Larunbatera arte hogeita hamar ikuskizun inguru ikusi ahal izango dira oraindik, horien artean, Arriaga plaza eta Areatzako Kaia hartuko dituzten gaueko ikuskizun ikusgarriak eta konplexutasun tekniko handiena dutenak.
Horrez gain, ikus-entzuleek euskal konpainia hauen azken lanak ikusteko aukera izango dute: Amaia Elizaran, Ganso & Cía, Hika Teatroa eta Oinkari Dantza Taldea, Zo-Zongó!! eta Ertza; azken horrek Kaleko Ikuskizun Onenaren Max saria lortu berri du.
Bilboko Udalak antolatzen duen Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak – BILBOKO KALEALDIAK, Zazpi Kaleen ingurura eramango du gaurtik aurrera ikuskizuna. Bertan hogeita hamar emanaldi inguru ikusi ahal izango dira oraindik larunbatera arte, horien artean jaialdian parte hartzen duten euskal konpainiak eta Arriaga plaza eta Areatzako Kaia hartuko dituzten gaueko ikuskizun ikusgarriak eta konplexutasun tekniko handiena dutenetako batzuk. BILBOKO KALEALDIAren edizio honetan, sei euskal konpainiak euren azken lanak erakutsiko dituzte, gehienek larunbat honetan.
Izan ere, gaur goizean, Pedro Ormazabal BILBOKO KALEALDIAren zuzendariak jaialdiaren lehen partearen balantzea egin du Casilda Iturrizar parkean, Iparraldeko Têtes de Mules konpainiaren ondoan. Karpa baten barruan eskaintzen den talde horren “L’Entresort” ikuskizuna larunbatera arte ikusi ahal izango da.
Ibilbide luzea duen konpainiak, ametsak eta errealitatea nahasten dituen tragikomedia magiko eta groteskoa eskaintzen die Bilboko ikus-entzuleei, ikus-entzule horiek “sideshow” izenekoaren mundu misteriotsura eramanez, hau da, ez ohiko norbait edo zerbait ikusteko sartzen garen lekura, oraingo honetan, zirku garaikideko artista gisa munduko leku guztietara eramaten dituen karpara.
Gaur arratsaldean bertan, 18:00etan eta 21:15ean, Areatzak Ganso & Cía euskal clownaren azken emanaldia jasoko du, “Babo Royal” bere azken lana eskainiko duen bertako eszenako talde klasikoa. Gaur, baita ere, Amaia Elizaranek “Block” aurkeztuko du Arriaga Antzokiaren alboan, elkarren artean kontrajarrita dauden blokeatze indarrak sortuz gorputzaren bitartez erlazionatzen diren bi emakumeren dantza ikuskizuna. Proiektu horrek Bilboko Udalaren partaidetza duen kaleko arteak bultzatzeko Karrikan Plataformaren bigarren laguntza deialdia irabazi du.
Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak eskainiko duten emanaldiak ere dantza osagarri handia izango du. “Sagartu” diziplina anitzeko kaleko ikuskizuna da, zuzeneko musikaz, antzerkiz eta dantzaz osatutakoa, umorez, pozez eta indarrez sagarrak, ez soilik gure herrialdean, Edeneko garaietatik gaur egunera arte izan dituen esanahi guztiak erakutsiko dituena. Hika antzerki taldeak, Oinkari dantza taldearekin batera, dantza eta antzerki jai handia eramango du agertokira, ikus-entzule guztiek bere ikusgarritasunaz eta orijinaltasunaz goza dezaten. Formatu handiko ikuskizuna, artista asko elkartuz agertokian, “Sagartu” bihar, ostiralean, ikusi ahal izango da Areatzako kaian, gaueko 23:30etik aurrera.
Gipuzkoako Ertza konpainiak “Meeting Point” aurkeztuko du ikus-entzuleen aurrean. Dantza garaikide ikuskizun pieza labur horretan dantzaren aurreko grina da nagusi, eta zenbait lengoaia agertzen zaizkigu, break dance-a edo hip-hop-a, besteak beste. Kaleko Ikuskizun Onenaren saria lortu berri du Arte Eszenikoen Max Sarien azken edizioan. Lan hori, kalerako diseinatutako dantza labur bikaina, larunbat honetan, 18:00etan eta 20:15ean ikusi ahal izango da Arriaga Antzokiaren alboan.
Amaitzeko, Zo-Zongó!! Euskal konpainia izango da jaialdiaren aurtengo edizioari amaiera emango diona, larunbat gauerdian, Areatzako Kaian. “Psycho-Clown” musika eta antzerki ikuskizunean, Jokerren aginduetara arituko diren zortzi pailazo zoro hirira helduko dira, dena hankaz gora jartzeko. Perkusioan dago oinarrituta batez ere, zenbait estilo eta erritmo joz. Ezustekoz betetako show-ak zalantza eta nerbio dosi altuak ditu. Hori guztia pirotekniaz eta danborren argien efektuez lagunduta.
BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=TSJtIwTxK2g
+ INFO: http://bilbokokalealdia.eus