BILBOK, JØRGEN LETH ZINEGILE DANIARRAK ETA OLATZ G. ABRISKETA EUSKAL ANTROPOLOGOAK PILOTALEKUKO EUSKAL KIROLARI BURUZ EGIN DUTEN “PELOTA II” DOKUMENTALAREN ESTREINALDIA JASOKO DU BILBOKO DOKUMENTALEN ETA FILM LABURREN NAZIOARTEKO JAIALDIAREN – ZINEBI 57REN, BARRUAN

Filma larunbatean aurkeztuko da jende aurrean, Guggenheim Museoaren auditorioan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta egile biak bertan egongo dira.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBI 57k, Jörgen Leth zinegile daniar ezagunak eta Olatz González Abrisketa antropologoak zuzendu duten “Pelota II” (2015, 71 min.) dokumentalaren estreinaldia jasoko du larunbatean. Basque Films Bilboko ekoiztetxeak egin duen dokumentalaren estreinaldia Guggenheim Museoaren auditorioan izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta egile biak bertan egongo dira.

Dokumentala gaur goizean aurkeztu da Bilbon, eta bertan egon dira bi egileak eta Carlos Juárez ekoizlea, Ernesto del Ríok, Zinebi 57ko zuzendariak, lagunduta.

Jørgen Lethek 60ko hamarkadaren bukaeran ikusi zuen lehen aldiz euskal pilota partidu bat, eta 1983an “Pelota” errodatu zuen, beretzat erreferentzia antropologikoz eta kulturalez beteta zegoen pilotalekuetako munduari eta pilotariei buruzko dokumental ezaguna. 2000. urtean, gai berari buruzko ikerketa lan batean sartuta zegoen Olatz González Abrisketa euskal antropologoak film horri buruzko aipamen bat aurkitu zuen hemeroteka batean. Bien artean, gaur egun ere jarraitzen duen adiskidetasun harremana sortu zen, eta Lethen lehenengo “Pelota” hura egin eta hiru hamarkada geroago, antzinako kutsua duen joko horri buruzko beste ikuspegi bat, bigarren parte gisa, landu dute.

“Pelota II” esku pilota euskal kirolari buruzko film dokumentala da, eta pilotariaren eta pilotaren arteko harremanean zentratzen da. Protagonistek norgehiagokarako pilota egokiak aurkitzeko egiten duten bilaketa prozesu obsesiboari jarraipena eginez, filma, modernotasunak bere grina existentzialetik urrundu ez duen herrialdean murgiltzen da. Objektu txiki batek kezkaz beteta du kirol horretako enpresa egitura osoa, arrazionaltasun teknikoak bizitzaren eta jokoaren esanahiarekin ez duela inolako zerikusirik erakutsiz, biak ere kontrolaezinak eta aurreikustezinak baitira.

“Pelota” egin eta hogeita hamar urte geroago Jørgen Leth Euskal Herrira itzuli da, pilota jokoari buruzko beste dokumental bat grabatzeko, oraingo honetan Olatz González Abrisketarekin batera. Olatzek, Lethek ahaztu egin zuen zerbait azpimarratu nahi du, hau da, “Pilota izaki bizia dela. Bakoitza besteetatik desberdina da, eta behar bezala entzun behar zaie, bakoitza ezagutzeko”. Pilotaren izaera ezagutzeko lilura hori da “Pelota II” posible egiten duena.

Olatz González Abrisketa antropologoa eta UPV/EHU-ko irakaslea da. 2005ean “Pelota vasca: un ritual, una estética” lana argitaratu zuen, eta 2012an lan hori Estatu Batuetan kaleratu zen. Horrez gain ikus-entzuneko hainbat material egin ditu, eta horien artean hiru dokumental azpimarratu behar dira.

Nazioartean ibilbide luzea eta arrakastatsua izan duen JØrgen Leth (Aarhus, 1937) poeta eta zinegile daniarrak 15 liburu idatzi eta berrogeita hamar film inguru egin ditu. Zine dokumentalaren ezinbesteko erreferentea izanik, berari buruzko 20 atzera-begirako baino gehiago egin dira mundu osoan, eta bere filmografia osoa DVD-an argitaratu du Danish Film Institute erakundeak. Erakunde berak monografiko bat eskaini zion 2002an New Yorken egin zitzaion atzera begirakoa zela eta. 1983an, nazioarteko hainbat sari, horien artean Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren, ZINEBIren, Sari Nagusia, jaso zituen “Pelota” zuzendu zuen.