BILBOKO UDAL BANDAK HAINBAT AGERTOKITARA ERAMANGO DU BERE MUSIKA ASTE NAGUSIAN

Abuztuaren 21etik 28ra, Areatzako Kioskoak urteroko ohiko kontzertuak jasoko ditu eguerdiko 12:00etan Bilboko Bandaren zuzendari titularra den José R. Pascual-Vilaplana eta zuzendariordea den Iñaki Urkizuren eskutik.

Beste urtebetez, Bilboko Udal Musika Bandak musikarekiko duen grina hainbat agertokitan plazaratuko du Bilboko jaietan. Guztira bederatzi izango dira Banda osatzen duten 45 interpretatzaile baino gehiagok eskainiko dituzten kontzertu kopurua Aste Nagusian, zortzi Areatzako Kioskoan eta beste bat Abandoibarran. José R. Pascual-Vilaplana (abuztuak 21, 22, 25 eta 26) zuzendari titularraren eta Iñaki Urkizu (abuztuak 23, 24, 27 eta 28) zuzendariordearen eskutik, Areatzara hurbiltzen diren bilbotar guztiek Bandaren musikaz eta errepertorio aberatsez gozatzeko aukera izango dute.

Aurten ere, aukeratutako programek kantu herrikoiak eta jai-girokoak uztartuko dituzte. Hala, Bandak estilo desberdinetako doinuak interpretatuko ditu besteak beste, zartzuelak, euskal musika, jazza, musika latinoa, pasodobleak, antzerki musikalak, pop-a, soinu bandak edota “Singing in the rain”, “Don´t cry for me Argentina”, “West Side Story”, “Los miserables” eta “American Graphity” bezalako pieza musikalak. Hitzordua, abuztuaren 21etik 28ra izango da, betiko lez, eguerdiko 12:00etan Areatzako Kioskoan.

Abuztuaren 22ko kontzertuan, Bizkaiko Gaiteroetako kide diren Martín Ariztimuño eta Jon Gaminde arituko dira gonbidatu gisa. Euren doinuak Bandaren musikari gehituko zaie kontzertuaren bigarren partean.

Bestalde, Abandoibarra gunean, Bilboko Udal Banda, Jose R. Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean, Urkorekin (Josean Larrañaga) batera izango da Guggenheim
Museoaren zelaigunean abuztuaren 21ean, igandea, 23:30etan “Herrikoi” ikuskizunarekin. Aste Nagusiko kontzertu hau Urkok Euskadin egiten duenetariko bat da eta bere errepertorio zabala errepasatzen du. Maite Maite Maitia, Guk Euskaraz, Kaia barrenian, Pello Joxepe, Iriyarena, Nere Maitiarentzat edo Agur Euskal Herriari bezalako abestiek publikoaren gozamena piztuko dute. Publikoak liburuxka bat izango du “Kantaldian” parte hartu ahal izateko.

Urko, merkatuan disko gehien dituen euskal kantarietako bat da eta osorik euskaraz egindako lan musikal bati emandako lehen urrezko diskoetako bi ditu. Kontzertu honek, nabarmendu egin nahi du Bilboko Udal Musika Bandak duen kalitatea eta profesionaltasuna, eta horretarako, eszenaratzean baliabide tekniko onenez baliatuko dira.

Gogoratu beharra dago ere, egun horietan zehar, abuztuaren 22etik 28ra, Udal Bandak Vista Alegreko zezenketak ere girotuko dituela bere musikarekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.