BILBOK BILBOARGAZKIREN XI. EDIZIOA JASOKO DU AZAROAREN AMAIERARA ARTE, PROFESIONAL OSPETSUEN BEDERATZI ARGAZKI ERAKUSKETAREKIN, HITZALDIEKIN ETA TAILERREKIN

Bilboko Udalaren laguntza duen ekimena Euskal Herriko Argazkigintza Elkarteen Federazioak sustatu eta BBKk babesten du.

Ikusleek, Asier Garagarza edo Javier Alonso Torre euskal argazkilari ezagunen lan batzuetara hurbiltzeko aukera izango dute, eta baita Li Yaping eta Wang Yanrong artista txinatarren edo Alacanteko Juan Pablo de Miguel argazkilari ospetsuaren lanetara ere.

Bilboargazkik, gonbidatutako argazkilari askoren presentzia izango du, eta horiek hitzaldiak eta tailerrak ere emango dituzte. Horrez gain, urriaren 29an, 8 eta 13 urte arteko ikasleei zuzendutako ohiko argazki irteera ere egingo da.

Hainbat estilo eta gai lantzen dituzten bederatzi argazki erakusketa bisitatu ahal izango dira hiriko zenbait lekutan azaroaren amaierara arte, BILBOARGAZKIren hamaikagarren edizioaren barruan. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak bultzatzen duen eta BBKk laguntzen duen ekimenak Bilboko Udalaren laguntza ere badu. Gure hiria argazkigintza zaleentzat erreferente bilakatzea bilatzen duen programa, gonbidatutako artistetako batzuek eskainiko dituzten sei hitzaldirekin eta hiru tailerrekin osatuko da.

Izan ere, beste urte batez, programatutako egileetako asko hirira etorriko dira, horien artean nazioarte mailan ezagunak diren profesionalak, bidaien eta arkitekturaren argazkigintzan espezializatuta dagoen Alacanteko Juan Pablo de Miguel, hegaztien argazkietan espezializatuta dauden Li Yaping eta Wang Yanrong txinatarrak, eta baita ibilbide luzea duten euskal argazkilari batzuk ere, Asier Garagarza –2017ko euskal argazkilari hoberena–, Javier Alonso Torre edo José Luis Rámirez, besteak beste. Azken horrek 40 urte eman ditu Bilboko eraldaketaren argazkiak ateratzen, eta orain denbora gutxi bere lan handia Bizkaiko Foru Artxibategiaren esku utzi du.

Ikusleek Hiriko ohiko guneetan gozatu ahal izango dute arte unibertsal horretaz: Abando – Barrainkuako eta Burtsako udaltegietan, UPV/EHUko Paraninfoan eta Erakusketa Aretoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Ondare Aretoan, Espacio de Los Mundosen, Café Iruñan, FNAC aretoan.

BILBOARGAZKI 2017ko programazioa gaur goizean aurkeztu da BBK Aretoan. Bertan Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia; Juan Armentia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea; eta Leire Aragón BBKko Gizarte Laneko zuzendaria egon dira.

BILBOARGAZKI, beste ezer baino gehiago, argazkigintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ikusgarriez gozatzeko modua da, programatutako erakusketetan izango dugun erreferentzia estetiko eta eduki aniztasun handia dela eta. Oraingo honetan, hainbat estilotako bederatzi erakusketa dira, naturaren argazkien presentzia azpimarragarriarekin, baina baita argazkigintza sozialagoa ere, 2011n hil zen Jesús Jaime Mota argazkilariak Afrikan egin zuen lana gogoraraziko duen “Rostros” erakusketan ikusi ahal izango dena, besteak beste.

ERAKUSKETAK
BILBOARGAZKIren edizio honetan programatutako erakusketa gehienek datorren astean irekiko dituzte ateak. Hori da hilaren amaierara arte Espacio de los Mundosen bisitatu ahal izango den Li Yaping eta Wang Yanrong artista txinatarren “Flower and birds” erakusketaren kasua. Munduan 9.000 hegazti mota baino gehiago daude. Horietatik 1.260 barietate ikusi dira Txinan, mundu osoan hegazti mota gehien duen herrialdeetako batean. Naturako argazkigintzan espezializatuta dauden bi argazkilariak, hegazti horiek euren kameratan harrapatzeko lanean ari dira.

