BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAK – ZINEBIK, 48 ORDUTAN ERRODATUTAKO FILM LABURREN ZINEBIEXPRESS LEHIAKETAREN 11. EDIZIOA DEITU DU ASTEBURU HONETARAKO

LARUNBATEAN, azaroaren 3an, irekiko da, partaideen izen ematearekin eta film laburrak egiteko gaiaren azalpenarekin, goizeko 09:30etik 10:30era, Campos Antzokiko atarian. Sarien banaketa ekitaldia AZAROAREN 8an izango da Azkuna Zentroko auditorioan, 20:00etan.

 

Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBIk, 48 ordutan errodatutako film laburren ZINEBIEXPRESS lehiaketaren beste edizio bat deitu du asteburu honetarako. Lehiaketa larunbatean, azaroaren 3an, irekiko da, Campos Antzokiko atarian, ekipoen izen ematearekin, eta une horretan jakinaraziko da lanen gaia, edizio bakoitzean ezezaguna eta desberdina.

ZINEBIk, EHU/UPVko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak eta Arte Ederren Fakultateak, IMVALek, Claro de Lunak, ECPVk eta Tartanga LHIIk antolatzen dute ZINEBIEXPRESS, eta ikasleek, talde teknikoek eta artistikoek parte hartu ahal izango dute. Talde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du. Partaideek datorren larunbatean, eman ahal izango dute izena, goizeko 09:30etik 10:30era, eta talde bakoitzari pendrive bat emango zaio, egindako film laburra gordetzeko eta astelehenean, azaroaren 5ean, 18:30etik 19:30era, entregatzeko antolatzaileei, Campos Antzokiko atarian bertan.

ZINEBIEXPRESS duela hamar urte baino gehiago jarri zen martxan, prestatzen ari diren zinegile gazteen partaidetza sustatzeko eta baita jaialdia bera arlo horretan bultzatzeko eta Bilbo edozein motatako istorioa errodatzeko agertoki gisa sustatzeko ere. Partaideek astelehen arratsaldera arte, 18:30etik 19:30era, izango dute euren lanak aurkezteko epea, eta ostegunean, azaroaren 8an, 20:00etan, banatuko dira sariak, Azkuna Zentroko auditorioan, lehiaketaren finalera heldu diren filmak eskainiz.

Aurkeztutako film laburrak epaimahai independente batek baloratuko ditu, eta hiru sari banatuko dira. Lehen saria 1.000 eurokoa izango da, bigarrena 700 eurokoa, eta hirugarrena, afari bat –AUX Magazinek babestuta–. Epaimahai hori, “El ministerio del tiempo” edo “Águila Roja” serietan eta telebistako zenbait programatan muntatzaile izan den Laura Montesinosek; Zubikarai literatura saria lortu zuen eta “Amek ez dute” bere azken eleberria argitaratu berri duen Katixa Agirre Ikus-entzunezko Komunikazio doktore eta EHU/UPVko irakasleak; eta Itziar Zorita Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu eta Arte Eszenikoetan doktoreak osatuko dute. Azken horrek, EHU/UPVko Ikus-entzunezko Komunikazio saileko irakasle izateaz gain, beste erakunde batzuetarako kultur kudeaketa lanak ere egiten ditu.

Film laburren iraupena, kredituetako tituluak barne, fikzio eta dokumental kategoriatan, gutxienez 2 minutukoa eta gehienez 5 minutukoa izango da. Animaziozko film laburrek, gutxienez 30 segundo iraun beharko dute. Kanpoko irudien %100 Bilboko udalerrian errodatu beharko da, eta, izena emateko egunean proposatzen diren hiru lokalizazioen artetik gutxienez bat barne hartu beharko du.

+ INFO: www.zinebi.eus

PRENTSA BULEGOA
ZINEBI 60
Irma Cerro
T: 94 435 63 30 / 628 538 215
[email protected]