BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN–ZINEBIREN 57. EDIZIOAK OHOREZKO MIKELDIA EMANGO DIO JUAN RUIZ ANCHÍA ARGAZKI ZUZENDARIARI, ZINE GARAIKIDEAN EGIN DUEN IBILBIDE LUZEA ETA ZINEARI EGIN DION EKARPEN HANDIA AITORTUZ

Entrega ekitaldia gaur izango da, jaialdiaren inaugurazio galan, Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, ZINEBI 57, gaur arratsaldean abiatuko da, Juan Ruiz Anchía zinegile bilbotarrari –zineko argazkilaria– egingo zaion omenaldiarekin. Ohorezko Mikeldia emango zaio, argazkigintzaren bitartez zinean egin duen ibilbide luzearen nazioarteko dimentsio garrantzitsua eta egin duen ekarpenaren originaltasun artistikoa eta sorkuntzarako askatasuna aitortuz, zine garaikideko film handienetako batzuetan.

Izan ere, Anchíak sortutako argiak eta itzalak, mundu osoko milioika zine zaleturen irudi multzo pertsonalaren eta kolektiboaren parte dira. Saria ZINEBI 57ren inaugurazio ekitaldian entregatuko da. Ohikoa denez, ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian izango da, 20:00etatik aurrera. Juan Ruiz Anchía gaur goizean agertu da komunikabideen aurrean Bilbon, Nekane Alonso Kultura zinegotziak lagunduta.

Juan Ruiz Anchía (Bilbo, 1949) Madrilgo Zinematografia Eskola Ofizialeko kide izan zen, eta bertan beste bi euskal zinegilerekin elkartu zen, Javier Aguirresaroberekin eta Imanol Uriberekin. March Fundazioaren beka batek 1975ean Estatu Batuetara joateko aukera eman zion, eta bertan zuzendu zuen bere lehenengo filma zuzendari gisa, lehenengoa eta bakarra, “Black Modern Art” film labur dokumentala. Urtebete geroago Hollywoodeko American Film Institute (AFI) izenekoan sartu zen, eta bertan Master batekin graduatu zen Ikus Arteetan, eta Argazki Zuzendari titulua lortu zuen. Karrera amaierako “Miss Lonelyhearts” filmak saria lortu zuen Canneseko Zinemaldian.

1981etik, herrialde horretan berrogeita hamar lan baino gehiago eman dituen ibilbide profesional luze eta emankorrean, bere talentua erabili du Estatu Batuetako zuzendari askoren lanei pantailan argiak eta itzalak eskaintzeko, David Mamet (“House of Games”, 1987, “Things Chance”, 1988, eta Spartan, 2004), Hugh Hudson (“Lost Angels”, 1989), Joel Schumacher (“Dying Young”, 1991), Mike Figgis (“Liebestraum”, 1995, eta “Mr. Jones”, 1993), James Foley (“Glengarry Glen Ross”, 1992, eta “Two Bits”, 1995), Bob Rafelson (“No Good Deed”, 2002) edo Luis Mandoki (“Voces inocentes”, 2004).

Halaber, Anchíak aukera izan du Jack Lemmon, Dustin Hoffman, Al Pacino, Sam Sheppard, Joe Mantegna, Julia Roberts eta Nastassia Kinski bezalako antzezleen gorputzak eta aurpegiak argitzeko eta iluntzeko.

Juan Ruiz Anchíak Argazki hoberenaren bi Goya sari irabazi ditu “Mararía” (Antonio Betancor, 1997) eta ” Blackthorn” (Mateo Gil, 2011) lanengatik; horrez gain, Argazki Hoberenaren Saria eta Euskal Zinearen Ama Lur Saria lortu ditu Donostiako Zinemaldian, eta Madrid Imagen Golden Award izenekoa, bere ibilbide osoarengatik.

Gaur egun American Society of Cinematographers (ASC), International Guild of America, Academy of Motion Pictures, Hollywoodeko Academy of Arts and Sciences de, Directors Guild of America eta Asociación Española de Cinematografía (AEC) elkarteetako kide da.