“Florida: Paraíso natural” erakusketari dagokionez, naturako argazkiak egiteko zaletasuna duten María José Basoain eta Santiago Esparza argazkilari nafarrek egin dute. 2009an hasi zen eta bidaia askotan osatuz joan den oso lan zabala eta anitza den arren, Expodistriton ikusi ahal izango den erakusketak, benetako paradisu naturala den Floridako hegazti batzuen argazkien aukeraketa biltzen du, koartzatxo handiarenak eta mokozabal arrosarenak, besteak beste. “Florida: Paraíso natural” erakusketa Abando – Barrainkuako udaltegian (Barrainkua kalea, 5) egongo da urriaren 2tik 30era. Erakusketaren inaugurazio ofiziala urriaren 17an izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta egileak bertan egongo dira.

Urri osoan, baita ere, ikusleek Nai Gallego euskal argazkilari gaztearen lana ezagutzeko aukera izango dute, etorkizun handiko gazteentzat erreserbatutako espazioan. Erakusketaren oinarria naturaren argazkigintza da, emakumearen irudiarekin uztartuta. Horrela, artistak lau elementuak, ura, lurra, airea eta sua, erabiltzen ditu ama lurraren eta emakumearen arteko erlazioa modu onirikoan irudikatzeko. “Naturaleza onírica” erakusketa hilaren amaierara arte egongo da Café Iruñan (Colón de Larreategui kalea, 13).

Urriko bigarren hamabostaldian ikusleek, Urteko Euskal Argazkilari Hoberenaren aintzatespena jaso duen Asier Garagarzaren “Uneak” erakusketa bisitatu ahal izango dute. Abstrakzioa edo pertsonak protagonista diren argazkiak atsegin ditu. Erakusketak, azken urte hauetan, hainbat egoeratan eta diziplinatan bere begiradaren bitartez jaso dituen uneen bilduma jasotzen du. Urriaren 16tik 31ra Burtsako Udaltegian zabalik egongo den erakusketa urriaren 23an inauguratuko da modu ofizialean, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea bertan egongo da.

Urriaren 4tik aurrera Alacanteko Juan Pablo de Miguelen “Sin dimensión” erakusketa bisitatu ahal izango da FNACeko erakusketa aretoan. Bidaia, argitaletxe eta paisaia artistiko argazkigintzan espezializatuta dago, eta azken urteeetan nazioarteko hainbat sari irabazi ditu, Epson International Pano Awards izenekoan zenbait domina, 2015ean eta 2016an 101 “The Landscape Photographer of the Year” izenekoen artean egon da, eta ohorezko aipamen zenbaezinak jaso ditu paisaia eta arkitektura argazkiei esker. Izan ere, bere lana mundu osoko argitalpenen azaletan eta aldizkarietan ikus daitezke, GEOn, Digital Photographer-en edo Digital Photo-n, besteak beste, eta baita argitalpen digital eta bidaiatzeko gida askotan ere. Zuri-beltzeko serie baten bitartez, “Sin dimensión” erakusketak, hirian integratuta dauden eraikuntza konplexuen izaera ez hain hiritarra jasotzen du. Prestakuntza zale amorratua, zuri beltzezko arkitektura argazkigintzako prozesatu aurreratuari eta paisaia argazkigintzari buruzko tailerrak ematen ditu.

Banakako erakusketen artean Javier Alonso Torre eta José Luis Ramírez euskal argazkilarien erakusketak ere egongo dira. Lehenengoa Barakaldon jaio zen, eta bere argazkiak National Geografic Viajes, Visión Salvaje, Iris edo Hola Viajes aldizkarietan argitaratu dituen naturaren argazkilaria da. “Susurros de la naturaleza” urri osoan egongo da UPV/EHUko Erakusketa Aretoan (Espainiako Bankua kalea). Erakusketak, euren edertasunarengatik deigarriak diren arren, eguneroko jardunean ziurrenez ikusi ere ez genituzkeen zenbait txoko biltzen ditu. Kalitate handiko irudiek, proiektua osatzen duen liburutik ateratako testuen laguntza dute.

