautemanda, Relocos y recuerdos bloga sortu zuen. Ohar koadernoa, bitakora eta irakurleekin topaleku da. Sastrek Biblioteca Breve saria irabazi du ekitaldi horretan aurkeztuko duen “Días sin ti” bere lehenengo eleberriarekin.

Programazioa martxoaren 15ean itxiko da, luxuzko topaketarekin, “Blas de Oteroren Eguna” ospatzeko. Horrela, bertan elkartuko dira Pere Gimferrer Letren Sari Nazionala, Guillermo Carnero, Vicente Molina Foix eta Jenaro Talens, guztiak ere “Bederatzi poeta espainiar Berri-berrien” artean daudenak, eta Blas de Oterorekin harreman zuzena eduki ahal izan zuen belaunaldiko kideak. Topaketa gai horren ingurukoa izango da, eta 19:00etan hasiko da, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

BESTELAKO JARDUERAK
Erabat literaturarekin erlazionatutako programazioaz gain, BILBAOPOESIAk Xoel López Coruñako kantautorearen kontzertua programatu du asteburuan, larunbatean, martxoaren 9an, arratsaldeko 20:00etan, “Sueños y pan” bere azken laneko abestiak eskainiz. Sarrerak (10 euro) salgai daude jadanik Power Records-en eta www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea webgunearen bitartez

Beste alde batetik, igandean, martxoaren 10ean, Bidebarrieta Kulturguneak Erre Arteka & Maskaradak ekoiztutako pieza eszenikoa jasoko du, Mario Benedettiren “Buzón de tiempo” antzezlanean oinarritutakoa. Antzezle taldea Irati Agirreazkuenagak, Chema Trujillok, Carlos Panerak, Miguel Foucesek eta Braulio Cortések osatzen dute, Carlos Paneraren zuzendaritzapean. “Buzón de tiempo” lana osatzen duten ipuinek topaketaren forma desberdinak aurkezten dituzte: galdutako maitasunaren topaketa nostalgikoa, beste garai batzuetako zurrumurruak, erantzunik gabeko deiak, minez berreskuratutako nortasuna, irudiak zahartzen dituzten ispiluak edo heriotzaren berehalakotasuna. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte.

BILBAOPOESIAren hogeigarren edizioarekin bat etorriz Udalak urte hauetako atzera begirako erakusketa programatu du, bi hamarkada horietan jaialditik igaro diren egile garrantzitsuenetako batzuen argazkiekin eta testuekin, Adonis, Ángel González, José Manuel Caballero Bonald, María Victoria Atencia, Chantal Maillard edo Miren Agur Meabe, besteak beste. Panelak Bilboko Metroaren Zazpi Kaleetako geltokian egongo dira ikusgai, Unamuno plazako irteeran, martxoaren 1etik 30era.

AGENDA XX. BILBAOPOESIA

MARTXOAK 7
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Errezitaldia:
Dario Jaramillo
Antonio Carvajal
Antonio Lucas

MARTXOAK 9
20:00– Bidebarrietako liburutegia
Xoel López kontzertuan.
“Sueños y Pan”
Sarrera: 10 euro.
Salgai Power Records-en eta www.bilbaokultura.eus/bidebarrietakulturgunea webgunean

MARTXOAK 10
19:00 – Bidebarrietako liburutegia
“Buzon de tiempo”
Mario Benedettiren ipuinak eta poemak.
Antzerkia

MARTXOAK 11
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Errezitaldia:
Elena Medel
María Sánchez
María Martínez Bautista
Irati Iturritza
Beatriz Chivite

MARTXOAK 12
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Errezitaldia:
Nuno Júdice
María Maizkurrena
Francisca Aguirre
Guadalupe Grande

MARTXOAK 13
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Errezitaldia:
Felipe Benítez Reyes
Lorenzo Oliván
Raquel Lanseros
José Fernández de la Sota
Miren Agur Meabe

MARTXOAK 14
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Literatur topaketa:
Elvira Sastre
Benjamín Prado

MARTXOAK 15 – BLAS DE OTEROREN EGUNA
19:30 – Bidebarrietako liburutegia
Literatur topaketa:
Pere Gimferrer
Guillermo Carnero
Vicente Molina – Foix
Jenaro Talens
Aurkezlea: Juanjo Lanz

MARTXOAREN 1 – 30
BILBAOPOESIAREN 20 urte erakusketa
Lekua: Metro Bilbao
Zazpi Kaleetako geltokia –Unamunoko irteera

Jarduera guztiek, Xoel Lópezen kontzertuak izan ezik, sarrera librea izango dute, aretoko leku guztiak bete arte.

+ INFO: www.bilbaokultura.eus (Sekzioa: Bidebarrieta Kulturgunea) edo 010 telefono zenbakian.