Luis Ramírez (1935) argazkilariari dagokionez, ingeniari industriala da lanbidez, eta lanbide horretan, ikerketaren eta eraikuntza eta estruktura espezialitateetako irakaskuntzaren artean partekatutako lana egin du, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan. Argazkigintzaren amateurra oso gaztetatik, modu iraunkorrean aritu da mundu horretan 1969tik aurrera, berrogeita hamar sari baino gehiago jasoz eta berak bakarrik eta beste batzuekin batera egindako erakusketa ugaritan parte hartuz. Urriaren 2tik 30era Ondare Aretoan (María Díaz de Haro, 11) bisitatu ahal izango den “Paisajes transformados” erakusketa, joan den mendeko 70eko hamarkadatik Bilbo eta bere ingurunea jaso dituen eta orain denbora gutxi bere lan osoa Bizkaiko Foru Artxibategiari eman dion ingeniari eta argazkilari horren lana ezagutzeko aukera da. Ondare Aretoan erakusten den lanak, hiriko paisaiak lau hamarkada hauetan izan duen eraldaketa irudikatzen du.

Horrez gain, Bilboargazkiko edizio honek, 2011n hil zen Jesús Jaime Mota Malagako artistari eskainitako erakusketa ere programatu du. Afrikako edo Asiako lanek markatu dute argazkilariak objektiboaren atzean egin duen ibilbidea. Izan ere, “Rostros” izeneko erakusketa, 1994tik 2011ra Tanzaniara, Kenyara, Gambiara, Indiara edo Thailandiara egindako bisitetan aurkitu zituen pertsonaia berezienen irudiz dago osatuta, eta irudi horiek izen bereko liburua ere bultzatu dute. Erakusketa, UPV/EHUko Paraninfoko Etxepare – Bizkaia Aretoan egongo da, ostegun honetatik, irailaren 28tik, urriaren 15era. Bilboargazkik, programaren lehenengo edizioetatik behin eta berriro bertan parte hartu duen argazkilari handia omendu nahi du erakusketa horren bitartez.

Programazioa, 2017ko Argizaiola Sariko lan hoberenak biltzen dituen talde erakusketarekin osatuko da. Horrela, urriaren 2tik hilabetea amaitu arte, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6), Euskadiko argazki lehiaketa beteranoetako batera aurkeztutako lanen aukeraketa jasoko du. Erakusketak Asier Garagarzaren argazki irabazlea eta accesitak (Xabier Mata eta Andrés Indurain) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzuekin batera. Erakusketa urriaren 19an inauguratuko da, arratsaldeko 19:30ean, eta irabazleak bertan egongo dira. Horrez gain, aurtengo berrikuntza gisa, Bilbo – Berastegi metro geltokiak erakusketa horri buruzko informazioa eskainiko duten bost panel erakutsiko ditu.

HITZALDIAK ETA TAILERRAK
Argazki erakusketekin batera, eta jada ohikoa denez, BILBOARGAZKIren programazioa hitzaldi zikloarekin eta hiru argazkigintza tailerrekin osatuko da. Horrela, argazkigintza zaleek esperientziak trukatzeko eta prestatzeko aukera izango dute, edizio honetan parte hartzen duten profesionaletako batzuen eskutik.

Ezaugarri aurreratuagoak dituzten tailerrak artista gonbidatuetako bik emango dituzte. Horrela, urriaren 7an, 8an Javier Alonso Torrek argazki irteera bat gidatuko du, hasi berria izango den udazkeneko gure naturari argazkiak ateratzeko, Altube eta Barazar inguruan eta egunsentiari kostaldean. Juan Pablo de Miguelek, bere aldetik, Photoshop programa erabiliz zuri-beltzezko arkitekturaren argazki prozesatuan zentratuko den tailerra eskainiko du urriaren 21ean.

Azkenik, eta aurreko edizioetan izan duten harrera bikaina ikusita, aurten ere umeei (8 eta 13 urte artekoak, bakoitzak bere kamera eraman beharko du) zuzendutako hastapeneko argazkigintza ikastaroa errepikatuko da. Jarduera urriaren 29an, igandean, izango da, goizeko 10:30etik aurrera, Azkuna Zentroan, eta argazkiak egiteko inguruetara egingo den irteera bat ere sartuko da. Ondoren, ateratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira. Izen ematea doakoa izango da www.bilboargazki.com webgunearen bitartez (plaza mugatuak).